Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Fernando Roch, hirigintza katedraduna: "Hiria gizartearen teatroa zen lehen, orain, ostera ikuskizun propagandistikoa da"

 Jendea zoriontsu bizitzeko hiriak eraikitzea. Ezin esan ideia erakargarria ez denik. Eta ezin esan, halaber, erraza denik hirigileek beraien buruari jarritako helburu eder hori lortzea. Ez dute arkitektoen izenik, ez dira plaza gizon ezagunak, teatroaren banbalinetan lan egiten dutenak baino, Fernando Roch arkitekto eta katedradunak bezala. Kritikoa da hirigintzak hartu duen bidearekin, zorionaren bila baino beste zerbaiteri so ikusten baititu lankideak. Buru argiz eta sen zorrotzez aldarrikatzen du hiria hiritarren teatro bihurtu behar dela berriz, gizartearen ispilu. Espekulazio goseak eta bakoitzak-bere-txaleta izatearen kulturak hiriei min egin diela dio. Eta sendatu egin behar ditugula.

Hirigileak zer egiten du?

Galdera ederra. Baten batek esango dizu beharrezko kolaboratzaile izan garela erabateko desastre honetan, bizi dugun adreiluaren jaialdi zoroan. Eta egongo da horretan ibili den hirigilerik, ez dizut ukatuko. Krimenak beti behar ditu kolaboratzaileak, azken baten. Baina nire ustez gehienok ez gara horretan aritu. Hirigileak hiri onak egin nahi ditu, orohar. Zer den hiri ona? Hiritarrak pozten dituena. Zein den gure eginbeharra? Gizarteak espazioan hartu behar duen lekuaz arduratu behar dugu, bizitza publikoaz, gizarte harreman eta produkzio harremanetaz. Ez da erraza. Espazio horretan mugitzen ez dakiena galdu egiten da. Hirigileak jakin egin behar du mundu horretan nabigatzen edo konplikatuegia den ozeanoan galduko da.

Zer aurki dezakegu ozeano horretan?

Eta zer ez! Denetarik, mundua, bizitza aurkituko ditugu. Eta gaur egun, bizitzan interes ekonomikoek agintzen dute. Horixe da gure arazoa, ekonomia dela gaur egun hiriaz hitz egiteko erabiltzen dugun diziplina bakarra. Hiria, berez, gizarte fenomenoa da baina guk fenomeno ekonomiko bihurtu dugu, huts-hutsean.

"Frantzian ematen diren eraikuntza baimenen % 60 - % 70 etxeak zaharberritzeko da eta hemen % 10 baino ez"

Eta ekonomiak ez du hiritarren zoriontasunean pentsatzen, jakina.

Etekinean pentsatzen du. Hiriak, une honetan, boterearen espazio nagusi dira. Sasoi baten landa guneak ziren edo biak, hiria eta landa. Baina orain ez, orain hirian dago boterea. Mundu osoan. Baita Afrikan ere, hain garatuak ez diren lurraldeetan. Nekazal guneetako bizilagunek hirira joan nahi dute, hara, hona, edonora, baita bizitza bidean utzi behar badute ere. Mundu osoan sortu du horrek arazo konpongaitza, mega-hiriak sortu ditu, pobreziaz inguraturiko megalopolisak. Hortxe Mexiko DF edo Cairo, adibidez.

Ze ondorio ditu guzti honek?

Erdi mailako biztanlearentzako sortu diren hirietan bizi gara. Eta erdi maila esaten dudanean, zera esan nahi dut, aurrez erabakitako maila itxietan banaturiko hiritarrak garela, errenta eta kon-tsumo ohituren araberak klasifikatuak. Hiriak hiritar libreen teatroa izan beharko luke, eztabaida gunea, aniztasuna arau egiten duen lekua. Baina ez, mundu mailakatuan bizi gara eta maila bakoitza itxita dago. Etxeak ere halakoak ditugu, itxiak, mailakatuak. Etxeak esaten digu zer garen, nola bizi garen erakusten digu.

Eta nola bizi gara, ba?

Tira, jangelarik ia-ia ez dugu, adibidez, arin bazkaltzen dugulako edo etxetik kanpo. Logelak ditugu, hori bai, komun ugari eta telebista ikusteko lekuren bat. Etxebizitza modernoa halakoa da. Duela 40 urte Parisera joan nintzen doktore-tza ikastaroak egitera eta metroan zera zioen kartela irakurri nuen, "metroa, lana, telebista eta lo". Hirigintza liburuetan ere ez dut ikusi gaur egungo hiritarrok egiten dugun bizimoduaren deskribapen hoberik. Orain, gainera, duela 40 urte baino egiago da esaldi hori. Jarri asteburuan koinatuarekin egiten duzun bazkaria eta hortxe duzu, gure bizitza modernoaren argazkia. Atzo ikusi nuen telebistan saio zoragarria, eraikin-atxikietan nola bizi diren azaltzen zuena. Jabeak ezin pozago ageri ziren, naiz eta daukaten lorategia ez den lorategi eta igerilekua ez den igerileku. Dena da sinbolikoa, ideologikoa. Egunean ehun kilometro egin behar zituzten Madrilera joateko, hiru ordu gutxienez joan etorrian eta zertarako? Asteburuan familiarekin barbakoa egin ahal izateko, pentsa.

Hain kaltegarria ote da, benetan, eraikin atxikiaren kultura?

Sistema inmobiliarioak agintzen du hirian. Makina erraldoia da, hazi egin nahi du eta ez du gelditu nahi. Horixe da hirien arazo larria. Gure beharren gainetik dagoen espazio fisikoa eraiki dugu. Ezagutzen dituzu modan jarri diren txakur horiek? Azala soberan dute, anaia zaharragoaren jantziak daramatzan umearen antzera. Larritu egiten naute, sistema inmobiliarioa ekartzen didatelako gogora. Espainian sistemaren oinarria etxebizitza berriak eraikitzea da. Etxe berriak hiriaren inguruan egiten dira eta beraz, gero eta azpiegitura gehiago behar da hirira joateko. Hortxe Madrilen adibidea. Zenbat izango ditu, 2000 kilometro autobide? Gutxienez. Eta zertarako? Hiritik 30, 40, 50 kilometrora bizi direnei zerbitzu emateko. Noren mesedetan? Sistema inmobiliarioaren mesedetan. Madrilen lau etxebizitzatik hiru hutsik daude. Hutsik! Frantzian, ostera, eraikuntzarako ematen diren baimenen % 60 - % 70 inguru etxebizitza zaharrak eraberritzeko izaten da. Hemen baimenen % 10 baino ez. Hortxe duzu aldea. Frantzian, dagoena berreskuratu nahi dute, etxe guzti horientzat ez da behar kale berririk, badute argiztapena, badituzte inguruan azpiegitura eta zerbitzuak. Gizarteari merke ateratzen zaio dagoena zaharberritzea eta garesti jendea hiritik 25-30 kilometrora bizitzea. Eraikin atxikia du, bai, eta bere inguruan zer dago? Ezer ez, basamortuan bizi da. Hozkailua da txaletean ezinbesteko. Ezin baita hiritik hain urrun bizi jakiak gortzeko sistemarik ez baduzu.

Debalde izango da zuri ea halako eraikin atxikian bizi zaren galdetzea.

Ez, ez. Fakultatearen inguruan bizi naiz, oinez etortzen naiz lanera. Ondo bizi naiz, ez baitut txaletik eta ez baitut koinatua sarri ikusten. Txantxetan esaten dizut! Bigarrena, behintzat.

"Alde handia, alde oso handia dago ditugun eta izan genitzakeen hirien artean, alde itzela"

Sistema honetan zein da hirigilearen funtzioa?

Bere sinadura jartzea, besterik gabe. Hiri-inguru hauen atzean ez dago benetako hirigintza proiekturik. Paradoxa hutsa da. Gizateriak ez du inoiz orain dituen bitartekoak eskura euki gauzak behar diren moduan eta fundamentuz egiteko baina garpenak ez du hiri hoberik sortu. Ez gara Historiako hiririk hoberenetan bizi, ez da inondik inora ere. Daukagun hiria eta izan genezakeen hiriaren artean alde izugarria dago.

Hirigintzaz dakitenei kasurik egiten ez zaielako?

Behar zuenari boterea kendu zaiolako. Gaixotzeraino hazi da sistema inmobiliarioa. Zorionez, badirudi European atzera berreskuratu nahi dela hiria, bada zerbait. Gelditu egin behar dugu eraikitze sukar absurdoa. Eta hiriak bizigarri egin behar ditugu.

Nola?

  Zerga arauak aldatuta eta lurzoru legea ere bai. Gaur egungo araudiak hazkundeari begiratzen dio, hiriak zabaltzeko erraztasunak jarri nahi ditu. Eta beraz, sistema inmobiliarioari egiten dio mesede. Horrekin bukatu behar da.

Eraikuntza ekonomiarentzat arazo bihurtu da eta ez konponbide.

Bai, 1929ko krisialdian gertatu zenaren kontrakoa pasa da. Orduan eraikuntza izan zen krisialditik ateratzeko atea. Estatu Batuetan eraikuntza industria bihurtu zen ekonomiaren motorra. Orduan sortu ziren pelikuletan hainbatetan ikusi ditugun hiri inguruak, guztion buruan dauden eraikin atxiki horiekin, denak bata bestearen ondoan, ilaran jarrita.

Bizimodu hori hedatu egin da.

Bai. Ameriketan hasi zena muturreraino eraman da Espainian, bertako ukituarekin. Estatu Batuetan oso eragin kaltegarria izan zuen eraikuntza eredu horrek, hiriak hustuta geratu ziren. Egia da hori baino lehen exisititzen zirela hirietatik kanpo etxe handiak, txaleten antzekoak. Baina burges aberatsenak ziren. Gero etorri zen masifikazioa, industriak horixe eskatzen zuelako. Negozio borobila zen: etxea erostearekin batera automobila erosi behar zenuen. Ezin baituzu zure etxetxo horretan autorik gabe bizi. Zer gertatu zen? Hiriguneak % 80an hustu zirela. Aldegiten zuten pertsona horien imajinarioa bera ere aldatu egin zen, nahita. Beharbada zineak, zine beltzak izan zuen horretan zerikusia. Hiria segurua ez zela, ideia hori zabaldu zuen. Eta indar handia du segurtasun beharrak jendearengan. Seguru ez dagoena goiz ala berandu joan egingo da. Beraz, maila ekonomiko bakoitzarentzako behe auzoak sortu ziren, aberatsenak, klase ertainenak eta baita klase xehenak ere. Hirigune historikoan klaseak nahastu egiten ziren, elkarbizi. Behe-auzoan ez. Gizartea desitxuratu egiten da eta non bizi garen, horrek argi erakusten du fenomeno hori, tamalez. Hirigunea gizarteko beheko mailentzat geratu zen.

Eta hemen ere hori geratzen ari da?

Neurri baten. Hiri mediterraneoak daude, dieta bezala. Eta hiri mediterraneoak kolesterol gutxiago duela uste du jendeak. Egia da, bromak alde batera itxita, Espainian hirian bizitzeak oraindik prestijioa duela.

"Hiria gizarte fenomenoa zen lehen eta fenomeno ekonomikoa da orain"

Nola berreskura litezke, beraz, hirigune historikoak?

Gizarte moduan dugun pentsamendua aldatuta, hiriguneen izen ona indartuaz. Bide horretatik bagoaz, klase sozialak hirira mugituko dira, klase ertain-profesionalak lehenik eta horiek erakarrita, beste guztiak.

Ideiarik baduzu jendea hirira erakartzeko?

Eraikita dagoena berriz osatu behar da, berriz pentsatu. Gure etxebizitzek berrikuntzak behar dituzte. Etxebizitza zabalagoak behar ditugu, ez orain egiten direnak, gero eta txikiagoak. Lagun batek zera esaten zidan, normala dela etxebizitza txikiak egitea, dibortzio asko dagoelako eta gehiago behar direlako. Nola ez dira egongo ba, dibortzioak! Hamarkadaz hamarkada pertsona berberarekin 40 metro koadroko etxean bizitzen! Miraria ez dibortziatzea da. Gainera, halako leku baten ez dago umeentzako lekurik. Hori al da jaiotze tasa handitzeko modua? Umea dakarrena exiliatu egin behar da, hiritik kanpo, umeari logela bat emateko besterik ez bada. Gainera, gure hirietako azpiegitura ere ez dago umeentzako pentsatua. Kalean umeak ito egiten dira, parkerik, haurtzaindegirik gabe. Hirigune historikoetan zerbitzu hobeak behar ditugu. Igeltseroak behar ditugu, bai, baina eraikinak konpontzeko, ez hiritik 50 kilometrora beste berri batzuk egiteko.

Hiriak gizarte integrazioa bermatzen du?

Hiri historikoetan gizarte mailak nahasi egiten ziren. Eraikin atxikietan ez. Hiri nahasia aldarrikatzen dut nik. Hirigune batzuetan gertatzen da eta nire ustez horiek dira eredugarriak. Zein den hirigilearen papera? Espazio horiek berreskuratzea, espazioa ordenatzeko modu hori. Horrela egiten ez bada, hiriak ez du aurrera egiten eta gizarteak ere ez. Ikuspuntu utopikoa da, badakit, baina norabide horretara jo behar dugu.

Hiria hiritarren teatroa zela esan duzu eta orain zer da, ikuskizun?

Bai. Ikuskizun propagandistikoa da, gainera, eta ez gizartearen beraren teatroa. Lehiatu egiten dira arkitektoak, ea nork eraikin ikusgarriagoak egin. Arkitektoen kontrako herrarik gabe diot, neu ere arkitektoa naiz-eta.

"Eraikin atxikiak, txalet antzekoak, etorkizunik gabeko lekuak dira, hiriaren oinarrioinarrian dagoen gizarte aniztasunaren kontrakoak"

Harremana egoten da arkitekto eta hirigileen artean?

Ez. Harreman errazik ez behintzat. Behar baino komunikazio gutxiago dago.

Zuk proposatzen duzun eredura joango bagina, zer gertatuko litzateke eraikin atxikiez osaturiko auzo horiekin?

Gaur egungo behe-auzo horiek, txaletez beteta daudenak etorkizunik gabeko lekuak dira, andre eta gizon uniformeentzat pentsatuak, hiriak berezko duen aniztasunarekin zerikusirik ez dutenak. Hori bukatu egin behar da, baina ez da erraza. Hasteko, bertan bizi direnek ez dutelako nahi. Zer egin? Leku horiek hiri bihurtu. Han ez baitago saltokirik, ez dago hiririk.

Geratzen da bizitzarik hirietan?

Geratzen da baina gutxi, hiriak arpilatu egin dituzte. Bizitza xurgatu diete.

Gero eta jende gehiago, gero eta hiri bizigaitzagoetan.

Jende gehiago hirietan eta hiri-bizitzarik ez. Ez baita gauza berbera hiria eta hala nolako egitura urbanizatua.

Inguruneaz gain, gizarte-ingurunea ere kaltetzen ari gara.

Bai. Natura pobretu dugu eta hiriak, gizarte naturaren isla direnak, Gizateriaren asmakizun katramilatu eta konplexuenak ere, agortu egin ditugu.

Ba dago ongi urbanizaturiko hiririk gure inguruan?

Ez dakit ba. Gasteiz jartzen da eredu. Bizitzeko hiri atsegina da, ongi eginda dagoenaren seinale. Komunikazio onak ditu, kulturara urbildu edo kirola egin nahi duenak erraz egin dezake eta berdin lagunekin geratu edo zerbait hartu nahi duenak. Ez da hiri itoa, itxia. Benetako gizarte aniztasuna dago.

Neurria garrantzitsua da hiria bizigarri izan dadin, ezta?

Bada, bai. Neurriak eragin handia du. Zenbat eta handiagoa hiria, bizigaitzagoa. Hiriak mugak izan behar ditu.

"Natura erabat pobretzeaz gain, gizarte naturaren isla diren hiriak ere pobretu ditugu"

Non daude muga horiek?

Milioi erdi biztanle, gehienez milioia. Hortxe.

Madrilen bizi zara zu, muga horretatik kanpo dagoenez, ez da bizigarria?

Ez naiz, ez, hiri bizigarrian bizi. Baina auzo bizitza egiten dut eta auzoan, zorionez, gizarte aniztasuna daukat.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto