Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Gosaritarako bederatzi galleta aztertu ditugu: Betiko 'maria' galletak dira osasungarrienak

Egunero gosaritan jateko, 'maria' era-koak dira egokienak, galleta 'gorrituak' eta beste batzuk baino gehiago: gantza osasungarriagoa dute, zuntz gehiago daukate eta kaloria gutxiago. Eta dastatze proban emaitza ona lortu dute

  Gosaria izaten da eguneko lehen otordua, eta garrantzi handikoa gertatzen da haur eta gazteentzat. Gosaririk egokienak esnea eduki behar luke, edo esnekiak, kaltzioa emateko; fruta eta zukuak, zuntza eta bitaminak emateko; eta laboreak, beren karbohidrato eta proteinekin. Baina gauza bat da zer den gosaririk egokiena, eta beste bat, berriz, zer gosaltzen den gure etxeetan. Eta zer jaten dugu, bada, gosaritan? Galletak, nagusiki. Hori dela eta, gosaritarako 9 galleta aztertu ditu CONSUMER EROSKI-k laborategian: oinarrizkoak izan dira horietako bi (Petit, Río etxekoa, eta La Buena María, Fontanedarena), gorrituak lau (Marbú Dorada, Artiach etxekoa; La Buena María Ilustrada, Fontanedarena; María Oro, Cuétararena; eta Creme Tropical, Gullón etxekoa) eta beste hirurak bereziak (Marie Lu, Lu etxekoa; Chiquilín, Artiachena; eta Yayitas, hori ere Lu etxekoa).

Legeak dioenez, galleta horiek guztiak "maria erakoak dira, xigortuak eta trokelatuak", eta osagaien artean, irinak, azukreak eta gantz jangarriak izaten dituzte (bestelako gehigarriak ere bai batzuetan, produktua aberasteko), eta ore elastiko bat osatzen dute, glutenaren eraginez. Prentsa-sistemarekin mozten dituzte edo arrabola trokelatuarekin. Galleta gorrituei landare olioa ematen diete gainean labean eduki ondoren, eta berezien sailekoak, berriz, oinarrizkoetatik desberdinak izaten dira formaz, edo osagai bereziren bat edukitzen dute (Marie Lu galletek, esaterako, arrautza daukate, eta Chiquilín-ek, arrautza, eztia eta kokoa). Yayita izenekoak ere gorrituak dira, landare olioz igurtzi baitituzte horiek ere. Guztietan merkeenak Rio etxeko Petit galletak izan dira (2,04 euro balio izan du kiloak) eta garestienak, berriz, Lu etxeko Marie Lu galletak (3,52 euro balio izan du kiloak). Oinarrizkoen saileko biak beste guztiak baino merkeagoak izan dira (2,04 eta 2,18 euro kiloak), eta berezien sailekoak atera dira garestien, 2,99 eta 3,52 euro artean kiloa. Gorrituen kiloak, berriz, 2,21 eta 3,01 euro artean balio izan du.

Galletak ala bestelakoak: 'sobaoak', magdalenak, kruasanak eta laboreak

Guk aztertu ditugun galletek ia ez dute urik izaten (% 1,5 eta 3 arteko hezetasuna eduki ohi dute), baina gantza bai dezente, nahiz eta kopurua aldatu egiten den mota batetik bestera (Rio etxeko Petit galletek % 10 dute gantza, eta Cuétara etxeko María Oro izenekoek, % 25); galletek zerbait badaukate, ordea, karbohidratoak dauzkate: batez beste, % 72, baina badira % 79 dauzkatenak ere. Proteinatan ez dira hain oparoak, baina badute zertxobait: produktuaren % 5,5-7 artean dabiltza. Eta zuntza ere aski gutxi daukate, besterik pentsa badaiteke ere: % 3,2 daukate Petit galletek (horiek eman dute gehien, eta gutxien, berriz, Artiach etxeko Marbú dorada izenekoek, % 1,1 baino ez).

Landare olioarekin egindako galletak osasungarriagoak dira landare gantzarekin egindakoak baino

Laborategiko azterketak erakutsi duenez, galleta horiei azukre ugari eransten diete: guk aztertu ditugun bederatzietatik hiruk % 19-20 artean eduki dute azukrea, eta guztien batez bestekoa % 17koa izan da. Galletak gozotzat jotzen dira, oro har, baina gatzik ere ez dute falta izan guk aztertu ditugunek: Marie Lu-k % 1,2 eduki du gatza, eta Chiquilin-ek % 0,3. Elikagai bat gaziegi jotzen da gatza % 1,5etik gora daukanean.

Elikadura-ezaugarri horiek edukita (hezetasun gutxi, karbohidrato asko eta gantz dezente), pentsatzekoa da kaloria ugari emango dituztela galletek. Eta halaxe da, izan ere: batez beste, 465 kaloria ematen dituzte ehun gramo bakoitzeko; oinarrizkoek zertxobait gutxiago (432 kal/100 g) eta gorrituek gehixeago (482 kal/100 g). Hori horrela dela jakinik, ez da komeni otordutik otordurako tartean galletak jatea. Hobe da gosaritarako uztea.

Galletak ez ezik, merkatuak beste hainbat aukera gozo ere eskaintzen ditu gosaritarako, eta ongi etortzen da batzuk eta besteak alderatzea. Hori egiteko, ordea, bi sail egin behar dira galletetan: batetik oinarrizko mariak hartu behar dira, eta gorrituak eta bereziak bestetik. Oinarrizko mariak osasungarriagoak dira: besteen erdia dute gantza, eta horregatik, eta lipidoen izaera zertxobait hobea dutelako (gantz saturatuen eta saturatugabeen arteko proportzioaren araberakoa izaten da hori), gantz saturatu gutxiago dituzte, gorrituek eta bereziek baino. Gainera, zuntz gehiago dute eta kaloria gutxiago ematen dituzte.

Gosaritan jateko izaten diren beste jaki batzuekin alderatuta ere, osasungarriak gertatzen dira oinarrizko maria galletak; sobao eta kruasanek, adibidez, gantz gehiago dute galleta horiek baino, eta gantz saturatu gehiago ere bai, eta haiek baino kaloria gehiago ematen dituzte. Magdalenekin, alderatuta, ordea, besterik gertatzen da: magdalenek gantz gehiago izan arren, gantz horien % 16 soilik dira saturatuak, eta maria galletek, aldiz, gantzen % 50 dituzte saturatuak; gatza ere askoz gutxiago daukate magdalenek, maria galletek baino. Beraz, elikadura-ikuspegitik, zertxobait hobeak dira magdalenak (alde nabarmen-nabarmenik ere ez dago, egia esan). Maria galletak eta gosaritako laboreak alderatuz, berriz, aldea handiagoa da (laboreen alde): gantz gutxiago dute laboreek (% 2 eta 6 artean), askoz zuntz gehiago (% 15 eta 25 artean), eta 365 kaloria soilik ematen dituzte ehun gramo bakoitzeko (maria galletak 430en inguruan dabiltza). Maria galleta oinarrizkoekin alderatu beharrean, beste bi motetako galletekin alderatuz gero, galletak ez dira geratzen leku onean: magdalenak osasungarriagoak dira, eta zer esanik ez laboreak. Bi galleta mota horiek kruasanen eta sobaoen pare dabil-tza elikadura-ezaugarrietan, eta ez dira oso komenigarriak eguneroko gosariak egiteko; galletek gantz gutxixeago dute, baina horien lipido-izaera ez da onena (saturatuak dituzte gantzen erdiak edo gehiago); gatza, azukrea, zuntza eta kaloriak, berriz, antzera dituzte.

Zein da galletarik onena gosaritarako?

  Azterketa mikrobiologikoak erakutsi duenez, egokia izan da galleta guztien higiene-egoera, eta osasunarentzat ez dute eduki arriskurik, baina B. cereus eta enterobakterioak antzeman ditugu bederatzi galletetatik zortzitan (Gullón etxeko Creme Tropical-ean ez beste guztietan agertu dira). Etiketak emateko orduan, berriz, gaizki ibili dira bederatzitik bost. Hutsegiterik larriena Marie Lu galletetan antzeman dugu: "zuntz iturri" direla esaten du etiketak, baina horretarako, gutxienez % 3 eduki behar dute zuntza, eta galleta horiek % 1,7 zeukaten, aztertu ditugun beste zazpik baino gutxiago.

Esan dugu oinarrizko mariak direla guztietan osasungarrienak. Gainerako zazpien artean ez dago alde handirik, baina bat nabarmendu da besteen gainetik, onerako: Cuétara etxeko María Oro, hain zuzen. Gantz saturatu gutxien berak eduki du, nahiz eta besteek baino gantz gehiago eduki (produktu guztiaren % 25 ia). Gantz hori, ordea, landare oliotik datorkio, ez landare gantzetik, eta horrexegatik da hobea (gantzen % 21 dira saturatuak, eta gainerakoak, % 50-70 artean dabiltza). Ehun gramo bakoitzeko, 5 gramo gantz saturatu dauzkate Maria Oro galletek (oinarrizkoek adina), eta Creme Tropical izenekoak, esaterako, 15 gramoen inguruan dabiltza, eta beste hiru, berriz, 10-11 gramoen bueltan. Maria Oro galletek daukaten alde txar bakarra kaloriak dira: 505 kaloria ematen dituzte ehun gramo bakoitzeko, eta oinarrizkoek, aldiz, 440 kaloria inguru.

Baina galleten ezaugarriak ez dira neurtu behar elikadura-ikuspegitik soilik. Galletek goxoak eta gustagarriak izan behar dute. Alderdi organoleptikoa neurtzeko, 45 kontsumitzailerekin dastatze proba egin dugu eta galleta mota bakoitza bereizita eman diegu dastatzera. Proba horretako emaitzen arabera, Fontaneda etxeko La Buena María galletak gustatu zaizkie gehien kontsumitzaileei oinarrizkoen artean; gorrituen artean ez da bat bera ere nabarmendu, eta berezietan, berriz, Chiquilín galletak gehiago gustatu zaizkie beste biak baino. Emaitza orokorra ona izan da. Galleta bakarrak ere ez du lortu erdipurdiko emaitza, eta Chiquilín (7,7 puntu) eta La Buena María (7,3 puntu) nabarmendu dira besteen gainetik. Kalitate-prezioetan bat bereizi behar eta, Fontaneda etxeko La Buena María gailendu da: bi merkeenetako bat da, elikadura-ezaugarri onentsuenak dituena eta dastatze proban emaitza aipagarria eskuratu du. Río etxeko Petit galletak ere egokiak dira gosaritarako. Esan beharrik ez dago zer gertatuko litzatekeen galletei gurina edo margarina emango bagenie... gauza asko aldatuko litzateke, txarrerako, jakina. Gantz eta zapore gehiago duten galletak maite dituenarentzat, Cuétara etxeko María Oro galletak dira egokienak eguneroko gosaritarako: dastatze proban ez dira nabarmendu eta kaloria gehien horiek ematen dute, baina landare olioz egindako bakarrak dira, eta, ondorioz, besteek baino gantz osasungarriagoak dituzte; eta, gainera, merkeenetakoak izan dira.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto