Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Frutak, barazkiak eta arraina, haurrentzat hirukote bikaina

Haurrek elikadura-ohitura osasungarriak ikas ditzaten, helduek hartu behar dute erakusteko ardura: etxean gurasoek eta eskolako jantokian, hezitzaile eta profesionalek

  "Ama asko ahalegindu zen denetik jan nezan, eta behin eta berriz azpimarratzen zidan oso garrantzitsua zela ongi jatea. Beti eskertuko diot hori egin izana". Esker oneko seme-alaben hitzak dira horiek, eta txanponaren alde bat erakusten dute, alde ona. Baina txanponak badu beste alde bat ere... Hainbat jendek platerean uzten du jatekoaren erdia, eta inork zerbait galdetuz gero, nola edo hala zuritzen dute bere burua: "Barazkiekin sekula ez naiz ongi moldatu eta...", edo "nik haragia bai, baina arraina...".

Elikadura-ohituren gaia garrantzitsua da oso, eta osasunari lotu-lotua dagoela nabarmentzen dute espezialistek, batik bat gizentasun-arazoei eta bihotz-hodietako eritasunei. Ohitura horiek, jakina, txiki-txikitatik ikasten dira, etxetik bertatik hasita. Haurren jokabidea askotarikoa izan daiteke mahaian, denek ez dute berdin jokatzen, baina zertara ohitzen diren, hartara joko dute beti. Haragia eta patata frijituak nahi adina jan eta barazkiak ukitu ere ez badituzte egiten, edo tomatez eta gaztaz egindako pasta begiekin jaten badute baina dilistak ikusi ere egin nahi ez badituzte, edo arraina erdi muzinka jaten badute (espinakarik ez badu eta zapore leuna), edo esnekiak, gozoak, opilak, frijituak ahoa zabalik hartzen badituzte baina fruta ikusi orduko ezpain bihurrika hasten badira...

Zenbaitek esan lezake topikoak baino ez direla horiek, baina elikadura-adituek, jantokietako hezitzaile eta profesionalek eta guraso askok badakite haurrek gaizki jaten dutela. Arrazoi eta azalpen bat baino gehiago izango dira hori hala gerta dadin, baina osasunari kalte handia egiten dio. Espainian, 6 eta 12 urte bitarteko sei haurretatik bat gizena dago, eta 24 urtez azpiko lautatik batek komeni baino pisu gehiago du. Europako herrialdeen artean, Espainiak du tasarik handienetakoa haur-gizentasunean. Zergatia? Gantz ugari duten elikagai asko jaten dituztelako eta gozoak ere bai, eta, aldiz, fruta, arraina eta barazkiak ez dituztelako maite beste horiek adina. Gaur egungo haurrak, gainera, egonzaleagoak dira aurreko belaunaldietakoak baino (Internetek badu zerikusia horretan, gizarte-sareetan parte hartzeko joera gero eta hedatuagoak, besteak beste, eta bideo-jokoek ere bai), eta ariketa fisikoa ere gutxi egiten dute. Osagai horiek guztiak elkartuta, nekez eduki lezake inork osasun ona, eta haurrek eta gazteek ere ez.

Irtenbidea

  Otordua une atsegina izaten da haurrentzat, baldin eta eurei gustatzen zaien zerbait prestatu badiete. Baina zer egin daiteke ongi jaten ikas dezaten eta hain gustuko ez duten hori janez ere goza dezaten, edo batere maite ez dutena gogo onez jan dezaten? Saria ematea ez da metodo batere ona. Zerbait jatearen truke saria eskaintzea, postre berezia edo litxarreriak, adibidez, ez da aukera egokia. Surrey-ko Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Galesko Unibertsitatean haur-elikaduraren arloan ari diren adituek ikerketa batean nabarmendu dutenez, elikagai jakin batzuekin saritzeko sistema horrek areagotu egin dezake haurrek postreentzat eta gozoentzat daukaten zaletasuna; bi jaki elkarri lotuta eskaintzen zaizkienean, sari moduan datorren hori onesten dute gehien, eta ez sarirako bidea eman diena. Beste zenbait espezialistak, berriz, ontzat jotzen dute batzuetan sariak erabiltzea elikadura-ohiturak hobetzeko eta moldatzeko, baina horien esanetan ere, ez lirateke eman behar jakiak sari moduan; jan nahi ez duten hori jaten dutenean, egokiago jotzen dute haurrei hitzezko sariak ematea ("oso pozik gaude zurekin", "asko ikasten ari zara"), edo jostailu txikiak (itsasgarriak, koloreetako arkatzak...).

Etxean eta eskolan behin eta berriz azpimarratu behar da oso garrantzitsua dela elikadura-ohitura osasungarriak hartzea, eta horrekin batera, menu orekatuak eta egoki aurkeztuak eskaini behar zaizkie egunero. Horixe da modurik onena haurrek denetik jaten ikas dezaten, eta gogo onez egin dezaten.

Etxeak behar du eredu

Gurasoek zer jaten duten, haurrek ere horixe jaten ikasten dute, haiei begira. Haurrak gaizki jaten badu, etxean elikadura-ohitura desegokiak ikasi dituelako izango da neurri handian, eta otorduei ez zaielako eman berez duten garrantzia. Horrexegatik, funtsezkoa da gurasoek, aitona-amonek eta hezitzaileek azter dezatela zenbaterainoko erantzukizuna duten haurrak elikadura-ohitura desegokiak eduki ditzan; euren eguneroko jokabideek eta egunero haurrari irakasteko erabili duten diziplinak, denborak eta moduak zenbateraino izan diren egokiak. Elikadura-ohiturak ikasi egiten dira, eta gurasoen lana da etxean erakustea eta hezitzaile eta profesionalena eskolako jantokian egitea. Otorduek, dena den, une atseginak izan behar dute, eta hori ez da ahaztu behar. Eta, bide batez, helduek ere hobekixeago jaten ikasten badute, harri batekin bi kolpe!

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto