Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Egunean behin baino gehiagotan dutxatzea edo azalaren berezko PH-a aldatzen duten xaboiak erabiltzea kaltegarria izan liteke, larruazaleko gaixotasunak sortzeraino
Goizean guztiz ernatzeko, ilunabarrean gorputza lo-bidean jartzeko, edo, besterik gabe, gogoak eman digulako... ohiko gauza da guretzat dutxa hartzea, eta pentsatu ere ez dugu egiten horrek kalteren bat ekar lezakeen edo ez. Eta itxuraz, ez da gure kontua soilik. Espainian, lau lagunetatik hiru egunean behin dutxatzen dira, gutxienez. 5-10 minutu egiten omen dituzte ur azpian, eta gela eta esponja erabiltzen omen dituzte nagusiki. Iaz egindako inkesta batzuen emaitzetatik atera ditugu datu horiek. Txorrotak egiten dituen etxe batek egin zuen galdeketa, espainiarrek dutxatzerakoan zein ohitura dituzten jakiteko.
Higienea, garbitasuna, txukuntasuna eta erosotasuna. Arrazoi horiexek eramaten gaituzte dutxara, baina egunero dutxatuz, ez ote gara ari garbia garbitzen? Hori ez ote da kaltegarria larruazalarentzat? Dutxatzearen onurak begi bistakoak dira, baina garbitasunarekin gehiegi tematzeak kalte ere egin diezaioke gure gorputzari, batik bat produktu desegokiak erabiltzen ditugunean.
Larruazala da giza gorputzak duen organorik hedatuena, eta, gainera, gure lehen babes-lerroa da, kanpoko elementu eta mikroorganismo kaltegarriei jartzen diegun hesia. Hainbat geruza eta estratu ditu larruazalak, eta horiei esker ematen digu babesa. Geruza horietako bat mantu lipidikoa da; larruazal guztia estaltzen du, modu naturalean babesten du, eta ongi zaindu behar izaten da. Urak eta lipidoek osatzen dute, eta beste osagai batzuk ere baditu, ura dermisean atxikitzeko balio dutenak, hain zuzen. Funtzio hori oso-oso garrantzitsua da, larruazalak ongi hidratatua egon behar baitu babes-lana ongi egin ahal izateko.
Lipido-geruzaren PH-a zertxobait azidoa da (5,5en inguruan dabil), eta horrexek eragozten du mikroorganismoak gure larruazalean lasai asko ibil daitezen (germenak, bakterioak, birusak, akainak...). Oso garrantzitsua da, beraz, PH hori ez aldatzea. Halakorik gertatuko balitz, mantuak hainbat ezaugarri galduko lituzke, eta ezin izango lieke aurre egin kanpoko eragile horiei. Horixe gerta liteke, adibidez, egunero behin baino gehiagotan dutxatuta; erabiltzen ditugun gelek, xaboiek eta garbigarriek kalte egiten badiote larruazalaren berezko PH-ari, mantu lipidikoa ahitu egin liteke, eta larruazaleko patologiak ager litezke.
Dermatologiako eta Benereologiako Espainiako Akademiaren arabera, gure larruazalari ez zaio komeni egunean dutxa bat baino gehiago hartzea. Egunean dutxa bakarra hartzeko prestatua dago gure larruazala, eta hortik gora, jarraibide batzuei erreparatu behar zaie: bigarren eta hirugarren aldietan ura baino ez da erabili behar, xaboirik eta halakorik ez, bestela gaixotasun hauetakoren bat ager liteke eta:
Larruazalak bezalaxe, gelek eta xaboiek ere badute PH-a (azidotasun adierazlea da PH-a, eta horri esker neurtzen da produktuaren alkalinotasuna). Xaboi eta geletan, oso ongi zaintzekoa da PH-aren alderdi hori, eta larruazalaren PH-tik (5,5) hurbil dabiltzanak soilik erabili behar dira, eta inola ere ez 6,5etik gorako PH-a dutenak. Ez da komeni hortik gorako PH-a duten gelak erabiltzea, arrisku handia egon bailiteke mantu hidrolipidikoa aldatu eta indargabetzeko.
Jendeak pentsa lezake aparrari edo burbuilei erreparatu behar zaiela gel ona zein den eta zein ez erabakitzeko, edo lurrinaren arabera hautatu behar dela haur batentzako gela. Ez bata eta ez bestea. Gure larruazalarentzat egokiena den gela ezingo da izan ez oso lurrintsua ez oso apartsua. Xaboirik onenak izango lirateke oliba olioa osagai moduan dakartenak edo beste landare-olioren batekin eginak daudenak (almendra olioa, galorratz olioa, palma edo koko olioa). Horiek guztiak oso lagungarriak dira larruazalaren hidratazioa doitzeko eta babes-mantua zaindu eta indarberritzeko. PH egokia duten gelak erabiltzeaz gain, oso garrantzitsua da dutxatu ondoren azala hidratatzea. Krema hidratatzailea edo gorputzean emateko olioa ezartzerakoan, azala lehortu eta masaje arin bat emanez egitea komeni da, harik eta guztia xurgatzen duen arte. Aurpegian eta lepoan kontu gehiagorekin ibili behar da, eta mugatu egin behar da krema kopurua eta maiztasuna. Zenbaitetan, behar baino gehiago erabiltzen du jendeak, eta larruazaleko beste gaixotasun batzuk sortzen dira (aknea, besteak beste).
Egunean behin dutxatzea aski da garbi eta txukun ibiltzeko. Urak epela egon behar du, oso beroa egonez gero larruazala lehortu egiten baita eta artesitu ere egin daiteke. Iturriak: Julián Conejo-Mir doktorea, Dermatologiako eta Benereologiako Espainiako Akademiako presidente eta Dermatologiako katedraduna, eta STANPA (Perfumegintza eta Kosmetikako Elkarte Nazionala)
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa