Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Haurtzaroan edo nerabezaroan behin eta berriz irrigarri sentiarazi izana da arrazoi nagusietakoa besteen barrearekin beldurtzeko
Barre egitea osasungarria da, baina inoren lepotik barrez aritzea ez hainbeste. Eta are gutxiago besteren barreak bereziki eragiten dien pertsonentzat eta egoera horretan irrigarri sentitzen direnentzat. Inguruan entzuten duten edozein barre edo algara eurengatik dela pentsatzen dute, eta larrimin eraso baten sintomak ere senti ditzakete zenbaitetan: izerdia, zorabioa eta dardarak.
Grekozko gelotofobia izena ematen zaio arazo horri (gelos-ek 'barrea' esan nahi du eta fobos-ek 'beldurra'), eta norbait barrezka sumatu orduko agertzen da. Irrigarria den zerbait esan edo egin duela iruditzen zaio norberari, eta bere aurkakotzat hartzen du barrea. Nahasmendu horrek gazteei eragiten die gehienbat, garai zaila -nerabezaroa- pasatzen ari diren gazteei, segurtasun falta, herabetasuna eta baztertuko dituzten beldurra izaten dutenei, batik bat. Batzuetan luze irauten du egoera horrek, eta ondorio kaltegarriak ekartzen dizkio pertsonari: harreman sozialek eta ezezagunekin egoteak ikaratu egiten ditu. Fobia horrek sortzen duen segurtasun falta horrek bakartzera eramaten du pertsona eta depresioak ere eragiten dizkio.
Nahasmendu hori gainditzeko modurik onena era progresiboan jokatzea da, eta beldurren bat azaleratu dezakeen egoera sozial oro saihestea. Humor aldizkarian berriki argitaratu den ikerketa batek neurtu nahi izan du nola eragiten duen kultura bakoitzean besteen barreak eta horri lotutako beldurrak. 73 herrialdetako profesionalek babestu dute ikerketa, eta Zuricheko Unibertsitateak koordinatu ditu guztiak. Ikerketa horrek irtenbide bat eman du: jende horrek saihestu egiten ditu euren gizarte-bizitza aldatzen duten egoerak. Hortik ondoriozta daitekeenez, gainerako fobiek bezala funtzionatzen du honek ere: arazoa saihestuz gero, ez da agertzen. Ikerketaren egileek galdetegi bat eman zieten 93 zientzialariri (42 hizkuntzara moldatuta), 22.610 pertsonaren laginak lor zitzaten. Horri esker jakin ahal izan zuten zenbait pertsonak gelotofobia pairatzen dutela eta desberdintasun kulturalek zenbateraino eragiten duten ere ikusi ahal izan zuten (desberdintasun horiek funtsezkoak izaten dira edozein psikologia-tratamendu emateko).
Lotsaren barneko fenomeno berezitzat jotzen dute gelotofobia, eta sozializazio fase goiztiarretan agertzen da (prelinguistikoan). Besteen barreari izaten zaion beldurraren arrazoia bizipen traumatiko errepikatuetan egon ohi da, haurtzaroan edo nerabezaroan irrigarri geratu izanak edo irrigarri sentiarazi izanak eragindako bizipenetan. Bizitzako aro horietan, euren nortasuna eraikitzen ari dira gazteak, eta bereziki zaintzen dute besteek nola jokatzen duten euren ekintzen aurrean. Sortzen dituzten harremanetatik abiatuz garatzen dute euren nortasuna, eta bizipen txarrek arrasto sakonak utz ditzakete berengan. Haurtzaroko bizipen jakin batzuen ondorio da fobia hori, eta hala delako, gurasoek arreta handiz zaindu behar dituzte zenbait jokabide. Haurrari arretarik ez eskaintzeak, goxotasunik ez emateak edo modu sarkastikoan iseka egiteak lotsarazi egin dezake, eta gutxiagotasun sentimendua sor diezaioke. Sarkasmoak indar handia du jokabideak zigortu edo kontrolatzeko, baina zenbait adingaberi etengabe egiten diete iseka edo irri, eta herabe jokatzen dute, beren burua babesten saiatzen dira. Haurrei arretarik ez eskaintzeak ere berdin eragiten du, ezin baitute jakin euren jokabideak egokiak diren edo ez; gizarte-jokabideetan ongi zer dagoen eta zer ez ikasi ez dutenez, handik aurrerako aro edo garaietan segurtasunik gabe sentituko dira edozein gizarte-ekimenen aurrean. Gizarte-gaitasunak landu ezinik geratzen dira, ez baitiete erakutsi.
Haurrek eta nerabeek gizarte-ikaskuntzak eskuratzeko egiten dituzten ahaleginak apaltzea, irrigarri uztea edo horiei ez ikusiarena egitea kaltegarria izaten da, besteei eta besteen erreakzioei behar baino gehiago begiratzera eramaten baititu. Horrexegatik hartzen dute hainbeste garrantzi besteen barreek. Eta autoerreferentzia sentimenduak ere ager daitezke gelotofobiari lotuta. Alegia, norberak pentsatzen du bera dela arretagune nagusia, berak zer egingo begira daudela beste guztiak, eta, ondorioz, edozein gizarte-egoerak estutzen eta larritzen du.
Familia bat oso-oso itxia bada, oztopatu egingo du seme-alaben sozializazioa, eta haurrak ez direnez beren inguruan modu natural eta librean integratzen, ohikoa izaten da egoera zailak agertzea egokitzapen sozialaren prozesuan. Jendearekin harremanen bat eduki behar dutenean agertzen dira zailtasun horiek: estres uneak bizi izaten dituzte eta, unearen larriak eraginda, trakets jokatzen dute, tentsioz beteta eta irrigarri.
Testuinguru horretan, barrea izaten da gazteen arteko loturak eta bereizketak egiteko modu nagusietakoa. Gehienak batu egin ditzakeen bezala, beste batzuk banatu ere egin ditzake barreak. Nerabezaroan oso garrantzitsua izaten da taldearen presioa. Gizarte-taldeak jokabide arau batzuk ezartzen ditu, estilo bat, hitz egiteko modu bat, musika mota bat... eta gazte askok behartuta ikusten dute beren burua joera horiei jarraitzera, badakite-eta, egin ezean, irrigarri geratzeko arriskua izan dezakeela eta besteek haren lepotik barre egin dezaketela, edo taldetik kanporatu. Irrigarri geratzeak bereziki mintzen duen gazte bat ez da lasai egongo besteek egiten dituzten txantxekin, ez du besteekin barre egingo, bere burua babesten ariko delako, eta horrek are gehiago handitzen du taldeak baztertzeko aukera. Muturreko egoeretan, taldea pertsona batekin tematu eta etengabe barre egiten badiote, horri ez zaio esaten gelotofobia (ez da norberaren beldurra); hori bullying-a da. Jazarpen horrek are gehiago okertzen du egoera, eta arriskua izaten da pertsonari egoera traumatiko bat sortu eta luze iraunarazteko; helduaroan pentsamendu paranoikoak ere eduki ditzake, eta besteekiko mesfidantza neurrigabea erakutsi.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa