Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Jakiontzi osasungarria

Etxetik jakiontzia eramatea gero eta ohikoagoa da otorduak kanpoan egin behar dituztenen artean, eta elikadura orekatu eta osasungarria egiteko modu ona da

  Ez da sistema berria, ez sofistikazio handikoa ere, eta teknologia berri-berririk ere ez du eskatzen. Garai batean zakutoarekin ibiltzen zen jendea, eta gaur ere bai asko, nahiz eta egungoak eta ordukoak ez izan berdin-berdinak; propio horretarako prestatuta dauden ontziak erabiltzen dira orain, jakiontziak edo tupperware delakoak, eta ohitura hori berriz indartzen ari dela dirudi. Menu askotarikoak eskaintzen dituzte egunero jatetxeek eta lantegietako eta unibertsitateetako jantokiek, baina jende askok nahiago du etxetik zakutoarekin atera, gazteek eta ikasleek, batik bat. Izan daiteke etxeko jakiak parekorik ez duelako, edo noiznahi eta nonahi jan daitekeelako, orduari eta lekuari lotuta ibili beharrik gabe, edo egoera ekonomiko honetan beste zaku bati, diruarenari, erreparatu behar zaiolako. Arrazoia bat izan edo bestea, jendea horretara jartzen ari da, gero eta gehiago. Diru gutxirekin gauzak asko errazteko modua da, eta, hori gutxi balitz bezala, modu osasungarrian jateko aukera ere bai. Ona eta merkea, alegia.

Baina ona izateko, jakina, gauzak ongi egin behar dira, eta askotan, presa dela, elikadura-ohitura desegokiak direla eta asperdura dela, gauza frijitu gehiegi jateko arriskua dago, edo kontserbak, edo jaki aurrez prestatuak, edo gantz saturatu ugari dituzten elikagaiak edo kaloria ugarikoak. Beste muturra ere ez da guztiz egokia: alegia, egunero entsalada eta pasta jaten ibiltzea, nahiz eta era askotara prestatu. EROSKI CONSUMER aldizkariko elikadura-adituek esaten dutenez, beti-betiko errezetetara jotzea litzateke egokiena: dilistak, babarrunak, garbantzuak, barazki egosiak, arroza... Plater zaporetsu eta osasungarriak prestatzea da kontua, elikadura-orekari eusten lagunduko diguten platerak.

Janari birberotua, zaporetsua eta elikagarria

Dieta orekatuak lau osagai izaten ditu oinarrian: barazki eta ortuariak, fekulak, elikagai proteinadunak eta esneki edo frutak postrerako. Horiek emango dizkigute egunero behar ditugun elikagaiak, eta horiekin jokatzen asmatu beharra dago. Egunean behar izaten dugun energiaren % 30-35 eman behar luke eguerdiko otorduak, eta horixe sartzea komeni da jakiontzian. Dena nahasian joan daiteke, edo jaki mota bakoitza bereiz jar dezakegu, baina ez da komeni ontzia handi-handia izatea; hobe da jakiontzi ertainak erabiltzea, errazioak ere bat etor daitezen otordu orekatutzat jotzen denarekin: 125 gramo haragi edo 150 gramo arrain; 150 gramo lekale, arroz edo pasta egosi; 200-250 gramo patata; eta 150-200 gramo barazki edo entsalada.

Egunero zer jaten dugun zaindu behar dugu, baina egunekoari ez ezik, aste osokoari ere erreparatu behar diogu, eta horren arabera antolatu otorduak. Elikagaiak txandakatzea eta maiztasun jakinarekin jatea funtsezkoa baita ongi jateko eta gorputz-pisu egokia edukitzeko.

Plater bakarra

 Otordua jakiontzian eramaten duten gehienek plater bakarra egiten dute. Eta nola bildu, plater bakarrean, beharrezko zaizkigun elikagai guztiak? Haragia edo arraina jar liteke (proteina-iturri dira), barazkiz hornituta (bitaminak, mineralak eta zuntza ematen dituzte), eta, azkenik, karbohidratoz osatzeko, ogia, arroza, pasta, patata edo lekaleak jar daitezke. Barazki-menestra bat prestatzea izan liteke aukera bat, plater bakarrean otordu orekatu samarra egiteko; edo arraina patatekin, edo oilasko eta perretxiko fideua bat, edo arroz- eta haragi-entsalada. Plater bakarra egiteko asmoa badugu, jaki horiek guztiak ontzi berean gorde behar dira, baina, bestela, bakoitza ontzi batean sartzea komeni da, usainak eta zaporeak ez nahasteko.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto