Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Familia bitartekaritza: Adostasun bideak

Batik bat, dibortzio gaiak lantzen ditu familia bitartekaritzak, baina seme-alabekin, anai-arrebekin edo adinekoekin sor litezkeen arazoak konpontzeko ere lan egiten dute

  Familia ulertzeko modua asko aldatu da azken hamarkadetan; gizartean gertatu diren aldaketak funtsezkoak izan dira horretarako, eta legeetan egin dituzten moldaketak ere bai. Batetik, bikoteak banantzeko eta dibortziatzeko aukera ematen du orain legeak, eta, bestetik, bizikidetza modu berriak ere aitortzen ditu: izatezko bikoteak; guraso bakarreko familiak; lehen zuten bikote-harremana eten duten pertsonek osatu dituzten familiak, nork bere seme-alabekin... Egungo familiak ez dira lehengoak bezain hierarkikoak, berdintasun giroa txertatuago dago, eta horrek balio izan du arazo jakin batzuk konpontzeko, baina beste batzuk azaleratu dira, konplexuagoak, agian, eta epaitegiak horietara ezin moldatuz dabiltzala dirudi, beti bezain mantso aldaketen aurrean. Hori dela eta, bide alternatiboak, osagarriak eta bakezkoak bilatzea izan da azken joera Europan, eta horien bidez konpontzea familiaren eremuko gatazkak. Espainian ere halaxe ulertu dute autonomia erkidego gehienek, eta familia bitartekaritzarako legeak onartu dituzte.

Oraindik ez dute onartu, ordea, Espainiako erkidego guztientzat balioko duen arautegi bat eta bakarra. Prozedura Zibilaren Legean ageri den 770. artikulua moldatu dute epaitegien bidez erabaki behar diren banantze- eta dibortzio-prozesuak bertan behera utzi eta familia bitartekaritzarako zerbitzuen esku jartzeko, bi aldeek hala eskatzen dutenean. Zenbait autonomia erkidegok lege izaera eman diote arau horri: Kanariak, Kataluniak, Galiziak, Valentziak, Gaztela-Mantxak, Gaztela eta Leonek, Balear uharteek, Asturiasek, Euskadik, Madrilek eta Andaluziak. Beste erkidego batzuetan ere arautu dute zerbitzu hori, baina erakundeen bidez eskaintzen dute bitartekaritza: Errioxa, Aragoi, Extremadura, Nafarroa eta Murtzia (azken horretan, biltzeko guneak izaten dira). Era horretan, familiek aukera dute -eurek hala eskatuz gero- gorabeherak auzitegietatik kanpo konpontzeko, aldeen arteko adostasunez.

Zer da familia bitartekaritza?

  Hirugarren pertsona baten esku-hartzea izaten da; bi aldeek onartzen dute pertsona hori, neutrala eta inpartziala izaten da, ez du edukitzen erabaki-ahalmenik, eta gatazka batek aurrez aurre jarri dituen aldeei laguntzen saiatzen da, euren artean ados jar daitezen eta familiako kide guztiei komeni zaien erabakia har dezaten, batik bat seme-alabei. Haustura egoerak eta familia-gatazkak bizi dituzten pertsonek erantzukizunez joka dezaten bultzatzen du bide honek, euren borondatez konpromiso bat onar dezaten, legearen barrenean betiere.

Zer kasutan joan daiteke bitartekaritza zerbitzuetara? Bikote hausturetarako soilik balio du?

Orain arte, bikote-banantzeetan erabili izan da familia bitartekaritza, eta dibortzioetan ere bai. Dena dela, beste hainbat eremutan ere erabil daiteke, betiere bizikidetza gatazkatsua gertatzen den horietan: adin txikiko seme-alabekin eta gazteekin sortzen diren arazoak konpontzeko, anai-arreben arteko liskarrak onbidean jartzeko, adineko senitartekoak zaintzeko orduan ager litezkeen desadostasunak bideratzeko, aitona-amonek bilobak bisitatzeko izan ditzaketen eragozpenei irtenbidea jartzeko eta herentziak banatzerakoan familiakoek eduki ditzaketen zailtasunak arintzeko.

Bitartekaria behartuta dago sekretu profesionala eta isilpekotasuna zaintzera

Familia bitartekaritzako langileek gero eta maizago aritu behar izaten dute seme-alaba adoptatuak dituzten familiekin, alaba edo seme horiek laguntza behar izaten baitute euren jatorria bilatzeko. Eremu horretan, bitartekaritza lagungarria izan daiteke aldeen arteko harremana errazteko eta familiak -adopziokoa eta biologikoa- eta alaba edo semea egoki prestatzeko. Familian sortzen diren gatazka guztiak, hala ere, ezin dira konpondu bitartekaritza bidez.

Noiz ezin da erabili zerbitzu hori?

Ez da komeni familia bitartekaritza erabiltzea zenbait gatazka konpontzeko; hala nola, botere-desoreka larria dagoen kasuetan, buruko gaitzak tarteko direnean, harremanetan sistematikoki mehatxuak eta bortizkeria-egoerak agertzen direnetan, zigor auziei lotuta daudenean edo droga-mendekotasunari. Genero Indarkeriari buruzko Legeak berariaz debekatzen du bitartekaritzaren aukera.

Zergatik?

Indarkeria matxista jasaten duten familietan, hitzarmen batean hartzen dituzten konpromisoak betetzeko orduan, aldeak ez dira egoten berdintasun baldintza gutxienekoetan ere negoziatu eta konpromisoak hartzeko. Esaten da, halaber, bitartekaritza laguntza-zerbitzu bat dela eta gatazka eta desadostasun egoerak konpontzeko dela, ez delituzko egoerentzat. Zenbaiten iritziz, hala ere, bitartekaritzak laguntza handia eman lezake, baldin eta lehenagotik laguntza terapeutikoa ematen bada eta aldeen artean berdintasun-egoera ongi finkatzen bada.

Bitartekaritza, bestalde, borondatezkoa izaten da, ezin da inor behartu, arrakastaren gakoa hortxe baitago, hain zuzen, bi aldeek euren borondatez eskatzen dutela eta horretan sinetsita egiten dutela. Bi aldeek gogo onez zerbait adostea bada helburua, ez da oso zentzuzkoa inor parte hartzera behartzea.

Bikoteak auzitara jo badu elkarrengandik banantzeko, eska dezakete bitartekaritza zerbitzuen laguntza?

Bai, banandu edo dibortziatu aurretik, bitartean eta ondoren eska daiteke bitartekaritza. Bikoteak auzitara jo ostean hasiko balu bitartekaritza, auzibidea aldi baterako eten liteke hiru hilabetez. Epe hori igarota, auzitan jarraitu ahal izango lukete, elkarren artean ados jarri izan edo ez. Auzibidea hasi ez bada, prozesu zibil bateko aldeek, elkarrekin ados jarrita, epaileari eskatu behar diote bertan behera utz dezala, eta hirurogei egun utz ditzala, gehienez, bitartekaritza zerbitzuetara jotzeko eta han irtenbidea adostasunez lortzen saiatzeko.

Zein da bitartekariaren egitekoa?

Bitartekaria pertsona inpartziala izaten da, prestakuntza egokia daukana (zuzenbidean, psikologian, gizarte lanetan...); era objektiboan landu behar du arazoa, zuzentasunez, inoren alde jarri gabe eta akordioa lortzeko betekizunik jarri gabe. Haren helburua izaten da lortzen duten adostasuna errealista izan dadin, iraunkorra eta bien mesederako gerta dadin.

Bitartekaria behartuta dago sekretu profesionala zaintzera eta isilpekotasuna ere bai, eta, ondorioz, ezin du beste inoren gain utzi ardura hori, berak egin behar du. Bi aldeek, berriz, bitartekaritza-bileretara joan beharra daukate.

Familia bitartekaritza doako zerbitzua da?

Autonomia erkidego guztiek antzera arautu dute, baina bakoitzak egiten ditu bere ñabardurak. Erkidego ia gehienetan doakoa izaten da zenbait pertsonarentzat (doako epaiketa izateko eskubidea duten horientzat), baina beti ez da hala izaten zerbitzu hori erabiltzen duten guztientzat.

Zer baldintza bete behar dira zerbitzu hori doan jasotzeko?

Legeak oinarrizko betebehar hau jartzen du: familia unitate batek urtean biltzen dituen baliabide eta diru sarrerak ez izatea Lanbidearteko Gutxieneko Soldata halako bi baino handiagoak (eskaria egiteko unean indarrean dagoen kopurua hartuko da aintzat). Legeak Lanbidearteko Gutxieneko Soldata jartzen du eredu, baina egun IPREM adierazlea erabiltzen da (ondorio askotarako errenta adierazle publikoa), eta diru sarrerak ezingo dira izan hori halako bi baino handiagoak; 2009rako, 7.381 eurokoa da IPREM adierazlea.

Erkidego guztiek ez dute, hala ere, berdin funtzionatzen. Euskadiko Autonomia Erkidegoan, adibidez, familia bitartekaritzako zerbitzu publiko integralak doakoak dira, eta lehentasuna ematen zaie beste gizarte zerbitzuetatik iristen diren pertsonei edo Justizia Administraziotik iristen direnei. Gaztela-Mantxan, familia bitartekaritzako zerbitzu espezializatu bat arautzen du legeak; bertako administrazioak zuzenean eskaintzen du zerbitzu hori edo erakunde publiko eta pribatuen bidez, haiekin hitzarmenak egin ondotik. Zerbitzua doakoa da han ere.

Bitartekaritza hautatzen bada, honako hauen berri jakitea komeni da:

  •   Familiaren arloan espezializatuta dauden gizarte zerbitzuen jardunari lotuta egoten dira, oro har, familia bitartekaritzako erakundeak. Horregatik, administrazio mailako erantzukizun- eta erregistro-araudi baten mende daude.
  • Zerbitzu hori arautu duten autonomia erkidegoek erregistro bat izaten dute, eta bitartekari arituko diren pertsonek eta erakundeek hor izena eman behar dute derrigorrean.
  • Bitartekaritza zerbitzuek erregistro hori jartzen dute interesa duen ororen esku, eta zerrenda horretatik aukeratu behar dute, elkarrekin adostuta.
  • Bitartekaritza dokumentu edo kontratu bat sinatu behar da, eta zer helburu duen adierazi.
  • Gehienez, hiru hilabete irauten du, eta bitartekariak egoki ikusten badu, luzatu egin daiteke.
  • Bi aldeak akordio batera iristen badira, kontratu batean edo adierazpen-akta batean azalduko da zer adostu duten.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto