Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Fruitu lehorren 8 'koktel' aztertu ditugu: Gantz osasungarriak bai, baina kaloria asko

Fruitu lehorren koktel hauek eli-kagai interesgarriak dira, gantz osa-sungarriak dauzkatelako eta proteina eta zuntz ugari, baina 500 kaloria ematen dituzte ehun gramo bakoitzeko, eta batzuek gatz gehiegi daukate. Ondorioz, ez dira maiz-maiz jatekoak

  Fruitu lehorren koktelak aztertu ditugu, 8 motatakoak. Fruitu lehorrak eta horien kopuruak aldatu egiten dira etxe batetik bestera (kakahueteak, almendrak, hurrak, anakardoak, pistatxoak, pinaziak), eta beste osagaietan ere badago aldea (artoa, babak, mahaspasak, zizka-mizkak); horrez gain, tratamendu termikoa ere ez da berdina guzietan: batzuk frijituta daude eta besteak txigortuta. Zazpi plastikozko zorroetan saltzen dituzte (100 eta 500 gramo artekoak dira), eta zortzigarrena latan. Ontziratze-sistema berbera erabili dute guztietan, babes-atmosfera (oxigenoarekin beharrean, beste gas batzuekin ontziratzen dituzte, produktua ez zaharmintzeko). Osagaietan halako aldea egonik, ezin guztiek prezio bera eduki. Guk aztertu ditugunetan, kiloak 5 euro baino gutxiago balio izan du merkeenetan (Son Sánchez "frijituak", Plis Plas "popurri" eta Borges "askotariko nahasketa"), eta 15 euro inguru Eagle etxeko biek (horiek dituzte osagairik garestienak).

Nagusiki honako osagai hauek eduki dituzte guk aztertu ditugun zortzi zorroek: fruitu lehorrak, landare olioa eta/edo landare gantza (Son Sánchez "nahasketak" salbu; landare oliorik eta gantzik ez duela erabili esaten du), gatza eta irinak. Fruitu lehorrak jatea oso osasungarria izaten da, oro har (landare jatorriko gantza dute, zuntz asko eta balio biologiko handiko proteina ugari), baina gure analisiak erakutsi du kaloria asko ematen dituztela koktel hauek: batez beste, 535 kaloria ehun gramo bakoitzeko (467tik 637 bitartean dabiltza). Batik bat, gantz asko dutelako gertatzen da hori: produktuaren % 37 gantza dute, batez beste (gutxien daukanak % 23 eta gehien daukanak % 59). Gantz hori osasungarria da, oro har, ia guzti-guztia saturatugabea da-eta (% 81, batez beste), nahiz eta zortzitik hirutan, % 23 eta 28 artean antzeman ditugun gantz azido saturatuak, ez batere osasungarriak. Karbohidrato kopurua ere nabarmentzeko modukoa dute fruitu lehor hauek (% 31, batez beste), eta proteinena ere bai (% 19 dituzte, batez beste; gehien dituenak % 35 eta gutxien dituenak % 11).

Fruitu lehorrek badute beste ezaugarri on-on bat, zuntz ugari dutela, alegia. Zuntzak hesteak mugiarazten ditu eta aurre egiten dio idorreriari. Guk aztertu ditugun zortzi zorroek ere eutsi diote ezaugarri horri: batez beste, % 7 daukate zuntza, batzuek % 6 eta besteek % 10. Fruitu lehorren artean, almendrak eduki ohi du zuntz gehien: gordinik, adibidez, % 10 baino gehiago eduki dezake.

Azukre aldetik, eskas: zortzietatik zazpik, guztira % 1 eta 5 artean dituzte azukreak. Eagle etxeko "koktel exotikoa" delakoa izan da salbuespena: mahaspasa ugari ditu, eta, ondorioz, azukrea ere, askotxo: % 24. Mineralak, bestalde, gainerako frutek baino gehiago edukitzen dituzte fruitu lehorrek, eta, batik bat, magnesioa, fosforoa, potasioa, kaltzioa eta burdina, eta zenbait oligoelementu, zinka eta selenioa, esaterako (biak herdoilaren aurkakoak). Son Sánchez "nahasketari" antzeman diogu mineral gehien (produktuaren % 5,8 egin dute errautsek), eta Eagle "koktel exotikoak" eman du gutxien (errautsak: % 2,4). Fruitu lehorrek ez daukate C bitaminarik, baina ugari izaten dituzte B1 edo tiamina, B3 edo niazina eta folatoak. Eta landare jatorriko elikagaien artean, E bitamina gehien dutenetakoak ere badira, nahiz eta B1 eta E bitaminen zati bat desegin egiten diren frijitzerakoan edo txigortzerakoan.

Merkeena asko gustatu zaie kontsumitzaileei eta horixe gailendu da prezio-kalitate harremanean

Horiez gain, gatza ere izaten dute. Zortzi zorroetatik bostek ez dute gatz askorik eduki (% 0,05etik 1 arte), baina beste hirurek bai, gatz asko eman dute (% 3,3 eta 4 artean); produktu bat gaziegia dela esateko, % 1,5etik gora eduki behar du gatza, eta hiru horiek aise gainditu dute muga hori. Mistercorn Mix5 izeneko fruitu lehorrek soilik daramatzate gehigarri zapore-emaileak. Eta osasun- eta higiene-kalitateetan ere etxe horretako zorroak eman du emaitzarik apalena ("hobetzeko modukoa"); besteei baino lizun eta legamia gehiago antzeman dizkiogu, baina, hala ere, ez dago arriskurik kontsumitzaileentzat. Aflatoxina kopurua ere neurtu dugu laborategian. Mikotixinak dira aflatoxina horiek, eta ohikoak izaten dira nekazaritzako produktuetan eta, bereziki, zenbait fruitu lehorretan. Aspergillus motako onddoek sortzen dituzte (kartzinogenoak dira, minbizia sor dezaketenak, alegia); zaila izaten da onddo horiek ez agertzea, eta kontrol zorrotza eraman behar izaten da prozesatzerakoan, lehortzerakoan eta biltegiratzerakoan. Aflatoxina guztiak batu ondoren, legeak ezartzen duen gehienezko mugatik behera ibili dira zorro guztiak (2 µg/kg edo 2 zati bilioiko, B1 aflatoxinarentzat, eta 4 µg/kg B1, B2, G1 eta G2 aflatoxinentzat), nahiz eta batzuetan mugatik hurbil ibili. Azkenik, transgenikorik baduten antzemateko probak erakutsi digu inork ez duela erabili genetikoki eraldatutako artorik.

Dastatze proba eta kalitate-prezioak

  30 kontsumitzailek parte hartu dute dastatze proban. Hainbat atal neurtzeko eskatu diegu horietako bakoitzari: itxura eta zaporea zer iruditzen zaizkien, gazi zaporearen biziari zer deritzoten, murtxikatzerakoan zer irizten dioten, eta osagaiak nola konbinatuta dauden. Horrez gain, galdetu diegu zein osagai erantsiko edo ugarituko lioketen produktu bakoitzari, eta zein osagai kenduko edo murriztuko luketen, eta, azkenik, gehien zein gustatu zaien esateko eskatu diegu, eta bakoitzari nota bat jartzeko. Aldizkari honetan argitaratzeko egin izan ditugun dastatze probetan, ez da alde handi-handirik izaten atal bakoitzeko emaitzetan, baina oraingoan alde nabarmenak agertu dira. Mistercorn Mix 5, Eagle Musik "fruitu lehor hautatuak", Eagle "koktel exotikoa", Facundo eta Son Sánchez "frijituak" gainerako hiruren gainetik geratu dira, eta Borges-ek eta Plis-Plas-ek lortu dituzte emaitzarik apalenak. Gehien-gehien Eagle Musik "fruitu lehor hautatuak" gustatu zaie dastatzaileei, garestiena. Elikadura-osaera, prezioa eta dastatze probari begiratuta, Son Sánchez "frijituak" lortu du emaitzarik onena kalitate-prezioetan. Produktu askotarikoagoa eta osagai garestiagoz egina nahi duenarentzat, berriz, Eagle "koktel exotikoa", aukera ona.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto