Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

8 oliba olioa aztertu ditugu, "birjina estra" motakoak: Zortzitik hiru ez dira izan "birjina estra": dastatze proban huts egin dute

"Birjina estra" izendapena hartu ahal izateko, irizpide fisiko-kimiko jakinak hartzen dira kontuan, baina baita dastatze proba ofizial baten emaitzak ere: fruta ukitua eduki behar du eta akatsik gabea izan

  Oliba olioetan, "birjina estra" izendapena da guztietan gorena; jenderik gehienak badaki hori, baina ez beste bitxikeria hau: legeak esaten du "birjina estra" motako olioek baldintza fisiko-kimiko jakin batzuk bete behar dituztela, eta horrez gain, ezaugarri organoleptiko bereziak ere eduki behar dituztela (zaporea, kolorea, usaina...), eta ezaugarri horiek dastatze proba ofizial batean egiaztatu behar direla, protokolo normalizatu bati jarraituz.

"Birjina estra" motako zortzi oliba olioa aztertu ditugu; Cordoliva etxekoa izan da merkeena (2,19 euro balio izan du litroak) eta Carbonell etxekoa garestiena (3,29 euro litroak). Laborategian egin dugun azterketak, osaerari buruzkoak, ez du inolako arazorik eman, baina bai dasta-tze proba ofizialak: "birjina estra" izendapenarekin etorri diren hiru oliba olio (La Española, Ybarra eta La Masía) ez dira sail horretan sartzekoak, hurrengoan baizik, "birjina" motakoetan. Bai "birjina estra" motakoak eta bai "birjina" motakoak maila handiko oliba olioak dira, olibetatik zuzenean ateratako zuku naturalarekin egiten baitituzte (prozedura mekanikoak erabiliz). Azidotasunak eta dastatze proba ofizialeko emaitzak bereizten ditu; azidotasuna, adibidez, "birjina estra" motakoetan, ezin da izan 0,8º-koa baino gehiagokoa eta "birjina" motakoetan, berriz,% 2ra ere irits liteke. Oliba olioetan gehien saltzen dena, hala ere, "oliba olioa" izenarekin saltzen dutena da; oliba birjina eta oliba findua nahasiz lortzen dute olio mota hori (olioa fintzen dute akastuna delako eta dituelako gainditu lurrin-, zapore- eta azidotasun-probak).

zergatik ez "birjina estra"?

Arauak zehazten duen protokoloari jarraituz egin dugu dastatze proba ofiziala. Olioa edalontzi normalizatu batean zerbitzatzen da, 28 ºC-ko tenperaturan, eta kopuru jakina: 15 ml; edalontzia urdin edo anbar kolorekoa izaten da, dastatzaileek ez diezaioten erreparatu olioaren berde tonuei, koloreak esaten baitu zenbateko azidotasuna duen (kalitatearekin, beraz, ez du zerikusirik koloreak). Dastatzaileek 8 baino gehiago izan behar dute, eta 12 baino gutxiago, eta olioen ezaugarri onak (fruta ukitua, mikaztasuna eta min ukitua) eta txarrak edo akatsak zerrendatu dituzte: aletegi/kondar zaporea, lizundua, ozpindua, metal kutsukoa, zaharmindua, erre kutsukoa, egur kutsukoa, lubrikatzaile kutsukoa, gatzun kutsukoa, lur kutsukoa, pepino kutsukoa edo egur heze kutsukoa. Arauak esaten duenez, "birjina estra" motako olioak fruta ukitua eduki behar du eta akasgabea izan behar du.

La Española eta La Masía etxeetako olioetan, "aletegi/kondar zaporea" antzeman dute dastatzaileek; horrek esan nahi du "olio hori egiteko olibak halako moduz egon direla pilatuta edo biltegiratuta, ezen hartzidura anaerobio handia jasan baitute" edo beste esanahi hau ere eduki dezake: "Olio hori harremanetan egon dela dekantazio loka-tzekin, edo hartzidura anaerobioa jasan duela aletegi edo biltegietan". Horrek guztiak usain, zapore eta ukitu berezia ematen dio olioari, eta horixe adierazi nahi izan dute. Eta Ybarra etxekoari, berriz, "zapore zaharmindua" antzeman diote (horrek esan nahi du oxidazio prozesu nabarmena jasan duela, segur aski baldintza txarretan kontserbatu dutelako). CONSUMER EROSKI-k, legeak agintzen duen dastatze proba ofizial hori ez ezik, kontsumitzaileekin egin ohi duen dastatze proba ere egin du. Beraz, bi dastatze proba egin ditugu oraingoan. Eta biak nahiko bat etorri dira gauza batzuetan: kontsumitzaileei, esaterako, La Española, Ybarra eta La Masía gustatu zaizkie gutxien (proba ofiziala gainditu ez duten hirurak, alegia), eta gehientsuena, berriz, Carbonell etxekoa (ezaugarri onen atalean, horixe nabarmendu dute dastatzaile ofizilek ere).

Jarraian, xeheago aztertuko ditugu oliba olioen ezaugarri on horiek. "Fruta ukitua" duela esaten denean, hauxe esan nahi da: olioaren usain bereizgarria duela, zeina oliba motaren araberakoa izaten baita, eta betiere fruitu on eta freskoen, berde edo umotuen emaitzatik lortutako olioa dela; usain hori zuzenean antzeman daiteke eta produktuak uzten duen usain-arrastoari atxiki dakioke. "Mikaztasuna" esaten denean, oliba berdeetatik edo kolorea aldatzen ari zaien olibetatik lortzen den olioak izaten duen zaporeari buruz ari gara ("mihiaren atzealdeko guruin inguratuetan" sumatzen da zapore hori). Azken ezaugarriak "min ukitua" aipatzen du; sasoi hasieran lortzen diren olioek uzten duten ukitua, batik bat oliba berdeen eraginez, "aho barrunbe guztian antzematen da, eztarrian batez ere".

Mintza gaitezen oliba olioaz

  Oliba olioa gantz jangarria da, oso ona egunero hartzeko, gantzen % 85 saturatugabeak dituelako. Eta saturatugabeen artean, monosaturatuak ditu gehien (azido oleikoa eta linoleikoa); horiek handitu egiten dute HDL edo kolesterol ona, eta lagundu eritasun kardiobaskularrei aurka.

Oliba olio "birjinak", gainera, osagai berezi-berezi batzuk ere izaten ditu, polifenolak eta konposatu fenolikoak, esaterako; osagai horiek herdoilaren aurkakoak dira, eta, itxuraz, hanpaduren aurka egiten dute, tronbosien aurka eta bularreko minbiziari aurre egiteko ere onak dira. Oliba birjina olibak zapalduz, iragaziz eta ontziratuz lortzen da, eta prozesu mekaniko huts-hutsa izaten da. Definizioa, berriz, hauxe izan liteke: heldutasun unerik egokienean bildutako oliben zukua da, fruitu onetatik lortua eta kontu handiz landua. Ez du onartzen inolako disolbagarririk kalitate-akatsak zuzentzeko (beste oliba olio batzuekin onargarria izaten da hori, eta hazietatik lortzen diren olioekin ere bai). "Birjina estra" motako olioek ezin dute eduki 0,8º-ko azidotasuna baino handiagoa, eta dastatze proba zorrotza gainditu behar izaten dute. Hurrengo mailan, "birjina" motakoak daude; 2º-ko azidotasuna izatera irits litezke, eta dastatze probako betebeharrak ez dira hain zorrotzak. "Oliba olioa" izenekoak datoz atzetik; oliba olio findua eta oliba birjina nahasiz lortzen dute, eta egun, olio mota hori saltzen da gehien (1º-eko azidotasuna eduki dezake, gehienez). Azidotasun apal hori, hala ere, ez dago kalitateari lotuta, fintze-prozesuaren ondorio da: olioa fintzerakoan, usain eta zapore desatseginak desagerrarazten dira, goma-materiak eta pigmentu kaltegarri eta arraroak ere bai, baina horretaz gain, asko gutxitzen da azidotasuna. Fintze-prozesuan, olioak galdu egiten du bere-bereak dituen lurrin, zapore eta kolorearen zati handia.

Bi dastatze proba egin ditugu, kontsumitzaileekin bata eta bestea, arauak eskatzen duena, adituekin

Espainia guztian landatzen dira olibak, Andaluzian gehienbat, baina inguru geografiko bakoitzak du bere oliba mota, usain, kolore eta zapore bereziarekin. Gero eta olio gehiago aurki litezke oliba mota bakarrarekin eginak, baina ohikoena izaten da mota batekoak baino gehiagokoak nahastea. Oliba motarik garrantzitsuenen artean, honako hiru hauek bereiz litezke: "picual" delakoa batetik. Espainian landatzen den guztiaren % 50 hartzen du eta oleiko kopuru handia dauka; oso nekez zaharmintzen da, polifenol asko dituelako (ukitu mikatz eta mina ematen diote osagai horiek, bizi-bizia). Beste oliba mota "hojiblanca" izenekoa da; ez da hain egonkorra eta iraun ere ez du irauten "picual" delakoak bezain ongi. Olio gozoak ematen ditu, zertxobait minak eta almendra ukitua dutenak. "Arbequina" da hirugarrena. Fruitu obala, txikia, eta olio leuna eta arina ematen duena, gozo ukitukoa. Azkar samar kontsumitu behar izaten da, oxidatzeko joera baitu.

Guztiek betetzen dute araua

Araudiak ezaugarri fisiko-kimikoak ezartzen ditu "birjina estra" motako oliba olioentzat. Guk egin dugun azterketak erakutsi du zortzi olioek ongi bete dutela legeak dioen hori. Ikus dezagun, atalez atal. Azidotasuna da lehena. Gradutan neurtzen da, eta zenbat gantz azido libre dituen adierazten du (edo azido oleiko portzentajea, olio mota horrek gehien izaten duen gantz azido mota); gantz azido libreak agertzen dira oliba olioak egoera txarrean egon direlako edo tratamendu desegokia eman dietelako. "Birjina estra" motako olioetan, azidotasuna ezin da izan % 8koa baino handiagoa, eta guk aztertu ditugun zortzietan % 0,4tik beherakoak izan da. Txikiena Carbonell etxekoak eduki du (% 0,19) eta handiena, Borgesek (% 0,37).

Olioaren esterolei edo fitoesterolei ere erreparatzen zaie; erelandare-substantziak dira, eta kolesterola gutxitu dezaketela dirudi eta, ondorioz, eritasun kardiobaskularrei aurre egiten lagundu. Arauak esaten du "birjina estra" motako olioek, gutxienez, 1.000 mg eduki behar dituztela kilo bakoitzeko, eta zortziek bete dute hori (dastatze proba ofiziala gainditu ez duten hirurek eduki dute esterol gutxien).

Peroxido kopuruak, berriz, olioa zenbateraino oxidatu edo hondatu den adierazten du, eta azidotasunari lotua dago. Zortziak daude onartzen zaien kopurutik (20 mEqO2/kg) behera. Ezkoen kopurua ere neurtu dugu; "birjina estra" motakoek ia ez dute edukitzen, baina zenbaitetan iruzur egin eta oliba-patsaren olioa eransten diote, eta horrek bai, horrek izaten ditu ezkoa. Gure azterketan ez dugu iruzurrik antzeman. Olio horiek egiaz "birjina estra" motakoak direla egiaztatzeko disolbatzaile halogenatuak neurtu ditugu, estigmastadieno kopurua (fintze-prozesuan sortzen dira), eritrodiola+ubaola eta triglizeridoak besteak beste eta emaitza ona izan da kasu guztietatan. Dastatze proba ofizialean, ostera, zortzitik hiru ez dira izan "birjina estra" motakoak, "birjinak" baizik, maila bat apalagoak.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto