Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Itsasoa plastikozkoa da

Plastikozko hondakin ugari dabiltza itsasoan, guk botata, eta horrek arriskuan jartzen du arrainen bizia, hazkundea eta elikadura, eta ondorioak sor ditzake elikadura-katean

  Zaborrontzi bihurtu dugu itsasoa, edo zabor putzu, hobeki esan. Plastikoak dira horietako asko, ontziak edo poltsak, eta berez birziklatzera bidaliak izan behar luketen arren, itsasoan dabiltza igeri, zabor uharte handi bihurtuta, ekosistemari kalte eginez. Itsas korronte handiek -biraketa deitzen zaie- eraman egiten dituzte hondakinak, eta metatu egiten dira gero, eremu izugarriak hartzen dituztela. Duela 12 urte ohartu ziren horretaz, Ipar Pazifikoaren Erdiguneko Biraketan plastiko uharte handi bat antzeman zutenean. Itsas korronte handi bat da horrako hori; erlojuaren orratzen noranzko berean mugitzen da, eta espiral motel bat eratzen du Ipar Ameriketako mendebaldeko kostaldearen eta Japoniako kostaldeen artean. Eta zurrunbilo handi horretan sartzen den zaborra han harrapatuta geratzen da.

Hondakin horietako asko plastikozko partikula txikiak dira, konfeti itxurakoak, eta zooplanktonarekin nahasten dira; arrainek, jakina, ez dituzte bereizten, eta dena irensten dute. Gai kutsakor asko ez dira uretan disolbatzen (PKB edo DDT direlakoak), eta arriskua egoten da plastikoek xurga ditzaten; arrainek plastiko horiek jango balituzte, elikadura-katean sartuko lirateke substantzia kaltegarri horiek.

Gero eta arazo handiagoa

  Zabor uharte horri plastiko zopa ere deitzen diote, eta hegazkinetatik edo sateliteetatik begiratuta, ez da ikusten, ur azpian baitago hondakinen zati handi bat. Hori dela eta, zer neurritakoa den ere ezin da ziur esan: batzuek diote 700.000 kilometro koadro dituela, eta beste batzuek, 15 milioi kilometro koadro, hau da, Ameriketako Estatu Batuak halako bi. Zenbatekoa den jakin ez arren, zenbateko eragina daukan argi ikusten da datuetan.

1999an, ikerketa bat egin zuen Algalita fundazioak (haren sortzaileak aurkitu zuen zabor uhartea), eta ikusi zuen, ozeanoak duen kilometro koadro bakoitzeko, 334.000 plastiko zati zebiltzala igerian, eta plankton kilogramo bakoitzeko, 6 kilogramo zabor zeudela (planktona da itsasoko izaki askoren oinarrizko elikagaia). Arrain batzuen urdailean, gainera, plastikoa antzeman zuten: seriola batek, adibidez, 84 plastiko zati zituen. Eta kazetari batek berriki egin duen espedizio batek ikusi ahal izan duenez (herritarrek lagundu dute diruz ekimen hori, Spot.us-en bitartez), 1999an halako bi ziren itsasoko hondakinak.

Munduan 100 milioi tona plastiko ekoizten dira urtean eta % 10 inguru itsasora joaten da

Baina, nondik datoz hondakin horiek? Kalkuluek diotenez, itsasontziek bota dituzte horien % 20, eta gainerako guztiak kostaldetik iritsiak dira. Munduan 100 milioi tona plastiko ekoizten dituzte urtean, eta % 10 inguru itsasora joaten dira. 50eko hamarkadan hasi ziren plastikoa kopuru handietan ekoizten, eta, beraz, ingurumenean pilatu den plastiko guztia duela 50 urte ingurutik hona metatu da. Plastikoak ehunka urte behar ditu desagertzeko, eta, ondorioz, arazoari konponbiderik jarri ezean, asko larritu daiteke egoera.

Konfeti itxurako plastiko zatiak ere badabiltza itsasoan; neurri askotakoak izaten dira horiek: badira 5 milimetro baino gehiago dituztenak, eta badira mikropartikulak ere. Plastiko zatiak puskatu ahala sortzen dira, baina aurpegiko eta gorputzeko zelula hilak desagerrarazteko erabiltzen diren xaboiek ere badituzte halakoak, polietilenozko mikropartikulak, zehazki. Oraintsu argitaratu diren lan batzuek agerian utzi dute zer neurri hartzen ari den arazoa, eta horren erakusgarri, Marine Pollution Bulletin aldizkarian abuztuan argitaratu duten lan bat, Zeelanda Berriko ikertzaileek egina. Kosmetikako produktuek izaten dituzten partikula horiek 100 mikroiren neurrira ere ez dira iristen askotan (0,1 mm-ko diametrorik ere ez dute), eta landare arazgarriek ez dituzte atxikitzen; ondorioz, itsasora heltzen dira, eta arrainek irensteko arriskua izaten da.

2004. urtean, Plymouth-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua) egin zuten lan batek inguru hartako uren eta sedimentuen laginak aztertu zituen, eta Eskozian eta Islandian bildutako planktona eta organismoak ere bai. Lagin guztiek zeuzkaten plastiko zati mikroskopikoak, eta horien artean, baita nylona, polietilenoa eta poliesterra ere. 20 mikroiren diametroa (0,02 mm) zeukaten partikulak baino txikiagoak antzemateko modurik ez zuten izan, eta, beraz, gerta liteke are partikula txikiagoak ere izatea.

Dena den, oraindik ez da sakon aztertu ekosisteman zenbateko kaltea egiten duten plastiko horiek. "Plastikoak, berez, ez dira toxikoak", nabarmendu du Plymouth-eko ikertzaile batek, baina ezin da jakin epe luzera zer kalte egingo dieten horiek irensten dituzten animaliei. Jakin egin behar da plastiko horiek ba ote duten konposatu kimiko toxikorik, horixe da kezkagarria. Beste arrisku batzuen berri, aldiz, aspaldi dakigu: jakina da organismoak ahuleriak jota gera daitezkeela jaten dutenaren zati bat plastikoa bada. Itotzeko arriskua ere izaten da, nola ez, plastikoek arnasbideak itxi ditzakete-eta, eta malformazioak sortzeko arriskua ere bai plastikoak edo bestelako materialak animalian barneratuta geratzen badira (era desegokian hazten dira elementu arrotz horiek txertatuta dituztela).

Irtenbide bila

  Pentsatzekoa da Ipar Pazifikoaren Erdiguneko Biraketan agertu den plastiko uhartea ez dela izango bakarra. Hori bertatik bertara ikusi ahal izan da eta ukitu ere bai, baina ezin esan besterik ez dagoenik... Planetan, izan ere, hamar biraketa handi daude ozeanoetan, eta herrialde garatuen kostaldeak ukitzen dituzten horiek hondakin asko eduki ditzakete. Irtenbideetako bat, beraz, plastiko pila horiek non dauden antzematea izango litzateke, eta ekosisteman zer eragin duten ikustea. Horretan ari da, besteak beste, Seaplex proiektua, Scripps Ozeanografiako Erakundeak gidatua (AEB).

Beste proiektu batzuen asmoa zaborrak biltzea eta itsasoak garbitzea da. Algalita fundazioak, adibidez, bildu izan du plastikoa bere espedizioetan, baita partikula fin-finak ere; sareak erabiltzen dituzte horretarako, eta plastiko hori aztertu egiten dute gero. Itsasoan, ordea, milaka kilometro plastiko daude, eta ahalmen handiago duten ekimenak behar dira. Europako Batasuna ere ohartu da zer-nolako arazo den, eta ikerketa sustatzen hasi da irtenbide bila. Kaisei proiektua, berriz, merkatura begira jarri da, eta itsasoan dabilen plastikoa bildu eta erregai bihurtzeko moduak aztertzen ari da. 2009ko martxoan jarri dute abian proiektu hori, eta bi ontzi itsasoratu dituzte espedizio esperimental bat egiteko, Kaisei eta New Horizon. Itsasoan dagoen plastikoa atera egin beharko da handik, baina plastiko gehiagorik ez botatzea ere funtsezkoa da; denek onartzen dute hori, aho batez, eta herritarrak horretaz jabetzea da orain premiazkoena. Kontsumitzaileek eta administrazioek arreta gehiagorekin jokatuko balute, itsasora ez litzateke helduko hainbeste plastiko.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto