Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Egiaztagiria da bermerik onena tindategiak emandako zerbitzuarekin gustura geratu ez denarentzat, eta horregatik baieztatu behar da informazio guzti-guztia ageri duela
Arropei orbanak kentzea izaten da tindategien lana, baina haien jarduera ez da izaten guztiz orbangabea, kexu asko eragiten dituzte eta. Espainiako Kontsumo Institutu Nazionalaren arabera, 2007. urtean tindategien alorretik etorri ziren kontsumo arbitrajerako eskarien % 59,9. Ez da harritzekoa, beraz, Kontsumitzaileak Defendatzeko eta Babesteko Lege Orokorra onartu zutenetik (1984an), tindategietako erabiltzaileek zer betebehar eta zer eskubide dituzten arautu izatea ia beste ezer baino lehen. Era askotako erreklamazioak izaten dira gai horren inguruan: botoiren bat galdu dela, orbanak ez dituztela garbitu, arropa urak hartu duela, aurrekontuan ageri den baino gehiago kobratu dietela... Halakorik gertatuz gero, egiaztagiria izaten da bermerik onena. Hori dela eta, agiri horrek beharrezko informazio guztia biltzen duela baieztatzea komeni da.
Garbiketa-tratamendu desegoki bat egin badute, beste bat egin dezatela eska liteke, eta doan egin dezatela. Janzkiren bat galdu edo hondatu badute, kalte-ordaina eskatuko dugu.
Erabiltzaileak eta zerbitzu-emaileak elkarrekin erabaki ahal izango dute janzkiari zer balio dagokion, eta horretan ados jarrita, janzkia galdu edo hondatuko balitz, kalte-ordain hori jasoko luke bezeroak. Janzkiaren balio adostua zenbatekoa den, egiaztagirian jaso behar da datu hori. Aurrez hitzarmenik idatzi ez badute, janzkia noiz erosia den ikusi beharko da, eta orduko preziotik zenbat jaitsi erabaki beharko dute, denborarekin balioa galtzen baitute arropek ere.
Ados jartzerik lortzen ez badugu, auzitara joan gaitezke. Leongo Probintzia Auzitegiaren epai batek, adibidez, 739 euroko kalte-ordaina ematera zigortu zuen tindategia bat, emakume baten ezkontza-jantzia hondatzeagatik (1.478 euro kosta zitzaion jantzia).
Espainian indarrean dauden arauak aintzat hartuta, eta autonomia erkidegoen artean dauden aldeak alde (ez oso adierazgarriak), tindategiek, batetik, bezeroen eskura jarri behar dute Erabiltzailearentzako Gomendioen Gutuna, eta, bestetik, kartelak agerian jarrita jakinarazi behar diete bezeroei zein eskubide, betebehar eta erantzukizun dituzten. Hauek, besteak beste:
Janzkia tindategian uzten dugun unean bertan, egiaztagiri bat eman behar digute beti, eta agiri hori erabili ahal izango du bezeroak edozein erreklamazio egiteko. Honako datu hauek agertu behar dute egiaztagiri horretan:
Tindategiak ezin digu ordaindu egiaztagirian esaten duena baino gehiago
Tindategiak uste badu janzki mota bat hondatu egin litekeela bezeroak eskatu duen tratamenduarekin, halaxe jakinarazi behar dio bezeroari, eta beharrezko balitz, beste tratamendu egokiago baten berri eman behar lioke. Bezeroa berean tematuko balitz, tindategiak ez luke bere gain hartuko janzkiak izan dezakeen ezein kalte, eta zer esanik ez egiaztagirian idatzita ageri bada ohar hori. Tindategiak uste badu tratamendu batek hondatu egin dezakeela janzkia, berariaz adierazi behar du egiaztagirian. Horrela soilik egin liezaioke uko erantzukizun bat bere gain hartzeari, istripua gertatuz gero. Proba moduan erabiltzeko, hitzez egindako oharrak ez luke balio.
Zerbitzu-emaileen ardura da eurek emandako zerbitzuek sortzen dituzten kalte-galerei erantzutea, eta klausula orokor batean esango balute uko egiten diotela erantzukizun oro hartzeari, hori gehiegizkoa izango litzateke. Kalte jakin baten erantzukizuna hartzeari uko egin ahal izango diote, baldin eta egiaztagirian oharren bat egin badute kalte jakin horren inguruan. Eta halakoetan, ezinbestekoa da erabiltzaileak egiaztagiria sinatu izatea.
Zenbat denbora atzeratu garen. Zerbitzua bukatu eta janzkiaren bila joateko egunetik eta/edo etxean jasotzeko egunetik hasi, eta hurrengo hiru hilabeteen barruan, ez digute deus kobratuko atzeratu izangatik. Epe horretatik aurrera, diru kopuru bat kobratuko diote bezeroari janzkia gorde edo zaindu izanagatik; hori egin ahal izateko, baina, ikusteko moduko lekuan jarri behar da zenbat kobratuko duten horregatik.
Egiaztagirian agertu ohi da zein egunetan joan behar den janzkiaren bila, eta 30 egun edo gehiago atzeratuko balira, galdutzat joko litzateke. Orduan egin ahal izango genuke erreklamazioa.
Tindategiak gorde egin behar ditu emandako egiaztagirien kopiak, janzkiak utzi dituzten egunetik hasi eta sei hilabetean, gutxienez. Bezeroak egiaztagiria galtzen badu, janzkia hartu ahal izateko, izen osoa eman dezan galdegingo diote, telefono zenbakia, NA edo agiri baliokideren bat, eta sinadura jarri beharko du egiaztagiriaren kopian.
Inola ere ezingo dute kobratu egiaztagirian ageri den baino gehiago. Egiaztagirian ez bada agertzen preziorik edo zerbitzu motarik, tarifarik merkeena kobratu beharko dute. Jendearen bistan jartzen den informazioan, zerbitzu mota bakoitzaren gehienezko prezioak zenbatekoak diren jarri behar dute eta gainerako zerbitzu osagarrienak ere bai.
Bezeroak erreklamazio orri bat eska dezake tinategian eta hutsuneen berri eman edo informazioa ikusteko moduan jarri ez izana salatu. Behin orri hori beteta (aldeen datuak, erreklamazio gaiari buruzko xehetasunak...), bi aldeek sinatu behar dute. Hiru kopia izaten dira: bat tindategiak hartuko du, eta beste biak erabiltzailearen esku geratuko dira; bi horietako bat bere erkidegoko Kontsumo Zerbitzuei helaraziko die.
Janzki bat tindategian uzterakoan:
Emaitza ez balitz izango guk nahi duguna:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa