Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Bizarra egiteko 5 gel eta 4 apar aztertu ditugu: Gelarekin bezain ongi egiten da bizarra aparrarekin, eta merkeagoa da

Bizarra egiteko aparra ez da gela bezain kontzentratua, baina askoz merkeagoa da (litroka neurtuta). Guk aztertu ditugun bederatzi ontziak ongi formulatuta etorri dira, eta antzeko eraginkortasuna erakutsi dute gelek eta aparrek; erabilera proba ere aise gainditu dute biek

  Bizarra egiteko bost gel eta lau apar aztertu ditugu laborategian, eta erabilera proba ere igaroarazi diegu; aerosol moduan ontziratuta egon dira guztiak, 200, 250 eta 250+50 mililitroko ontzietan. Bederatzi horietako hiru "freskagarriak" edo ohikoak izan dira, eta beste seiak, "azal sentiberentzat" prestatuak. Williams etxeko apar litroak 9,60 euro balioa izan du, hori izan da merkeena aparretan (ez dugu kontuan hartu eskaintza moduan etorri den kopuru gehigarria), eta garestiena, berriz, Nivea etxekoa, 16,10 euro litroak (beste bi etxeetakoak 12 euroren inguruan ibili dira litroko). Geletan, 14,44 euro balio izan du merkeenak, Williams etxekoak (litroka ari gara, betiere), eta 22,75 euro garestienak, Gillette Fusion Piel Sensible delakoak (gainerako hiruretatik, 20 euroren inguruan ibili dira bi, eta 18 eurotik gora bestea). Bizarra egiteko aparrak, batez beste, 12,44 euro balio du litroak, eta gelak, 19,19 euro (% 54 garestiagoa da, beraz). Batez bestekoak ematea, ordea, nahasgarria gerta daiteke zenbaitetan: aztertu ditugun bost geletatik hiruk, adibidez, aparrik merkeenak (Williams Ice Blue) halako bi baino gehiago balio dute.

Pentsatu behar ote da, prezioan zer alde dagoen ikusita, gela askoz hobea dela aparra baino? CONSUMER EROSKI-k laborategian egin duen azterketak eta erabilera probak ez du halako alderik erakutsi: bi produktuek ere antzera samar laguntzen dute bizarra azkar eta eroso egiten. Zer gertatzen da, orduan? Gel litro batekin bizarraldi gehiago egin ote litezke apar litro batekin baino? Bada, halaxe gertatzen da, nahiz eta aldea ez den handi-handia ere. Gelek materia aktibo gehiago eduki ohi dituzte; tentsioaktiboak eta apar-substantziak dira materia aktibo horiek, eta geletan, batez beste, produktuaren % 13,4 dira, eta aparretan, % 10,4; beraz, produktu kopuru bera hartuta, gelak % 30 apar gehiago aterako luke, eta bizarraldi gehiago egin ahal izango lirateke. Baina gelak garestiagoak direnez aparrak baino (bi halako ere balio dute zenbaitek), esan liteke dezente merkeagoa dela aparrekin bizarra egitea, gelekin baino.

Produktuaren beraren ezaugarriak zein diren aztertzea ere komeni da. Bizarra egiteko aparren testura berezi hori gas propultsatzaile batek ematen dio xaboiari, biak aldi berean igarotzen direnean aerosolaren balbulatik. Bizarra egiteko gelak, berriz, nahastura xaboidunak dira, eta gas likuatu bat eduki ohi dute; azala ukitzen duenean, gas hori irakiten hasten da tenperatura aldearen eraginez, eta apar bihurtzen du gela. Larruazala heze dagoela eginez gero bizarra (makina elektrikoa erabiltzea da beste aukera, larruazala lehor dagoela), hainbat alderdik egiten dute bat: produktuak (gela edo aparra), bizarra egiteko xaflak, urak, bizarrak eta haren ile-folikuluak, eta erabiltzailearen aurpegiko geruza korneoak eta dermisak. Zenbat eta gehiago kostatzen den bizarra egitea, orduan eta azal gehiago eramango du xaflak. Bizarra % 35 hezetuta, askoz indar gutxiago egin behar izaten da xaflarekin ileak mozteko (% 65 indar gutxiago ere bai). Bizarra egin aurretik larruazala hidratatzea lagungarria da, beraz, baina denboratxo bat utzi behar da busti ondoren (2,5 minutu uzteak nabarmen errazten du prozesua), eta urak 40 ºC-ren inguruan egon behar du. Aparrei eta gelei esker, xaflak labain egiten du eta leun-leun igarotzen ditu larruazalak eduki ditzakeen gorabeherak, ebakirik egin gabe.

Aparra edo gela?

Antzeko produktuak dira bizarra egiteko aparrak eta gelak (osagai nagusia berbera dute biek, trietanolaminazko xaboia), eta egoki betetzen dute euren funtzioa batak eta besteak. Hortik aurrerakoa, norberaren baitan geratzen da, erabiltzaile bakoitzak ikusiko du zer gustatzen zaion gehien (prezioaren kontua lehen argitu dugu). Bizarra egiteko aparra zuzenean ezar daiteke aurpegian, eta gela, berriz, azalaren gainean mugimendu zirkularrak eginez ezarri behar da. Trietanolamina izeneko konposatuak oinarri-izaera dauka, eta normala da produktu horien pH-a larruazal osasuntsuarena baino handiagoa izatea (5,5eko pH-a eduki ohi du larruazalak). Guk aztertu ditugun gel eta aparren pH-a 8,3ren eta 9ren artean ibili da, eta egokitzat jo behar da hori. Bizarreko hileak hezetzeko lagungarria da pH handi hori, guritzen ere laguntzen du, eta errazago mozten da; bizarra egindakoan, ordea, ongi-ongi garbitu behar dira apar hondarrak, larruazalaren pH-a bere onera etor dadin (after-shave produktuak ere lagungarri dira horretarako).

Landare-estraktuak eta materia aktiboak

Bai aparrek eta bai gelek eduki ditzakete landare-estraktuak; guk aztertu ditugun guztietan artetik, bakarra etorri da horiek gabe, La Toja Piel Sensible gela. Estrakturik ohikoena aloe vera izan ohi da, eta guk aztertu ditugun bederatzi ontzietatik seik ekarri dute (dohain hauek omen ditu: zelula-berritzailea da, zauriak orbaintzen laguntzen du eta azala suspertzen du). Williams etxeko aparrak eta gelak ginseng delakoa eduki dute, eta Gillette Series aparrak, alga bat, Irlandako goroldioa. Nivea etxeko aparrak ere baditu landare-estraktuak (kotoia, aguakatea, soja eta kamamila dituela esaten du), baina ez du aloe vera-rik.

Materia aktiboek ere laguntzen dute bizarra egiterakoan. La Toja Piel Sensible gelak ekarri du mota gehien (alantoina, pantenola eta bisabolola), eta beste bost ontzik, aldiz, ez dute eduki bat bera ere. Beste hirurak, berriz, bakarrarekin etorri dira: Nivea aparrak (tokoferilo azetatoa, E bitaminaren aitzindaria), Nivea gelak (bisabolola) eta Gillette Fusion Piel Sensible (tokoferilo azetatoa).

Ikus dezagun materia aktibo horiek nola laguntzen duten bizarra egiteko prozesua. Kontuan hartu behar da kosmetikaren alorrekoak direla substantzia horiek, eta beti ez da erraza izaten ongi bereiztea zer den zientzia eta zer publizitate arloko sasiliteratura. Alantoina delakoak, itxuraz, larruazala hidratatzen du eta lagundu egiten du kanpoaldeko zelula-geruzak edo zelula hilak ezkatagabetzen; horrez gain, larruazala leuntzen omen du eta lagungarria omen da zelulak ugaritzeko, zauriak orbaintzeko, eta lasaigarriak eransten omen dizkio azalari, babestu egiten omen du eta minberatzea eragozten. Pantenola, berriz, B5 probitamina da, eta kosmetikan erabiltzen da hezetzaile moduan, bigungarri moduan eta hidratatzaile moduan. Oso ongi barneratzen da larruazalean, eta horrexegatik erabiltzen da, alantoinarekin batera, larruazaleko zauri arinei aurre egiteko. Horrez gain, hidratazioa hobetzen omen du, azkura gutxitzen eta zauriak azkarrago eta hobeto orbain-tzen omen ditu. Tokoferilo azetatoa E bitaminaren aitzindaria da, eta izpi ultramoreetatik babesteko balio du; gainera, zauriak orbaintzeko ere ona omen da. Eta bisamolak ere ba omen ditu beste hainbat dohain: eragotzi egiten du azala minberatzea, hanpatzea eta mikrobioak hedatzea.

Alergenorik gabeko produktuak beti dira hobeak, eta guk aztertu ditugun bederatzietatik, hiruk ez dute batere eduki, eta zoriontzeko arrazoia da hori (Nivea etxeko bi produktuek eta La Toja gelak). Alergenoak eduki dituztenek, hala ere, baita gehien eduki dituztenek ere (Gillette etxeko hiru produktuek, bi gel eta apar batek), ongi bete dute legeak ezartzen duena: alergenoak dituztela adierazi behar dute, baldin eta 100 zati baino gehiago badituzte milioiko (100 z/m).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto