Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Gatzaren 'larria'

Gatz gehiegirekin janez gero, handitu egiten da eritasun batzuk sortzeko arriskua: arteria-hipertentsioa, garuneko iskemia eta bihotzekoa, besteak beste

  Gatza eta piperra behar omen ditu bizitzak, baina sukaldean, gatza bihurtu da bizigarri nagusia, piperra, espeziak edo usain-belarrak baino gehiago. Entsalada gatzozpintzeko, xerrari zapore gehixeago emateko, jaki erregosiari ukitu bixi hori emateko... Hemen pittin bat eta han pittin bat, egunean 9,7 gramoak iritsi arte. Espainian, batez beste, kopuru hori hartzen dute egunero, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak egin berri duen ikerketa batek esaten duenez: 1.200 jaki aztertu dituzte, bakoitzak zenbat gatz duen jakiteko.

Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) esaten du egunean bost gramo gatz jatea komeni dela, gehienez ere, eta Espainian, beraz, aski goitik dabiltza. Kontsumitzaileok jan ohi dugun gatzaren % 25 soilik ateratzen da etxeko gatzontzitik; gainerako guztia jaki ez-freskoek ekarri ohi dute, etxetik kanpo landu edo prozesatzen dituztenek, alegia: kontserba-latak, jaki aurrez prestatuak, hestebeteak... "Ezkutuko gatza" esaten zaio horri, jaten ari denak ez baitu jakiten zenbat gatz daukan elikagai horietako bakoitzak. Eta neurtzea komeni litzateke, gatz gehiegirekin jateko ohitura hartuz gero, ondorioak ere izaten dira eta. Gauza jakina da, esaterako, arteria-hipertentsioa oso lotua dagoela gatz gehiegiari (hainbat ikerketak eta saio klinikok erakutsi dute hori). Hipertentsioak bihotz-hodietako eritasunak ekar ditzake, eta Espainian, 124.000 pertsona hiltzen dira urtean horien eraginez (horietatik guztietatik, % 5 izaten dira hipertentsioak zuzenean eraginak). Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak egin duen kalkuluaren arabera, gatza erdira jaitsita, urtean milaka lagun gutxiago hilko lirateke. Egun, Espainian hiltzen direnen % 33 bihotz-hodietako eritasunen ondorioz hiltzen dira (123.867 hildako 2004. urtean). Hiru lagunetatik batek arteria-hipertentsioa dauka, eta 65 urtetik gorakoetan, hirutik bik. Eta gatz gutxiagorekin jatera ohituz gero, askoz jende gutxiago hilko litzateke urtean. Eta horixe egiteko gomendatzen dute EROSKI CONSUMER-eko elikadura-adituek: elikadura-ohitura batzuk moldatu eta gatza urritu. Hasieran, jakiak motel samarrak daudela irudituko zaio jatunari, baina luze gabe ohituko da (zaporearen zentzumena agudo jartzen da), eta oraingoa motela iruditu beharrean, lehengoa irudituko zaio gazia.

Gaziegiaren arriskuak

  Pertsonok ere izaten dugu gatza gure organismoan. Heldu batek, adibidez, 250 eta 300 gramo artean eduki ohi du. Uneren batean gatz asko duen zerbait jaten badugu (oliba dezente, antxoa lata bat edo urdaiazpiko errazio on bat), gure gorputzak ez du sumatzen berehala, eta dena normal bada, gatz gehiegi hori desagerrarazi egiten du organismoak. Baina gatz gehiegi duten elikagaiak jatea ohiko bihurtzen bada, edo organismoak gatz gehiegia desagerraraztea lortzen ez badu (askori gertatzen zaie hori), osasun-arazo larri-larriak etor daitezke. Arteria-hipertentsioa ez ezik, bihotzekoak izateko arriskua eta garuneko iskemia agertzeko arriskua ere ekartzen ditu luzaroan gatz gehiegirekin jateak.

Ur-debekua izaten da gatz gehiegiaren beste ondorioetako bat; ura kanporatu ezinik, gorputzak pisua hartzen du, eta bihotza, gibela eta giltzurrunak zamatu egiten dira lanez; ahal baino lan gehiago egin behar izaten dute, ohi baino likido gehiago baitauka organismoak. Erretzaileek, diabetikoek eta pertsona gizenek ere adi zaindu behar dute zenbat gatz hartzen duten, organismoan dituzten disfuntzioak are gehiago larritu daitezke eta. Garuneko iskemia edo iktusarekin ere badu zerikusia gatzak, eta oso gaixotasun larria da hori: urtean 125.000 pertsonari eragiten die Espainian, eta horietatik 80.000 hil egiten dira edo ezinduta geratzen; gainera, Espainian emakume gehien hiltzen dituen eritasuna da (urtean 19.000 baino gehiago). Urdaileko minbiziari eta osteoporosiari lotuta ere agertzen da; izan ere, gatz asko duten elikagaiak janda, ugaritu egiten da gernuarekin kanporatzen den kaltzio kopurua, eta horrek lagundu egiten du hezurrak mineralgabetzen.

Dena den, inork ez dezala pentsa orain gatzik gabe jaten hasi behar dugula. Gure organismoak gatza behar du, baina neurrian, betiere. Gorputzean likido maila egokiari eusten laguntzen digu gatzak, nerbio-bulkadak transmititzen, muskuluen jarduera aurrera eramaten eta potasioa egoki xurgatzen. Digestioa egiteko ere lagungarria da, eta asko izerditzeak, goitika egiteak eta beherakoek eragiten dituzten galerak orekatzeko ere bai. Helduek, gehienez, 5 gramo gatz hartu behar dute egunean, 7 urtetik beherako haurrek, 3 gramo, eta 7 eta 10 urte bitartekoek, 4 gramo.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto