Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Internet bidezko psikoterapia: Etzaleku birtuala

Tratamendu modu bat gehiago da, eta laguntza psikologikoa bilatzeko zailtasunak dituztenek erabiltzen dute gehienbat, pertsona herabeek edo lanaldi luzea dutenek

  Terapia psikologikoa, funtsean, elkarrizketa da, profesionalaren eta bezeroaren arteko elkarrizketa. Eta hala izaki, Internet ere aintzat hartzeko tresna da, horixe da-eta komunikazio-bitarteko nagusia gaur egun. Mundura irekitako leihotzat ez ezik, etzalekutzat ere har daiteke ordenagailua, psikologoaren bulegoen egoten diren horietako baten parekotzat, eta nor bere fobiak gainditzen, penak kanporatzen eta maniei aurre egiten saia daiteke horien bidez. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, asko hedatu da Internet bidezko psikoterapia. Espainian oraindik ez, baina hor ere hasi da bide egiten. Zenbat jenderen nahasmenduak eragotzi egiten die etxetik irtetea (agorafobia edo muturreko herabetasuna dutenei gertatzen zaie hori), eta horientzat oso lagungarria da psikoterapia birtuala; kontsultara joateko denborarik gabe dabilenarentzat edo anonimotasuna gorde nahi duenarentzat ere erabilgarria gertatzen da. Beste zenbait pertsonarentzat tabua izaten da psikoterapiaren gaia, eta ez dute mintzatu nahi izaten profesionalekin beren barneko kontuei buruz; horientzat ere aukera ona da zerbitzu mota hori.

  Zenbait jendek ez dauka konfiantza handirik psikoterapiaren emaitzetan, eta sareari esker, laguntza mota horrekin harremanetan jartzeko aukera izaten dute (solasguneen, posta elektronikoaren edo bideokonferentzia bidez egiten dute terapia mota hori). Zenbait ospitalek ere erabiltzen dute zerbitzu hori nahasmendu jakin batzuk tratatzeko; Bellvitge-ko Ospitale Unibertsitarioko Elikadura Nahasmenduen Sailak, esaterako (L'Hospitalet de Llobregat-en dago, Bartzelonan), bulimia urduria duten gaixoekin erabiltzen du. Aukera berri horrekin, ez dago zain egon beharrik itxarote-zerrendan txanda noiz iritsiko, eta larritasun handi-handirik ez duten kasuei erantzuteko modua ematen du gaixoaren osotasun fisikoa arriskuan ez dagoenean; hori gertatzen da, esaterako, anorexia urduriarekin.

Internetez edo aurrez aurre?

Aurrez aurreko saioetan hasita dagoenari ez zaio komeni horiek utzi eta Internet bidezko terapian hastea, terapeutaren eta beraren artean sortzen den lotura indargabetu dezakeelako, eta lotura hori funtsezkoa da emaitza ona lortzeko. Aldaketa hori behar-beharrean baino ez litzateke egin behar, bezeroak bizilekua aldatu eta kontsultara joaterik ez balu soilik.

Lehen saioak Internet bidez hastea, berriz, egoki izan liteke psikoterapiara hurbildu eta aurrez aurreko saioekin jarraitzeko gero. Aldaketa hori egitea, gainera, seinale ontzat ere har liteke: gaixoak prozesuan are gehiago parte hartu nahi duela pentsa liteke, eta, aldi berean, profesionalarekin beste harreman bat hasiko luke, tratamenduaren mesedetan.

Internet bidez terapia egin nahi duenari komeni zaio profesionalaren kolegiatu zenbakia egiaztatzea

Internet bidezko psikoterapiak mugak ere baditu, jakina. Komunikazioaren % 70-80 ez da izaten ahozkoa. Sareko psikoterapia erabiltzekotan, beraz, beste aukerarik ez dagoelako erabili behar litzateke, saioetara joaterik ez dagoelako. Aldiz, gaixoak buru gaixotasun larria edo sufrimendu handia duenean, aurrez aurreko saioak behar izaten dira.

Saioen iraupena eta maiztasuna, berriz, ez du zertan izan aurrez aurreko saioen bestelakoa. Harreman terapeutikoa, hala ere, ahulagoa izaten da Internet bidez, eta gerta liteke behar baino lehen etetea psikoterapia. Hori dela eta, zenbaitek zalantzan jartzen du Internet bidezkoari psikoterapia dei dakiokeen ere, nahiz eta erabilgarria gerta daitekeen profesionaltasunez eta zintzo egiten bada, eta inplikazio handia lortzen bada profesionalaren eta bezeroaren artean.

Segurtasun-bermeak

  Terapia mota hau posta elektronikoaren edo solasgunearen bidez egiten da, eta era horretan lan egiten duten profesional batzuen iritziz, telefonoa ere aintzat hartu behar litzateke. Baina nola jakin dezake bezeroak zerbitzuaren segurtasuna eta konfidentzialtasuna ez dituela inork urratuko? Zer berme dauka halako zerbitzu bat kontratatzen duenak? Beste hainbat gauzaren artean, erabiltzaileek egiaztatu egin behar dute sarean ari diren profesionalen datuak hor ageri direla, kolegiatu zenbakia eta abar (datu horiek psikologoen elkargoan baieztatuko dizkiote).

Psikologoek erabiltzen duten Deontologia Kodeari begiratu bat ematea ere egokia izaten da (elkargoen web orrietan aurki liteke). Psikologo guztiek arau etiko berberak erabiltzen dituzte, baita Internet bidez ari direnek ere, eta arau horiek, funtsean, ohiko terapian erabili izan diren berberak dira. Komunikazio bidea soilik aldatzen da. Web orriak zer diseinu duen ere begiratu liteke, zeren osasun eta medikuntza arloko webgune guztiek printzipio etiko batzuei jarraitu behar baitiete, HON erakundeak (Health on the Net) eta Jokabide Kodeak (HONcode) ezarritakoei, hain zuzen.

Printzipio horietako lehenak hauxe esaten du: "Webgune honetan osasunari buruz edo medikuntzari buruz iradokitzen den edozein aholku medikuek edo osasun arloko profesional espezializatuek soilik emango dituzte, non eta garbi adierazten ez den ematen den iradokizunen bat ez dela osasun arloko profesional batek edo medikuntza-erakunde batek emana". Bigarrenak, berriz, zera dio: "Gune honetan ematen den informazioaren helburua da gaixoak edo bisitariak eta haren medikuak daukaten harremana osatzea, ez ordezkatzea".

Eta hirugarrena bezeroaren datuei buruz mintzo da: "Webgune honek errespetatzen ditu gaixoek eta bisitariek ematen dituzten datuen konfidentzialtasuna, haien nortasunari buruzkoak barne. Webgune honen jabeek konpromisoa hartzen dute errespetatu eta hedatuko dituztela mediku- edo osasun-informazioaren pribatutasunaren inguruko lege-betebeharrak, bai webgune nagusia eta bai haren erreplikak dauden herrialdeetan ezartzen dituztenak".

Beste segurtasun-neurri bat izaten da ziurtatzea ordainketa modua segurua dela. Internet bidezko saioak zertxobait merkeagoak izan daitezke, baina zenbait profesionalek ez dituzte aldatzen tarifak, ez dutelako nahi zerbitzua bigarren mailakotzat har dezaten eta ez dutelako nahi bezeroak konpromiso gutxiagoz joka dezan; horien esanetan, aurrez aurreko saioetan adina denbora erabiltzen dute sareko saioetan.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto