Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Bankuz kanpoko maileguak

Dirua familiari, lagunei edo beste norbaiti eskatuta, ez da ordaintzen interesik, baina konfiantza ezin da izan dirua itzultzeko berme bakarra

  Zenbat eta baldintza zorrotzagoak jarri, zorrak ordaindu ezin dituen jendea orduan eta urriago izango da bezeroen artean. Argudio horri erantzuten dio kontsumo-maileguekin gertatzen ari denak: asko zorroztu dira maileguen baldintzak, bai bermeen ingurukoak eta bai dirua itzultzeko epeei dagozkienak (halaxe erakusten du Banku-Maileguei buruz 2009ko urrian egin den Inkestak ere). Finantza erakundeen esanetan, horixe da modu bakarra zordunen eragina gutxitzeko eta emaitzen kontuak bide onetik eramateko. Bankuen iturria itxita, beraz, beste norabait jo behar diru eske, eta joera nagusia partikularrei eskatzea bihurtu da. Gehienek familiari eskatzen diote, gazteek, batik bat. Dirua hartzeko orduan, ez da gauza bera bankuarekin zorretan egotea edo familiarekin egotea, eta familiakoek ere nahiago izaten dute dirua utzi (asko edo gutxi), eta ez bankuarekiko tratuan berme-emaile bihurtu.

Ohiko bankuen alternatiba moduan, beste formula bat ere agertu da oraintsu, P2P delako: partikularren arteko maileguak dira, Interneteko atariek kudeatuak.

Zer da hobea, seme-alabei dirua uztea, edo bankuko maileguaren berme-emaile izatea?

Galdera horrek ez dauka erantzun bakar bat. Alderdi bat baino gehiago hartu behar dira kontuan erabakitzeko: zenbatekoa den mailegua, dirua uzteak kalte egingo dion edo ez etxeko ekonomiari, nolakoa den egoera ekonomikoa, laneko egoera, familiak nolako zamak dituen... Dirua uzten duenaren egoera aztertu behar da, eta hartzen duenarena ere bai. Abalak edo bermeak, berriz, badu abantaila bat: ematen duenak ez du dirurik jartzen, eta mailegua eskatu duenak bankuari behar bezala ordaintzen badizkio kuotak, ez da ezer gertatzen. Baina ordaindu ezin baditu, bankuak berme-emaileari eskatuko dio, horretarako dago eta. Egoera horretan, berme-emaileak bere ondasunekin egin beharko dio aurre zorrari, eta gastu gehigarriak eta interesak ere ordaindu beharko ditu, atzerapenei eta beste kontu batzuei erantzuteko.

Familiako norbaiti dirua uzteko notario batengana joan beharra dago?

  Notario aurrean egin daiteke edo dokumentu pribatu baten bidez, aldeek nahi duten bezala, baina nonbait jaso behar da akordio horren berri, ez baita komeni informaltasun gehiegiz jokatu eta inon jaso gabe uztea (hala ere, horixe gertatzen da gehienetan). Mailegu mota horrek ez du izaten interes-tasarik gehien-gehienetan, eta hori dela eta, familiek hitzez adosten dute. Eta hori akats bihur liteke denborarekin. Utzitako dirua itzuliko dela ziurtatu behar da, eta etorkizunean sor litezkeen ezin konponduak saihesteko bideak jarri behar dira (batik bat heriotzaren bat gertatzen denean edo herentzia kontuak tartean sartzen direnean sortzen dira gorabeherak).

Zer da hobea, notariotara joatea edo dokumentu pribatu batekin egitea?

Dokumentu pribatua merkeagoa da, notarioari ordaindu beharrekoa aurrezten da, eta diru kopuru txikiekin ari bagara, aski izaten da. Dena den, argi eta garbi idatzi behar dira gauzak, dirua itzultzeko epeak finkatu eta bermeak adostu bada, horiek ere jarri. Notarioak, berriz, informazio gehiago ematen die aldeei egiten ari direnari buruz. Bi moduak dira legezkoak, eta, beraz, ez dago notariotara joan beharrik legezkotasuna emateko.

Familiartekoari dirua uzten zaionean ez da komeni informaltasun gehiegiz aritzea, dokumentu publiko edo pribatua egin beharko litzateke

Orduan, ez dago inolako alderik?

Badago aldea, bai, bereziki agindutakoa ordaintzen ez denean eta auzitara joatea erabakitzen denean. Dokumentu publikoak oso-osorik balio izaten du froga moduan epaiketa batean, han ageri den edukia, data eta aldeen nortasuna guztiz baliozkotzat jotzen dira, eta dokumentu pribatuak, aldiz, oso-osorik balio izango du, baldin eta aldeetako batek ez badu haren egiazkotasuna (sinadurak) gezurtatzen edo zalantzan jartzen. Arrisku hori gutxitzeko, egokia izaten da lekukoak eramatea dokumentu pribatua sinatzerakoan, eta lekuko gisa sinatzea. Edo notario aurrean egin liteke bestela, ziurtasun gehiago edukitzeko.

Ogasunari ordaindu behar zaio?

Mailegu bat eskatzeagatik ez da zergarik ordaintzen, ez familiako norbaiti eskatzeagatik eta ez bankuari ere, baina partikular batek banku bati mailegua eskatzen dionean, Ogasunak badu modua jakiteko dirua nondik datorren. Dirua familiako norbaitek utzi badigu, eta kopuru handia bada, Ogasuna harritu egin liteke hainbesteko diru mugimenduarekin, ez baitira bat etorriko ohiko sarrerekin. Horregatik, beti komeni da Ogasunari jakinaraztea. Oso erraz egiten da, eta zerga agentziak jakinaren gainean jartzea izaten du helburu.

Interesik ez badago ere, Ogasunari jakinarazi behar zaio?

Are arrazoi gehiagorekin! Ogasunak pentsa dezake dohaintza bat izan dela, eta dohaintzek badute beren zerga. Horrexegatik, gaizki ulertuak saihestea izaten da onena.

Zer betebehar ezartzen dituzte mailegu horiek?

Kode Zibilaren 1.740 artikuluak, 1.753tik 1.757ra bitartekoek eta 1.170ak arautzen dituztenak: dirua itzultzea, interes eta guzti, hala hitzartu bada. Kode Zibilak dio inork ez diola inori interesik zor izango berariaz hitzartu ez bada.

Familiako norbaiti dirua utzi eta hiltzen bada, nola eskura liteke diru hori?

Oinordekoek bereganatzen dute zorra, zeren zorrak ere oinordekoetara pasatzen baitira. Arrazoi horregatik ere komeni da dokumenturen batean jasotzea familiako maileguen berri. Oinordetzan jasotako ondarearekin ordainduko lukete zorra, baina pasiboa -zorra, alegia- handiagoa izango balitz, aktiboa, ondasunak eta dirua baino, segur aski inbentario-emaitzaren arabera onartuko lukete ondarea, eta hark ematen dituen ondasunei dagokiena soilik ordainduko lukete.

Zer da P2P mailegua?

Ingelesezko esapide baten siglak dira P2P (peer-to-peer). "Pertsonatik pertsonarako" mailegu-eragiketak dira, partikularren artean eginak, eta Interneteko plataformetan soilik kudeatzen dituzte, banku eta finantza erakundeen esku-hartzerik gabe. Espainian berriki hasi dira halakoak egiten; urte honetan bertan jarri dute lehena abian, eta hori bakarra ari da lanean (kopuru handirik ez du mugitzen). Beste finantzaketa bide bat da partikularrentzat, eta mailegu-emaileentzat, berriz, euren aurrezkiei etekin gehiago ateratzeko sistema. Finantza merkatuan bano txikiagoak dira kostuak eta interesak, eta dirua jartzen duen partikularrak etekin gehiago atera diezaioke diruari. Biei egiten die mesede, eta bankura joan beharrik ez dute; Interneteko atariari komisio bat ordaindu beharko diote, hori bai.

Nola funtzionatzen du?

  Enkante sistema batekin funtzionatzen du. Maileguen kopuruak mugatuta egoten dira (15.000 euroren ingurukoak izaten dira), eta ezin da hortik gorako mailegurik lortu; enpresa kudeatzaileak egiaztatu egiten du eskatzailea mailegua ordaintzeko moduan egongo dela, eta burokrazia- eta lege-alderdiak ere haiek lotzen dituzte, dokumentuak eskatzea eta abar (soldaten agiriak, NAren kopia...); hileko ordainketak kudeatzea ere haien ardura izaten da. Kredituko finantza-erakundeen Espainiako elkartearen zordun-zerrendetan begiratzen dute, eta arrisku maila egokia duten eskatzaileak soilik onartzen dituztela esaten dute.

Eta segurua da dirua jartzen duenarentzat?

Konfiantza da arazo nagusietako, sistema berria delako eta, hartzaileak ordaintzen ez badu, plataformak ez duelako hartzen ordaintzeko ardura, nahiz eta dirua eskatzeko bitartekoak jartzen dituzten, ordainketa enpresen bidez. Plataforma horiek, berez, ez dute mailegurik ematen (bitartekari baino ez dira), eta, ondorioz, euren jarduna ez du arautzen Espainiako Bankuak. Mailegu-emaileak oso ongi jakin behar du zer arrisku dauden; plataformek eurek zera gomendatzen dute, dirua ez inbertitzea eskari bakarrean, ezpada mailegu-eskari batean baino gehiagotan jartzea diru kopuru txikiak, arriskua gutxitzeko. Ikusten denez, ez da guztiz segurua gauzak ongi aterako direla.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto