Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

2009. urteko azken zerga ukituak

2008. urteko zerga-sistema izango dugu aurten ere, baina 2010. urtean igo egingo dituzte zergak, eta horregatik, hurrengo ekitaldia planifikatzeko, kontuan hartu behar da zer aldaketa gertatuko diren

  Kontuak biribiltzeko tenorea da. Urtea bukatzear da, eta oraintxe dugu azken aukera kalkuluak egin, lotu beharrekoak lotu eta Ogasunari ahalik eta zerga gutxien ordaintzeko. 2009. urtean ez da aldaketa nabarmenik izan zerga-sisteman, eta, ondorioz, aurten ezarri dizkiguten arau berak ezarriko dizkigute 2010. urteko maiatzean egingo dugun Errenta Adierazpenean, 400 euroko kenkaria barne. Neurri eztabaidatu hori desagertu egingo da, ordea, 2010. urtean, eta beste hainbat aldaketa ere izango dira; besteak beste, aurrezki-produktuek ematen duten plusbalioari zergak igoko dizkiote. Datorren urtean gehiago ordaindu beharko dugu kontu korronte batekin lortzen ditugun irabaziengatik, eta berdin gordailu batek, inbertsio funts batek, akzio batek edo higiezin bat saltzeak ematen dizkigun etekinengatik. Aurtengo urtea ongi bukatzeko ez ezik, beraz, datorrenean kolpe handirik ez hartzeko ere, orain da garaia gauzak ongi planifikatzeko. Egun dauden zerga-abantailei ahalik eta etekin gehien ateratzeko unea da. Pentsio planetan jar dezakegun guztia jartzeko modua egin behar genuke, etxebizitza-kontua irekitzeko asmotan bagabiltza, lehenbailehen egitea komeni da, burtsako akzioen plusbalioak oraintxe hartu beharra dago edo higiezinen bat saldu nahian bagabiltza, urtea bukatu aurretik egitea da onena.

Aurrezki-produkturen bat duen edonor galdera egiten ariko zaio bere buruari: zer egin dezaket abenduko hilabete honetan Ogasunari ahalik eta gutxien ordaintzeko? Zerga-abantailak eskaintzen dituzten aurrezki-produktuak erabiltzea, horixe da aukera onena. Hara hemen produktu horietako batzuk:

Pentsio planak eta PPAk (aurreikuspen plan bermatuak)

  Pentsio plana da zerga-abantaila gehien eskaintzen duena norberak jartzen duen diruarentzat. 2009. urtean ere aurreko urteko maila berean jarraituko dute:

Oro har, 50 urte bitarteko helduentzat, honako bi kopuru hauetako txikienaren parekoa izango da kenkaria: urtean 10.000 eurokoa edo lan-emaitza garbien eta jarduera ekonomiko guztien % 30ekoa (dagokion ekitaldian norberak jaso dituenak hartzen dira aintzat). 50 urtetik gorakoek, 12.500 euroko kenkaria izan dezakete urtean, edo ekitaldi horretan norberak izan dituen lan-emaitza garbien eta jarduera ekonomiko guztien % 50eko kenkaria. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, 52 urte artekoek, produktu horietan jarritako dirutik, urtean 8.000 euroko kenkaria izan dezakete oinarri zergagarri orokorrean. 52 urtetik gorakoek, urtean 8.000 eurorainoko kenkaria izan dezakete oinarri zergagarri orokorrean, eta 1.250 euro gehiagokoa 52 urtetik gorako urte bakoitzarentzat. Nafarroan ere 8.000 euro artekoa da urteko muga 50 urte artekoentzat, eta 12.500 eurokoa adin horretatik gorakoentzat.

400 euroko kitapena mantendu egingo da 2010ean egin beharreko aitorpenean eta desagertu egingo da 2011an aurkeztu beharrekoan

Horrez gain, pentsio plan batean ezkontidearen edo legezko bikotekidearen aldeko ekarpenak egiteak ere zerga-abantaila handiak ematen ditu, betiere 2.000 eurotik gorakoak ez badira. Mekanismo hori ere erabil daiteke Ogasunari ordaindu beharrekoa gutxitzeko.

Zerga-ezaugarri horiek guztiek berdin balio dute aurreikuspen plan bermatuentzat ere, eta bizitza-aurrezki aseguruentzat ere bai, baldin eta kapitala bermatzen badute eta interes tasa bat ematen badute urtean. Pentsio planak bezala, erretiroa hartutakoan soilik atera daiteke dirua edo egoera berezi-berezietan bestela.

Etxebizitza: aurreztu, erosi eta alokatu

Inon saiatzekotan, etxebizitzaren alorrean saiatu beharra dago formulak eta gainerakoak bilatzen 2009. urteko Errenta Adierazpena ongi atera dadin. Aurrezki-tresnetan, etxebizitza-kontua da guztietan onena etxea erosteko asmoak bide onean jartzeko. Oro har, % 15eko kenkaria ezartzen zaio urte osoan jarri den diruari (amortizazioa eta interesak, biak barne), baina gehienez ere 9.015 euroko muga onartzen dute (beraz, urtean 1.352 euroko kenkaria izango da, gehienez). Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, % 18ko kenkaria ezartzen zaie urteko ekarpenei (gehienez, 2.160 eurokoa izan daiteke, beraz, kenkaria). Etxebizitza erosteko asmoz dabilenak lehenbailehen ireki behar luke era horretako kontu bat. 2011. urtean, aldatu egingo da produktu horiei eragiten dien zerga-sistema, eta ordutik aurrera, urtean 17.000 euro gordin baino gutxiago irabazten dituztenei soilik ezarriko diete gehienezko kenkaria, eta hortik gora irabazten dutenei gutxitu egingo diete: zenbat eta gehiago irabazi, orduan eta kenkari gutxiago 24.000 euroren mugaraino. Hortik gora irabazten dutenek ez dute kenkaririk izango. Gauzak horrela izango direla ikusita, etxebizitza erosi nahi eta 17.000 euro baino gehiago irabazten baditugu, berandu baino lehen ireki behar genuke etxebizitza-kontua. 2009. urteko abenduan irekiz gero, zerga kenkaria egingo digute 2010eko Errenta Adierazpenean. Aurten egin ezik, 2010. urteko abenduaren 31 baino lehen egin beharko dugu, kenkaririk nahi badugu, behintzat. 2011tik aurrera irekiz gero, nabarmen gutxituko zaizkigu zerga-abantailak.

  Euskal Autonomia Erkidegoan, oraindik ez dute jakinarazi kenkari mota hori kenduko dutela. Autonomia erkidego horretako hiru euskal aldundiek jakinarazi dutenez (Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak), etxebizitzarentzat egiten diren inbertsioei kenkariak ezartzen jarraituko dute pertsona fisikoen errentaren gaineko zergetan, 2011. urteko ekitaldia arte, behintzat. Nafarroan ere ez dituzte desagerraraziko etxebizitza erosteagatik ematen dituzten kenkariak.

Etxebizitzaren alorrean zerga-abantailak ematen dituen bigarren tresna hipoteka da. Oro har, % 15eko kenkaria izaten da urte osoan jarritako diruarentzat (9.015 eurokoa da muga ekarpen horietan). Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direnek, aldiz, % 18ko kenkaria izaten dute etxea erosteko edo zaharberritzeko eskatzen dituzten maileguetan (amortizazioa eta interesak, biak barne), betiere 12.000 euroko mugarekin. Kasu horretan ere merezi du aurten ahalik eta diru gehien jartzea. 2011. urtetik aurrera, etxebizitzen maileguei ezartzen zaizkien kenkariak desagerrarazi egingo dira Espainiako Erkidego gehienetan, urtean 24.000 euro baino gehiago irabazten dituztenentzat.

Eta, azkenik, alokairuan bizi direnek ez dute ahaztu behar xehetasun hori Errenta Adierazpenean aipatzea. Oro har, ohiko etxebizitza alokatzeko ordaindu dutenari % 10,05eko kenkaria ezarri ahalko diete urteko oinarri zergagarria 24.020 eurotik beherakoa dutenek.

'Zerga-sariak' dituzten dohaintzak

Diru dohaintzak egitea ere modu ona da zerga-abantailak eskuratzeko. Mota askotako erakundeei egiten ahal zaizkie dohaintzak, kultura arlokoei, gizarte arlokoei, hezkuntzakoei edo karitatezkoei, eta kenkaria % 30ekoa ere izan daiteke, zein erakunde motari ematen diogun dirua. Edonola ere, dohaintza horiek egin ditugula frogatu ahal izateko (inoiz zerga-ikuskaririk etorriko balitz ere), egiaztagiri guztiak ongi gordetzea komeni da.

2010: zerga berrikuntzak

  2010ean, igo egingo dituzte zergak. Urte horretan abian jarriko dituzten neurrien artean, honako hau da aipagarrienetakoa: lan etekinak eta jarduera ekonomikoen etekinak jasotzen dituztenek 400 euroko kenkaria izan dute 2008az geroztik, baina hori desagertu egingo da. Gainera, 2010. urtean, igo egingo dira aurrezki-produktuei ezartzen zaizkien zergak, % 18tik % 19ra irabazitako lehen 6.000 euroentzat, eta hortik gorakoari % 21eko zerga ezarriko diote, Estatuan 2010erako egin duen Aurrekontu Lege Nagusian ageri denez.

2010ean igoko den beste zergetako bat BEZa izango da (Balio Erantsiaren gaineko Zerga). BEZaren tasa orokorra % 16koa da, eta % 18ra igoko da, eta tasa murriztua, berriz, % 7tik % 8ra. Neurri horrekin, 5.150 milioi euro jasotzeko asmoa du Espainiako Gobernuak 2012 arte.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto