Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Finantza-produktuetan aukerarik eta eskaintzarik onenak non dauden erakusten dute: kontu korronteak, hipotekak, gordailuak, aseguruak...
Krisia bezalakorik ez dago jendearen begia zorrozteko. Askorik begiratu gabe erostera ohituta geunden, zer ikusi hura erosi, baina orain aurreztu beharra dago, eta denbora eta ahalegin gehixeago jarri ohi dugu prezioak alderatzen. Bai ohiko gastuetan, eta zer esanik ez aseguruak edo hipotekak kontratatzerakoan. Internet bihurtu da horretarako tresna, eta kolpe batean erakusten ditu zein finantza-produktu diren onenak, zeinek eskaintzen dituen zerbitzu, estaldura eta komisio egokienak. Doakoak izaten dira (horixe dute alderik erakargarriena), eta segundo gutxiren buruan erakusten dute zer dagoen non: kontu korronteak, gordailuak, maileguak, era guztietako aseguruak... koadro batean jartzen dituzte guztiak, bakoitza bere prezioarekin, erabiltzaileak aldera ditzan. Gida moduan erabiltzekoak dira, baina ez da ahaztu behar honako hau: horietan ez dira agertzen merkatuko erakunde guztien datuak, eta emaitzak, beraz, mugatuak izateaz gain, alde batera lerratuak ere izan daitezke.
Bankimia.com, elsuperdeldinero.es, iahorro.com edo elcomparador.com dira bilatzaile horietako batzuk, eta kontu korronteak alderatzen dituzte, epekako gordailuak, maileguak, eta abar. Aseguruan arloan, berriz, Segurosbroker, lapoliza.com, Arpem, Asesorseguros eta Rastreator dira ezagunenetakoak.
Merkatuan dauden aurrezki-tresna nagusien informazioa ematen dute, eta doakoak izateaz gain, azkarrak eta erraz erabiltzekoak ere badira. Horiexek dituzte ezaugarri nabarmenenak. Iparrorratz erabilgarriak izan daitezke, une honetan lehia handia baitago finantza-erakundeen artean (nork zer merkeago eskaini ari dira).
Gerta daiteke gune hauek eskaintzen dutenetik kanpo produktu erakargarriak egotea
Erabiltzaileak aukeratu egin behar du zer sailetako datuak ikusi nahi dituen, eta sailkapen bat agertuko zaio segidan, etekin gehien edo preziorik onena eskaintzen duten produktuen araberakoa. Horrez gain, bestelako informazioa ere ematen dute: zer-nolako lotura eskatzen duten, zer betekizun ezartzen dituzten, zer komisio dauzkaten...
Aseguruen sailean ere zerrendak erakusten dituzte, eta gerta daiteke poliza bera % 50 garestiagoa izatea erakunde batetik bestera. Finantza-produktuetan, berriz, kontu korronteen sailean, adibidez, % 1eko etekina ematen dutenak aurki daitezke, eta % 3,5ekoa ematen dutenak ere bai. Aldea ez da nolanahikoa, beraz.
Finantza-produktuak alderatzeko izan, edo aseguruak alderatzeko izan, aldatu egiten dira guneen berezitasunak eta funtzionatzeko era.
Bankimia edo elsuperdeldinero.es guneak produktu jakin batzuetan espezializatuak daude: bankuek eskaintzen dituzten tresnei buruzko informazioa ematen dute, kontu korronteei, gordailuei edo hipotekei buruzkoa, hain zuzen ere. Norberak zer sail nahi duen hautatu behar du, eta berehala agertuko zaio zerrenda, merkatuko produktu erakargarriak sailkatuta dituela.
Kontuentzat eta gordailuentzat, aski lagungarriak dira alderatzeko guneak, interes handiena zer erakundek ematen duen erakusten baitute. Gainera, multzo bat baino gehiago bistaratzen dituzte: kontu korronteak, lansari-kontuak eta aurrezki-kontuak. Informazio osagarria ere ematen dute, bankuek zer komisio dituzten eta zer lotura eskatzen duten, eta hori ere oso aintzat hartzekoa izaten da.
Hipoteken sailean, interes tasa erabiltzen dute irizpide moduan. Horri esker, hipotekarik lehiakorrenak non dauden jakin dezake erabiltzaileak, eta kuotarik txikienak non ordaindu beharko dituen. Zenbait gunek aukera osatuagoak aztertzeko modua ere ematen dute; Bankimiak, adibidez: gazteentzako hipotekak ikus litezke; zubi-hipotekak, % 100 finantzatzen dutenak, baina hasieran gutxiago ordainduz eta gero gehiago; interes finkokoak; 40 urterako hipotekak; 50 urterakoak; gabezialdiarekin; subrogazioarekin...
Erabiltzaileak burtsako agenterik merkeena bilatu nahi badu, horretarako ere erabilgarriak dira gune horiek. iahorro.com, guneak, adibidez, balioak saltzen eta erosten dituzten burtsa-bitartekarien berri ematen du, eta komisiorik txikienak nork kobratzen dituen jakin liteke.
Abantailak
Eragozpenak
Aseguruei dagokienez, bi taldetan bana daitezken alderaketa-guneak. Batetik, aseguru-artekaritza moduan ari direnak daude, Segurosbroker eta lapoliza.com, esaterako. Alderaketa egiteko zerbitzua emateaz gain, hautatzen duen poliza on-line kontratatzeko aukera ere ematen diote bezeroari. Bestetik, aseguru etxeen datuak ematera mugatzen diren guneak daude (prezioak, estaldura...); horiek ez dute aukerarik ematen euren web orrialdeetatik asegururik kontratatzeko.
Lehen motako bilatzaileak autoen polizei buruz aritzeko soilik sortu ziren, ibilgailu mota horrentzako polizak alderatzeko. Baina eskaintza ugaritu egin da poliki-poliki. Egun, autoen polizei buruzko prezioak ez ezik, beste hainbat aseguru motarenak ere aurki daitezke: motorren aseguruak, etxekoak, bizi-aseguruk, osasun-aseguruak, nekazaritzako makinenak, etxejabe elkarteenak, heriotza-aseguruak eta etxe-animalienak ere bai.
Abantailak:
Eragozpenak:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
12 litxarreriak mota aztertu ditugu
Sei erratz-xurgagailu aztertu ditugu
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa