Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Augusto Cury, Psikiatra: "Irakasleek orain halako bi irabazi behar lukete eta erdia lan egin"

 Augusto Cury-k pasioz hitz egiten eta idazten du heziketari buruz. Brasildar psikiatra honen hitzetan, hala ere, ez du lekurik geografiak, matematikak, fisikak, historiak... Berak enpatiari jartzen dio arreta, sormen askatasunari, eta, azken batean, ezagutzaren humanizazioa deitzen duen horri. Egungo sistemak informazioz itotzen gaitu, ospitale psikiatriko handi bihurtu du gizartea, eta pertsona gaixoak sortzen ditu etengabe, horra Curyren oharra. Eta irtenbidea ez omen dute legeek ekarriko. Haren iritziz, irakasleen irudiari prestigioa ematea da kontua, irudi hori baita garrantzitsuena herrialde batentzat, eta gurasoen eta haurren arteko harremana sendotzea ere funtsezko jotzen du. "Gurasoek euren lorpenen berri kontatu behar diete seme-alabei, baina baita porrot eta frustrazioen berri ere".

Irakasleen autoritateari buruzko eztabaida sortu da Espainian. Horien irudia lege bidez indartzeko proposamenak ere egin dituzte. Irakasleek autoritatea galdu dutela iruditzen zaizu zuri ere?

Irakasleak mundu guztian ari dira autoritatea galtzen, ez Espainian soilik, baina horren errua ez da haurrena edo nerabeena. Haur eta nerabe horiek sindrome berri bat daukate, Pentsamendu Azeleratuaren Sindromea, alegia. Produktuen eta zerbitzuen kontsumitzaile bihurtu dira, eta ez ideien eta sentsibilitateen kontsumitzaile. Iraganean, 200 urte behar izaten ziren informazio kopurua bikoizteko, eta egun, aldiz, bost urtez behin bikoizten da. Informazio gehiegi horrek estutasuna eta haserrekortasuna agerrarazten ditu... eta arauekiko errespetua galarazten, baina lege batek ez du konponduko autoritatearen arazoa. Goitik behera aldatu behar da heziketa, horixe egin behar da, eta heziketa humanizatuagoa bilatu.

Autoritatean oinarritu behar du irakasle-ikasle arteko harremanak?

Bai, baina ez autoritate inposatuan, ezpada emozioei babes ematen dien autoritatean, sormen askatasuna sustatzen duen horretan, eta abentura intelektuala ere bai. Kontrolatuz jarduten duen autoritatea arazo da, baina ez da dudarik maisu-maistrak eta irakasleak gehiago errespetatu eta balioetsi behar dituela gizarteak. Nire iritziz, orain halako bi irabazi behar lukete, eta erdia lan egin. Irakasleak duintasunez tratatu behar genituzke, askatasun gehiago eman behar genieke, ez kontrol lanean jarduteko, baizik eta pentsatzeko artea estimula dezaten, adimena sustatzeko, gazteek utz diezaioten historiaren biktima izateari eta has daitezen historiaren protagonistak izaten.

"Orain halako bi irabazi behar lukete irakasleek, eta erdia lan egin"

Pertsona aktiboak sortu behar direla diozu, ez herritar pasiboak.

Bai, horrexetan ari gara eta, pertsona pasiboen belaunaldia sortzen. Utziko dugun ondare txarrak eragin negargarriak izango ditu, eta, gainera, ez gara ari sortzen pentsatzaile kasta bat, gai horiei erantzun adimentsuak eman ahal izateko.

Aldaketa hori egiteko, zer harreman mota lortu behar litzateke: errespetuzkoa, konfiantza gehiegizkorik gabea, kidetasunezkoa...?

Autoritatea eta afektua bilduko dituen zerbait izan behar du. Eta formula horretan zaila da erdibidea aurkitzen: edo autoritate asko daukagu eta sentsibilitate gutxi, edo sentsibilitate asko eta autoritate gutxi. Gurasoetan, seme-alabekin esperientziak trukatzea falta izaten da askotan, eta funtsezkoa da hori egitea. Gurasoek euren bizitzako gertakaririk garrantzitsuenak zein izan diren kontatu behar diete haurrei. Umeek jakin behar dute zer lorpen egin dituzten gurasoek, baina jakin behar dute, halaber, zertan egin duten porrot eta zer frustrazio dauzkaten... horrela soilik eraikiko dute euren buruan gurasoen egiazko irudia, mitorik gabea, eta horrela soilik eraiki ahal izango dute eredu berri bat: sufritzen duen pertsonarena, borrokatzen denarena... seme-alabek ere beren ametsak gauzatzeko modua izan dezaten. Guraso asko jokabide-eskuliburuetan oinarritzen dira, arau-eskuliburuetan, baina eskuliburuek balio dute makinak erabiltzeko, ez pertsonak.

Eta gurasoen eta irakasleen arteko harremana nolakoa izan behar du?

Gurasoen eta irakasleen arteko liskarrak mundu guztian gertatzen dira, ohiko bihurtu da hori. Herrialde guztietan sumatzen da oldarkortasun gehiago: gurasoen eta irakasleen artean, gurasoen eta seme-alaben artean, eta ikasleen euren artean ere bai. Zenbait ikerketak esaten dutenez, mundu guztiko haur eta nerabeen % 6 eta 40 inguruk jasan izan dute noizbait tratu txar psikiko edo fisikoren bat. Zergatik gertatzen da hori? Gizarte modernoa ospitale psikiatriko handi bihurtu delako, horrexegatik. Egun, zer da normala? Haserre egotea, urduri, tentsioan, pazientziarik ez edukitzea, hurkoaren lekuan ez jartzea... Eta jarrera horien kontrakoak iruditzen zaizkigu anormalak: jatorra izatea, gehiago besarkatzea, egun bakoitza une magiko bihurtzea... Gurasoek prestatu egin behar dituzte seme-alabak, bizitzaren antzerkia zer den uler dezaten. Zintzoki esango dizut: iruditzen zait seme-alaba gaixoak prestatzen ari direla guraso asko, gizarte gaixo batean bizi daitezen. Guraso onek opariak ematen dizkiete haurrei, eta guraso argiek, beren historia pertsonala. Irakasle onek arrakasta lortzeko prestatzen dituzte ikasleak, eta irakasle argiek, egunik zailenei aurre egiteko prestatzen dituzte ikasleak, txarra den hori sormen energia bihurtzen ikasteko. Bizitzan guztiok izaten ditugu estres handiko egoerak, ezin aurreikusi direnak. Gure emozioak babesten ikasi behar dugu.

"Pertsona pasiboen belaunaldia sortzen ari gara"

Nola?

Gauza bat baino gehiago hartu behar dira kontuan: ematen ikasi behar dugu, ordainetan zer jasoko dugun pentsatu gabe; ulertu behar dugu min ematen duen pertsona baten atzean, min hartu duen pertsona bat dagoela; besteekin ez dugu zorrotz-zorrotz jokatu behar eta malguagoak izan behar dugu. Lider askok, arrakasta lortzen duten pertsona askok ez dakite beren emozioak kontrolatzen, malguak ez direlako. Beti arrazoi edukitzeko beharrizan neurotikoa daukate, beste guztiak beren inguruan dantzan edukitzeko beharrizana. Hori oso kaltegarria da. Funtsezkoa da gure hutsegiteak onartzeko gaitasuna edukitzea.

Irakaslea sakratua dela nabarmentzen duzu. Baina askoren amets bakarra da lehenbailehen erretiroa hartzea.

Mundu guztiko arazoa da hori. Hezkuntzan, beste arlo askotan ez bezala, hauxe gertatzen da guk nahi baino maizago: baduzu saltzaile bat, baina eroslerik ez. Eta ezin da ahaztu informazio-eskaintza mugagabea dela egun. Gaur egun, zazpi urteko haur batek informazio gehiago dauka, erromatar enperadore batek zeukana baino. Baina informazio horiek ez dira ezagutza bihurtu, ezagutza ez da esperientzia bihurtu eta esperientzia jakinduria. Informazio horiek estresa, ezinegona, estutasuna sortzen dute. Hiperaktibitate funtzional bat sortzen da, sistema gaixo horretatik ikasia. Lehen aipatu dut Pentsamendu Azeleratuaren Sindromea. Horretaz ari naiz. Buruko mina daukate, giharretako oinazea, kontzentrazio falta, asegabetasun kronikoa, haserrekortasuna, emozio gorabeherak, arauak gutxiesten dituzte... Eta hori guztia kanporatzen dute produktuak eta zerbitzuak neurrigabe kontsumituz. Diktadore bihurtzen dira, gauza guztiak berehala lortu nahi dituzte.

Gure bizimoduan zerbait aldatu behar dugu, orduan, baina zer?

Denbora behar da garuna entrenatzeko, eta garrantzitsua da hori hala dela barneratzea. Pertsona batek gauza txikiak opari gisa hartzen dituen neurrian, bere emozioari egindako oparitzat, eta entrenamendu gisa, bizitzarako prestakuntza gisa, aberatsagoa izango da psikiatria eta psikologia ikuspegitik. Sekula ez da gaur beste garatu entretenimenduaren industria, eta sekula ez dira izan pertsonak gaur bezain triste eta depresiboak. 20 urteren buruan, depresioa izango da gaitzik handiena.

"Gurasoek euren lorpenen berri kontatu behar diete semealabei, baina baita porroten berri ere"

Eta zer egin daiteke ikastetxeetan?

Saiatu behar dugun haurrek harreman gehiago eduki dezaten naturarekin, eskulan gehiago egin ditzaten, musika ikasi... Musika klasikoa oso ona da pentsamendua desazeleratzeko. Horregatik aholkatzen dugu ikasgeletan musika jarri behar litzatekeela azalpenak ematen ari direnean, eta zirkuluerdi bat eginez jar daitezela irakaslearen inguruan, platea batean baleude bezala. Bi neurri erraz horiek hartuta, haurren eta irakasleen estresa erdira jaitsiko litzateke. Guk probatu eta egiaztatu dugu nire herrialdeko eskola gatazkatsuetan, Brasilen. Teknika horiek eta beste batzuk erabilita, hiru hilabeteren buruan lortu dugu egunero Poliziari deitu beharrik ez izatea eta ikasleek gauzak ikasteko ilusioa eta jakin-mina agertzea. Aldaketa horiek egiteko ez da inbertsio handien beharrik. Merkea da.

Hain justu, sekula ez da inbertitu gaur adina hezkuntzan, baina emaitzak ez dira nahi genituzkeenak.

Hala da. Eta berriz esango dut: irakasleak dira, nire iritziz, gizarte bateko pertsonarik garrantzitsuenak, baina hezkuntza sistema gaixo baten barnean ari dira. Adibide bat jarriko dut: hezkuntza sisteman ez da humanizatzen ezagutza, eta hori krimen intelektuala da, okerreko egia sinetsiko duelako haurrek, nerabeek eta unibertsitarioek: ezagutza sortzea superheroien, erraldoien lana dela sinetsiko dute. Eta ez da hala. Ezagutza sortzaile handi izan diren guztiek pasatu dituzte krisiak, eduki dituzte dilemak, baztertuta egon dira...Ezagutza humanizatzeaz gain, irudimena sustatu behar da informazioa baino gehiago. Eskola saiatzen denean ikasleek informazioa eta informazioa pila dezaten, huts egiten ari da. Garun kortexean pilatzen den informazioaren % 90 ez da eskuratzen. Garrantzitsuagoa da datuak modu berri batez antolatzea, irudimen-pentsamendua landuz, adibideak erabilita pentsatuz, arrazoimen eskematikoa garatuz, asmamena...

Pentsamenduaren tresnak indartzea da gakoa.

Horixe bera. Funtsezkoa da. Datuak gordetzeko gaitasuna mugatua da, baina sortzeko gaitasuna amaiezina da. Burua datuz betetzeak, datuak eta datuak, horrek estutasuna eta haserrekortasuna sortzen du.

"Gaur egun, zazpi urteko haur batek informazio gehiago dauka, erromatar enperadore batek zeukana baino?

Gizarte sareak, solasguneak, eztabaidaguneak... Gazteentzat Internet da plaza publikoa, eta hor egiten dituzte harremanak. Zer jarrera hartu behar dute gurasoek?

Internetek aukera ematen du gazteek euren mundua zabal dezaten, hori hala da, baina, aldi berean, areagotu egiten du harremanen azalkeria, eta horrekin batera, konfiantza falta ere bai, eta bizi-esperientzia sakonak trukatzeko zailtasuna ere izugarri handitzen du. Muga bat jarri behar dela iruditzen zait, eta hori gurasoek egin behar dutela, baina, ahal den neurrian, deus inposatu gabe, elkarrizketa erabiliz. Arauak ulertu egin behar dira lehenik, eta gero onartu.

Komeni da, beraz, gazteak elkarrekin bilduz jar daitezela harremanetan, eta ez bide birtualetatik.

Harreman fisikoak ordezkaezinak dira. Azken bi hamarkadetan gertatu diren bi fenomenok aldatu egin dituzte giza harremanak. Lehena telebista izan da. Gurasoek eta seme-alabek arreta gehiago jartzen diete pantailan ageri diren irudiei, eta elkarren arteko hizketa isildu egiten da. Ondorioz, familia bihurtzen da leku berean bizi den arrotz multzo bat. Bigarren fenomenoa Internet da. Telebista baino askoz hobea da, ikuslea ez delako pasiboa. Aktiboa da. Internet bidez pertsona asko ezagutzen ditugu, baina haren etxeko ataria soilik ezagutzen dugu, ez barru-barruan dagoena, eta hortxe dago arazoa. Gainera, bizitzak ez du ematen dozenaka, ehunka lagun min edukitzeko adina, eta Internetek besterik pentsaraz diezaguke. Ezinezkoa da. Lagun onak esku bakarreko hatzekin konta daitezke, edo bi eskuetakoekin, asko jota. Eta hori aurrez aurreko harremanean landu beharra dago.

Gurasoek seme-alaben lagunak izan behar dute?

Seme-alaben lagunik onenak izan behar dute gurasoek. Mugak ere jarri behar dituzte, baina ekuazio horretan dago gakoa, mugen eta adiskidetasunaren arteko ekuazioan. Beharrezkoa da gure seme-alabak harritzea, eguneroko errutinatik irtetea, gure galeren eta frustrazioen berri ematea, seme-alabek uler dezaten gure bizi esperientzien bidez -ez beti onak, gainera-, sentiberago egiten garela, gizatiarrago, eskuzabalago.

"Sekula ez da gaur beste garatu entretenimenduaren industria, eta sekula ez dira izan pertsonak gaur bezain tristeak"

Ez zaizu iruditzen gurasoak adiskidetzat hartuta, seme-alabek oker uler dezaketela harreman horren muina?

Adiskide izan behar dela esaten dudanean, ez dut esan nahi seme-alabek aurrez antzeman behar digutela zer egingo dugun, seme-alabei nahi dutena egiten utzi behar zaiela, gehiegi babestu behar direla edo haurrek gurasoak manipulatu behar dituztela. Egun, haurrek manipulatu egiten dituzte gurasoak. Adiskide izateak esan nahi du gure irudi ezin hobea ematea seme-alabei, gehiago besarkatzea, maitekorragoak izatea eta eskuzabalagoak; eta aldi berean, mugak jartzen jakitea, ezetz esaten ikastea... Hau da, oreka lortzea autoritatearen eta afektibitatearen artean.

Ez dirudi erraza oreka hori lortzea.

Ez da erraza, ez. Baina egiten ez badugu, nola prestatuko ditugu gure seme-alabak bizitzak jartzen dituen erronkei aurre egiteko, krisiei, estualdiei, desilusioei... Gure seme-alabak ez baditugu prestatzen beste gizaki batzuekin harremanak edukitzeko? Ez dugu egingo baldin eta arau-eskuliburu oso zorrotz eta azalekoa hartzen badugu oinarri; eta nahi duten guztia egiten uzten badiegu eta eskatzen duten guztia erosten badiegu, orduan ere ez dugu egingo. Era horretan jokatuz, kontsumitzaileak soilik sortzen ditugu, kreditu txartel baten zenbakiak.

Eskola porrota, jazarpena, 'bullying'-a, aspaldiko arazoak dira eta gizarte guztietan ageri direnak. Zergatik ematen diegu halako garrantzia gaur egun?

  Gero eta ohikoagoa da haurrak eta gazteak krudel jokatzea elkarren artean, eta sentimendurik ez erakustea besteen minarentzat. Gero eta enpatia gutxiago dago, bestearen lekuan jartze hori. Adimenaren funtziorik garrantzitsuenetakoa da, eta inon ez dute lantzen. Zer egin behar litzateke? Gurasoek eta irakasleek lagundu behar lituzkete seme-alabak, ikus dezaten nola bizi den hain ongi ez dagoen jendea, langabeak, adinekoak, gaixoak... Gure haurrak ez baditugu behin eta berriz horretan entrenatzen, ehunka aldiz, ez dute garatuko gaitasun hori. Eta horren faltan, liderrak sortuko ditugu, oso txarrak, beren zilborrari baino begiratzen ez diotenak.

Guztiok ezin ditugu eduki maila handiko ikasketa, lan bikainak eta aitortza handiak. Arrakastaren gizartean, nola erakutsi jendeari arrakastarik gabe bizitzen?

Egungo gizartea obsesionatuta dago garaipenarekin, podiumarekin, lehenengo izatearekin. Baina gutxi batzuk soilik irits daitezke horra. Baina izan gaitezke hamargarrenak, ehungarrenak, milagarrenak, duin eta zoriontsu, eta hori irakatsi daiteke, eta irakatsi egin behar da. Tamalez, gizartearen agenda paranoikoak kontrakoa sustatzen du.

"Seme-alaben lagunik onenak izan behar dute gurasoek, baina horrek ez du esan nahi haiek nahi duten guztia egiten utzi behar dietenik"

Zuk baduzu seme-alabarik?

Hiru alaba dauzkat, eta izugarri maite ditut.

Esaten duzun hori egiten duzu haiekin?

Egiten dut, eta zenbaitetan nire hutsegiteak onartu behar izaten ditut, barkamena eskatu... nahi dudalako nire alabek uler dezaten zer den pertsona heldu izatea: bere hutsegiteak onartzen dituena. Duela urte batzuk, alaba zaharrenak aurpegiratu zidan jende asko hartzen nuela kontsultan, hitzaldi asko ematen nituela, baina azkenaldian ez nuela denborarik berekin hitz egiteko. Begietara begiratu nion, besarkatu eta esan naion: "Egia da". Eta aldatu egin nintzen.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto