Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Jolasguneen segurtasuna ona izan da, baina bada zer hobetu
Gora, behera, gora, behera... Haur-parkeek itxura futurista hartu dute azken urteotan, eta diseinu ausarteko tresnak ageri dira han eta hemen. Funtsean, dena den, lehengo gauza bera egiten da parkeetan, gora eta behera ibili, zabuetan, txirristan, eta abarretan. Haurrek ez dute arriskurik ikusten maiz, eta ziztuan ibiltzen dira, orain erdi zutik, orain eserita, erori beharrean... Gurasoek ikara bat baino gehiago hartzen dute, eta haurrek, makina bat kolpe; hori dela eta, jolasgune horiek baldintza onetan egon behar dute. EROSKI CONSUMER aldizkariak haur-parkeen egoera aztertu du, eta azterketa justu-justuan gainditu dutela azpimarratu behar da. Emaitza 'onargarria' baino ez dute lortu, orain dela bost urte egin genuen azterketan bezalaxe. Gauza batzuk hobetu direla antzeman dugu, baina ez behar adina. Hiru jolas-tresnatatik bat ez da egon behar bezala zaindua (horrek arriskuan jartzen ditu haurrak), eta jolasguneen erdietan ez da ageri inolako kartelik, erabiltzaileak jakin dezan tresna bakoitza zer adinetako haurrentzat den. Horra hor emaitza apalaren arrazoietako batzuk. Segurtasunaren alorrean, hobera egin dute gehienek: hamar gunetatik zazpik kautxu birziklatua eduki dute zoruan, eta guneen % 84 hesituta egon dira.
EROSKI CONSUMER 18 hiritan ibili da, eta 132 jolasgune publikotako 739 tresna aztertu ditu urtarril bukaeratik otsail hasiera bitarte. Honako hiri hauetan, hain zuzen: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Cadiz, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. 40 kulunka-tresna, 50 txirrista, jolas anitzeko 129 tresna, 254 zabu-jarleku eta 262 malguki aztertu ditugu, eta alderdi hauei erreparatu diegu; segurtasuna, zainketa, informazioa eta irispideak. Jolasgune horien erdiak hirigunean egon dira, eta beste erdiak, aldirietan edo erdialdetik kanpoko auzoetan. Era berean, udalei informazioa eskatu diegu, eta galdetu ea zenbat haur-parke dituzten eta zer aurrekontu jartzen duten horiek zaintzeko.
Emaitzarik onena lortu duten haur-parkeak honako hiri hauetakoak izan dira (emaitza 'ona' eskuratu dute): Cadiz, Bartzelona, Kordoba, Gasteiz, Iruñea eta Granada. Bilbo, Madril, Murtzia, Donostia, Valentzia, Zaragoza, A Coruña, Alacant eta Malaga maila 'onargarrian' geratu dira. Azterketa gainditu gabe gelditu dira, berriz, Oviedo, Sevilla eta Valladolid ('hala-holako' emaitza izan dute).
Haur-parkeak oso erakargarriak dira neska-mutilentzat, jolasa eta arriskua biak biltzen dituzte eta. Haurrak, ordea, ez dira jabetzen egiaz zenbateko arriskua dagoen. Hori dela eta, gune horiek ongi zaintzea eta segurtasun-arauak betetzea bezain garrantzitsua da gurasoek haurrak ongi heztea eta erakustea nola jokatu behar duten jolasguneetan:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa