Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Internet, sakelan

Gero eta erosoagoak eta errazagoak izan daitezela eskatzen diegu komunikazio-bideei, Sarera nonahitik lotzeko modua eman dezatela; orain, sakelako telefonotik bertatik sar daiteke Internetera

  Musika entzuteko gailuak belarrietan jarri, eta kalean beste inor ez balego bezala joan ohi dira nerabe, gazte eta helduak, bere baitara bilduak. Musikari edo irratiari emana egoten da horien gogoa, MP3 entzungailuari lotua. Ohartu orduko, ordea, oinezko horiei ere aurrea hartu diete beste batzuek teknologia mugikorraren lasterketa horretan: sakelako telefonotik Sarera konektatu ohi dira orain oinezkoak eta metro- eta autobus-erabiltzaileak.

Horiek ere bere baitara bilduak joan ohi dira, baina belarriak baino gehiago, begiak eraman ohi dituzte gailuari lotuta: posta elektronikoari begiratu bat eman, sareko albisteak irakurri, gizarte-sareetarako zerbait idatzi... Ez dute ordenagailuaren beharrik nonahitik eta noiznahi Internetera sartzeko; sakelan bertan daramate Internet.

Sakelako aski hornituak

Komunikazio mugikorraren eredua aldatzen ari da. Sail horretako gailuek sarean nabigatu ahal izateko modua eman behar dute egun, eta web orriak ikusteko aukera ere bai. Smartphones izena eman diete ingelesez, telefono adimendunak, hain zuzen. Besteak beste, informatika-aplikazioak erabiltzeko gaitasuna daukate, eta horiei esker, ugaritu egiten dituzte euren funtzioak. Sortzaile independenteek egin dituzte aplikazio edo programa horiek, eta erabiltzaileen eskura jartzen dituzte telefono-ekoizleek (Interneten dauzkaten dendetatik jaits daitezke gailuetara).

Ekoizle bakoitzak bere denda dauka, eta askotariko aplikazioak eskaintzen ditu, batzuk doan eta beste batzuk ordainduta; horien bidez, telefono ez ezik, ordenagailu ere badira sakelakoak. Egutegiak, posta elektronikoa kudeatzeko baliabideak, eguraldiaren iragarpena, erretzeari uzteko edo osasuna kontrolatzeko bitartekoak, Twitter eta Facebook gizarte-sareetako orrialdeetan barrena ibiltzeko programak... milaka aplikazio daude. Eta Apple etxeko iPhone ospetsuari buruz hitz egingo bagenu, ehunka mila daudela esan beharko genuke.

Era guztietako tresna teknologikoak biltzen dira sakelakoan, eta ia zernahitarako erabil liteke: bideoak grabatzen eta erakusten ditu, abestiak gorde eta entzun daitezke, dokumentuak irakurri eta idazteko aukera ematen du, hitzorduen eta mandatuen oharrak egiten ditu, posta elektronikoa ikus daiteke, argazkiak ateratzen ditu, irratia entzun liteke eta erabiltzailea gidatu ere egiten du, gailu gehienek GPSa ere eduki ohi dute eta.

Laster, beraz (bost urte barru edo), sakelakoak ez dira izango nagusiki telefonotik hitz egiteko gailuak; hainbat aukeraren artean, beste bat gehiago izango da telefono gisa erabili ahal izatea. Egia esan, zenbait erabiltzailerentzat jada etorri da aldaketa hori: Blackberry eta iPhone erako smartphone-ak dituztenak dira horren erakusgarri, edo Android sistema eragilearekin dabiltzan telefonoen jabeak (Google-k sortua da).

Denbora errealean geokokatu

Erabiltzailearen kokapenarekin zerikusia duten aplikazioei esker, zehatz-mehatz non gauden esango digu sakelakoak, eta Sareak leku horri buruz eskaintzen dizkigun datuez baliatu ahal izango gara. Horretarako, jakina, GPS nabigatzailea eduki behar du gailuak. Behin kokapena ongi finkatuta, inguruan zer zerbitzu ditugun jakingo genuke: botikak, jatetxeak, arropa dendak, museoak, metro geltokiak, eta abar.

Geokokapena esaten zaio horri, eta zerbitzuen berri emateko ez ezik, publizitatea egiteko ere oso baliagarria izan liteke (negozio-iturri, alegia), eskaintzak taldekatu egin baitaitezke: erabiltzailea non dagoen, hango eskaintzen iragarkiak helarazi. Arropa denda baten aurretik pasatzen ari bagara, adibidez, barruan zer eskaintza aurkituko dituen jakingo genuke.

Eta telefonoari iparrorratza eransten diotenean, ia-ia zientzia fikzioaren esparruan barneratuko gara, errealitatea hedatu egingo bailuke horrek. Smartphone edo telefono adimendunaren kamera norabait begira jarri, eta iparrorratzak, ipar magnetikoa non den antzemango du, GPSak kokapena finkatuko du eta Sareak toki horri atxikita dagoen informazioa emango du: hotelak, museoak, jatetxeak... Iparrorratza beste norabait zuzentzen badugu, jomuga berriari buruzko informazioa agertuko da pantailan.

4G-rako bidea, zaila

Ezin da ukatu funtzio ugari eskaintzen dituztela gailu horiek, baina sakelakotik Internetera sartzeko bidean, urrats asko egin behar dira aukera hori denen eskura egon dadin. Smartphone direlakoak oso garestiak dira gaur-gaurkoz, eta ezin da ahaztu bitarteko horiek, batik bat, gazteak erakartzeko sortuak direla. Smartphone merkeenak 300-400 euroren bueltan dabiltza, eta garestienak 700 euro inguru balio du (kontratua eginez gero, askoz merkeago lor daitezke).

Telefono operadoreek gero eta merkeago eskaintzen dituzte Sarera sartzeko tarifak. Eskaintzak aldatu egiten dira konpainia batetik bestera, baina hilean 12 eta 20 euroren artean dabiltza gehienak. Edozein konpainiarekin zerbait hitzartu nahi badugu, hala ere, arreta handiz irakurri behar da kontratuan ageri den letra txikia, askok eta askok mugatu egiten baitute hilabetean jaits daitekeen datu kopurua. Eta norbaitek kopuru hori gainditzen duenean, gutxitu egiten diote sartzeko abiadura, edo gehigarri bat kobratzen diote jaitsi duen megabyte bakoitzeko. Atzerriko tarifak oso garestiak izaten dira, eta ez da komeni sakelakoarekin Internetera sartzea.

Konpainiek gero eta banda zabalera handiagoa eskaintzen dute bai datuak bidaltzeko eta bai jasotzeko. 4G motako sareetan dago etorkizuna, edo LTE izenekoetan; horiekin, telefonoa Sarera konektatuta egongo da une oroz, ez erabiltzaileak eskatzen duenean soilik, eta 100 megabyteko banda zabalera edukiko dute segundoan. Teknologia hori ez dute berehalakoan erabili ahal izango Espainian, inbertsio handiak egin behar baitituzte azpiegituretan. Eskandinaviako zenbait herrialdetan hasiak dira erabiltzen, Norvegian eta Suedian, esaterako, baina Espainian nagusi diren konpainien ustez (Telefónica, Vodafone eta Orange), oraingoz ez da errentagarria.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto