Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Bederatzi oihal-leungarri kontzentratu, zuriak eta urdinak: Gero eta merkeagoak eta kontzentratuagoak

Aztertu ditugun bederatzi leungarriek zimurrei aurka egiten diete eta arropa lisatzeko lana errazten dute, baina leungarririk gabe garbitu den arroparekin alderatuta, hiruk soilik handitzen dute ehunen bolumena

  Arropak leuntzea, lurrina ematea eta errazago lisatu ahal izatea. Helburu horrekintxe erabiltzen dira ehun-leungarriak. Garbigailuan, arropa estu-estu egoten da, eta gainazaleko zuntzak desegituratu eta konprimitu egiten dira, ehun naturalena, batez ere (kotoia eta artilea). Arropa hori kanpoan zabaltzen bada lehortzeko, arropa behin betiko geratu daiteke konprimituta, eta, ondorioz, oso lakarra eta desatsegina izaten da ukituan. Hori saihesteko, leungarria bota dakioke garbigailuari, azken aldiz urberritzera doanean.

CONSUMER EROSKI-k bederatzi oihal-leungarri kon-tzentratu aztertu ditu, Flor, Lenor, San, Mimosin, Elena, Quanto eta Vernel etxeetakoak; horietako sei urdin kolorekoak izan dira eta landare lurrina eduki dute, eta beste hirurak, berriz, zuriak izan dira eta lurrin neutrodunak. Prezioan ez da egon alde handirik batetik bestera. San Floral etxeko leungarriak 3,8 zentimo balio izan du dosi bakoitzeko eta Flor Frescor Azul izenekoak, berriz, 6,1 zentimo. Astean hiru aldiz garbigailua jarrita, 3,5 euroko aldea legoke bata eta bestearen artean urte bukaeran.

2005eko apirilean ere antzeko analisia egin genuen aldizkari honetan, eta ordutik hona merkatu egin dira leungarriak: duela lau urte, batez beste 6,6 zentimo balio zuen leungarri dosiak, eta orain 5 zentimo balio du. Alderaketa horrek beste datu adierazgarri bat ere eman digu: oraingo leungarriek materia aktibo gehiago dute ordukoek baino (bi halako ia); kontzentratuagoak dira, hortaz, eta ontzi bakoitzak plastiko gutxiago dauka, toki gutxiago behar da gordetzeko eta erregai gutxiago batetik bestera garraiatzeko. Kalitate-prezioetan, Flor Frescor Azul leungarriak lortu du emaitzarik onena; guztietan garestiena izan arren, berak lortu ditu puntu gehien erabilera proban, eta kon-tsumitzaileei asko gustatu zaie zer lurrin uzten duen, bai ontzia irekitzean eta bai arropa lehorrean eta hezean.

Tapoi handiegiak

Aztertu ditugun leungarriek, batez beste, 45 eta 72 garbialdi egiteko ematen dute, eta Lenor etxekoak ez beste guztiek, etiketan adierazi dute zenbat dosi dauzkan ontziak. Tapoiarekin neurtzen dira dosiak, eta guztiek egoki adierazten dute, marra baten bidez, noraino bete behar den tapoia. Tapoi horiek, ordea, ekoizleak gomendatzen duen dosia baino gehiago hartzen dute, eta ohiko joera izaten da tapoia goraino betetzea; ondorioz, behar baino leungarri gehiago erabiltzen da aldiro. CONSUMER EROSKI-ren ustez, egokiagoa litzateke tapoia osorik bete eta hori izatea dosi bat.

Eraginkortasun energetikoa neurtzeko, ontzi bakoitzak hutsik zer pisu duen neurtu dugu, eta dosi kopuruarekin zatitu dugu gero. San eta Lenor etxeek lortu dituzte baliorik apalenak: 1,12 gramo eta 1,17 gramo plastiko, dosi bakoitzeko. Plastiko gehien, berriz, Mimosín (1,76 gramo) eta Vernel Cielo Azul (1,72 gramo) leungarriek eman dute dosi bakoitzeko, eta, beraz, horiek lortu dute emaitzarik txarrena atal honetan.

Etiketetan bostek bete dituzte legeak agintzen dituen betebehar guztiak. Lenor, Vernel Cielo Azul eta Vernel Delicado leungarriek esaten dute tapoi erdia behar duela dosi bakoitzak, baina ez dute zehazten zenbat mililitro den hori. Mimosín Azul Vital leungarriak, berriz, tapoia 6 milimetro baino gutxiago betez eman du dosi normala, eta arauak dio sei milimetroko altuera behar duela, gutxienez. Europako legediak agintzen duen bezala, leungarri guztiek Interneten argitaratua dute euren osagaien zerrenda.

Gero eta materia aktibo gehiago

Garbigarrietan, tentsioaktibo anionikoak izaten dira osagairik garrantzitsuenak, bai ehun-garbigarrietan, bai etxea garbitzekoetan edo ontzi-garbigailuan erabiltzen direnetan (garbitzeko ahalmen handia dute). Leungarriek, berriz, tentsioaktibo kationikoak dituzte, batik bat, eta tentsioaktibo anionikoek prezipitarazi egiten dituzte tentsioaktibo kationikoak, eta eragin kaltegarriak sor ditzake bi horien bategiteak (produktu hondarrak gera daitezke arropan, adibidez). Hori dela eta, garbi-gailua azkenekoz urberritzen denean botatzea komeni da leungarria. Estraktu lehor gehien (ura lurrundu ondoren geratzen den produktu kopurua da estraktu lehorra) eta tentsioaktibo kationiko gehien Flor Frescor Hidratante leungarriak eduki du (5,2 mEq/dosi), eta materia aktibo gutxien, berriz, Elena Quanto-k eduki du (3,1 mEq/dosi). Duela lau urte, leungarriek 71 mEq materia aktibo zeukaten, batez beste, kilo bakoitzeko, eta oraingoek, berriz, 139 mEg; hau da, oraingo leungarriak duela lau urtekoak baino bi aldiz kontzentratuagoak daude (hori erakutsi du, behintzat, gure azterketak).

Leungarri bakoitzaren kalitatea neurtzeko orduan, biskositatea eta pH-a ere aintzat hartu ditugu. Pentsa liteke leungarri biskosoenek edukiko dutela materia aktibo gehien, baina ez da hala, eta, ondorioz, ez dira besteak baino eraginkorragoak, alderantziz baizik: uretan okerrago sakabanatzen dira eta botilari itsatsita geratzen dira, behin ontzia hustuta dagoenean. Vernel etxeko bi produktuak izan dira guztietan biskosoenak, eta horregatik, besteek baino emaitza apalagoa lortu dute atal honetan. Leungarrien pH-ari dagokionez, berriz, ahalik eta azidoena izatea komeni da, garbigarrien alkalinotasuna neutralizatzen baita hartara. Atal honetan Mimosín Caricias nabarmendu da: 2,1eko pH-a eman du; beste muturrean, berriz, Flor Frescor Hidratante (3,2ko pH-a) eta San geratu dira (3,1eko pH-a).

Eraginkorrak zimurren aurka

Aztertu ditugun leungarriek arropa zenbateraino leun-tzen duten egiaztatzeko, arretaz aztertu dugu zein neurritan egiten dieten aurka zimurrei, zenbateraino errazten duten arropa lisatzeko lana, eta zenbateraino uzten duten arropa harro-harro.

Lehenik eta behin, kotoi estandar bat garbitu dugu leungarri gabe, lisatu eta tolestu egin dugu, eta 10 Newtoneko presioa jarri diogu gainean 5 minutuz; hori egin ondoren, hondar-angelua neurtu dugu. Jarraian, leungarriarekin garbitu eta gauza berbera egin dugu, eta berriz ere hondar-angelua neurtu dugu, lehenik irazkiaren noranzkoan eta gero bilbearenean. Leungarririk gabe, zimurgabetze angelua, batez beste (bi neurriak aintzat hartuz lortua), 56 gradukoa izan da. Leungarriarekin, angelua handiagoa izan da kasu guztietan, eta horrek esan nahi du leungarri guztiek egiten dietela aurka zimurrei, nahiz eta badiren aldeak elkarren artean. Flor Frescor Azul izan da eraginkorrena (74,5 gradu), eta Lenor etxekoa ibili da apalen (58,5 gradu).

Beste proba batean, lisaburdina hartu eta arropa lisatu dugu, abiadura jakinean eta luzera neurtu batean. Marruskadura dinamikoa kalkulatzea izan da horren helburua, hau da, ehunak zenbaterainoko oztopoa jartzen dion lisaburdinari. Kasu guzti-guztietan, marruskadura koefizientea txikiagoa izan da leungarriz garbitu ditugun arropetan, eta hortik ondoriozta dezakegu leungarri guztiek erraztu egiten dutela arropa lisatzeko lana, Mimosín Caricias (0,094) eta San (0,1) leungarriek, batik bat. Lan hori gutxien erraztu duen leungarria, berriz, Elena Quanto (0,13) izan da, materia aktibo gutxien daukana, hain zuzen. Aldiz, Elena etxekoak harrotu du gehien arropa, horrek eman dio bolumen gehien arropari, eta, beraz, emaitzarik onena lortu du atal horretan.

Bolumen proba hori egiteko, artilezko oihal bat hartu eta zer loditasun daukan neurtu dugu, garbigarriarekin soilik garbituta lehenik, eta leungarri eta guzti garbituta gero. San etxekoak lortu du emaitzarik kaskarrena, eta Elena, Flor Frescor Hidratante eta Vernel Delicado leungarriek, berriz, emaitza ona atera dute. Arropa zenbateraino harrotzen duten neurtu dugunean ere, leungarri horiexek berberak gailendu dira (hor ere Vernel Delicado nabarmendu da, bereziki).

Lurrin onenekoak

45 kontsumitzailerekin egindako erabilera proban Elena Quantok lortu du emaitzarik apalena leungarri urdinen artean, usaia ez baitzaie gustatu. Zurien artean, Flor Frescor Hidratante leungarriari eman diote punturik gutxien; ez zaie gustatu ontzia irekitzean uzten duen lurrina, eta usaina eta produktuaren kolorea bat ez datozela iruditu zaie. Lixiba egin ondoren, Flor Frescor Azul leungarriak uzten duen lurrina gustatu zaie gehien, bai arropa heze dagoela eta bai lehortu ondoren ere; San etxekoa, aldiz, ez zaie iruditu besteak bezain atsegin eta sarkorra. Emaitza guztiak hartuta, Flor etxekoa izan da onena, eta San txarrena. Leungarri zurietan, arropa heze dagoela, Flor Frescor Hidratante-ren lurrina gustatu zaie gehien, eta Mimosín Caricias-ena gutxien. Eta emaitza guztiak kontuan hartuta ere, leungarri zurietan, Mimosín Caricias-i eman dizkiote puntu gutxien. Gehien, berriz, Flor etxekoak lortu ditu, leungarri zurietan bezala (4,91 puntu 7tik). //

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto