Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Egunero-egunero lantokira autoz joateak gastu ugari eragiten ditu; biltegia erregaiz hornitu behar izaten da, baina ez da hori bakarra: autoari mantentze-lanak egin behar zaizkio, asegurua, eta bidesarietan eta aparkalekuetan ere ordaindu beharra izaten da
Automobilek isurtzen dituzte negutegi efektua eragiten duten gasetako asko, eta kutsadura akustikoaren eragile ere badira, partikula kutsagarrien igorle ez ezik. Horrek guztiak, jakina, kalte egiten dio ingurumenari eta osasunari. 1990. urtetik 2005era, % 80 igo da Espainian autoek isurtzen duten karbono dioxido (CO2) kopurua. Kyotoko Protokoloak % 15eko igoera ezarri zuen aldi horretarako, eta Espainiak ere bere egin zuen konpromiso hori, baina ez du bete. Zergatien artean, honako hau izan liteke nagusia: auto kopurua erruz ugaritu da Espainian. RACC erakundearen arabera, 1990ean 14 milioi auto zeuden Espainian, eta egun, berriz, 22 milioi dabiltza.
Froga egin dugu: Bartzelona inguruko herrian bizi eta hirian lan egiten duen lagunak autoa beharrean trena hartuaz gero hilean 429 euro aurreztuko lituzke
Gaur egungo auto bakoitzak, hala ere, lehengoek baino gutxiago kutsatzen du. 2002. urtean, Europako auto berriek, batez beste, 200 gramo CO2 isurtzen zituzten kilometro bakoitzeko, eta handik bost urtera, 160 gramotara jaitsi zen betez bestekoa. Bada zerbait, baina ez aski. Auto ekoizleek muga bat jarria dute 2007. urteaz geroztik (Europako Batasunak agindua da): kilometro bakoitzeko, ez dute isuri behar 130 gramo CO2 baino gehiago. Lortzeko modukoa al da hori? Hala dirudi. 2015. urterako lortuko dutela ematen du, baldin eta egoki konbinatzen badituzte teknologia eta bestelako neurri batzuk (bioerregaien erabilera, adibidez). Baina lan guztia ezin da utzi berrikuntzaren eta ingeniaritzaren esku. Batez besteko hori lortuko bada, gidarien esku egongo da zeregin nagusia.
Auto guztiek ez diote berdin eragiten ingurumenari. Hainbat alderdiren araberakoa da hori, baina badira bi alderdi bereziki aipagarriak: autoak zenbat erregai kontsumitzen duen eta zer pisu duen. Diesel autoetan, jakin behar da ea autoak baduen partikula-iragazkirik. Diesel motorrak gasolinazkoak baino eraginkorragoak dira, eta CO2 gutxiago isurtzen dute, baina badute alde txar bat ere: kedar asko uzten dute airean (karbono partikulak) eta nitrogeno oxidoak ere bai. Iragazki on batek partikula horien % 90 ere atxikiko lituzke, nahiz eta iragazkirik gehienek % 70 edo 80 inguru atxikitzen dituzten. Nitrogeno oxidoak harrapatzeko gailuak ere badira; iragazkiek bezala jokatzen dute, baina berrikiago sortuak dira. Gure autoak urte batzuk baldin baditu, segur aski ez du edukiko partikula-iragazkirik, eta halakorik ez badauka, nekez eduki du nitrogeno oxidoak harrapatzeko gailurik. Ibilgailuaren dokumentazio teknikoa aztertuta jakin dezakegu gureak iragazkirik baduen, edo, bestela, modu erraz-errazean egiaztatu ahal izango dugu: azeleratzerakoan ke beltz-beltz trinkoa ateratzen zaion begiratu dezakegu (iragazkirik balu, apenas irtengo litzatekeen kerik).
Partikula horiek, ingurumenari ez ezik, osasunari ere egiten diote kalte. Arnasketa-sisteman barneratzeko gaitasuna daukate, eta birika-ehunean pilatzen dira.
Partikula zenbat eta txikiagoa den, orduan eta kalte gehiago egin dezake, errazago barneratuko baita biriketako zeluletan.
Orain artekoez gain, ibilgailuek badute kontuan hartu beharreko beste osagai bat ere: aire girotuak erabiltzen duen hozgarria. Askok eta askok fluorokarbonatoak erabiltzen dituzte, eta konposatu horiek negutegi efektua eragiten dute. Horien arazoa zera da: tresna behin erabiltzeari utzi eta atmosferara isurtzen badira, CO2 baino are kaltegarriagoak dira. Azken batean, beroa xurgatzeko erabiltzen dituzte gas horiek. Hainbat kalkulu egin dira, eta horiek esaten dutenez, hidrofluorokarbono (HFC) kilo baten eragina 3.830 kilogramo CO2-rena adinakoa da 20 urtez. Europako Batasunak zenbait neurri hartu ditu 2011. urtea bitarte HFC-134a substantzia poliki-poliki desagertuz joan dadin autoen aire girotuetatik, eta horien ordez beste gas hozgarri batzuk erabil ditzaten.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa