Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Ikusmena maiz eta sakon aztertzea komeni da begi-gaixotasun larriei aurre hartzeko eta horien bilakaera zaintzeko. Ikusmen-zolitasuna neurtzeko probak egin behar dira, begi-hondoa aztertu eta beste alderdi batzuk ere bai, egoerak hala eskatzen badu
Ez du axola zein adin dugun edo zenbatetan joan garen ohiko medikuarengana. Urteak 365 egun ditu, eta oftalmologoarengana edo okulistarengana joateko tarterik hartu ez badugu, arriskua dago ikusmen-arazorik ohikoenak ez garaiz antzemateko, eta, ondorioz, zailtasunak sor daitezke sendabidea emateko orduan. Horregatik da funtsezkoa ikusmena begiratzea, urteen joanak asko erasaten baitio begiari. Oftalmologoarengana joateko lana hartzea besterik ez da; bizitzako lehen aroetan, aski da bi urtez behin egitea hitzordua, eta ikusmen-gabeziaren bat edukiz gero edo 40 urte baino gehiago, urtero hartu behar litzateke ordua. Ikusmena sakon eta maiz aztertzeak lagundu egiten du begi-gaixotasun larriei aurre hartzen eta horien bilakaera zaintzen. Besteak beste, ikusmen-zolitasuna neurtzeko probak egitea komeni izaten da, begi-hondoa aztertzea eta beste alderdi batzuk ere bai gaitz jakinen batek hala eskatzen badu. Eritasunak askotarikoak izan daitezke, baina adin bakoitzari bere sendabideak egokitzen dizkiote oftalmologoek.
Haur txiki-txikietan, sei hilabetetik aurrera joan ohi da espezialistarengana, eta begi nagia edo anbliopia deitzen den arazoari aurre hartzeko izaten da gehienetan (haurrak ez du erabiltzen begi bat bestea adina, eta moteldu egiten da haren ikusmena). Horrez gain, estrabismo arazoei ahalik eta lasterren konponbidea jartzeko ere joan behar izaten da medikutara. Haurtzaroan ager daitezke miopia (urrunera gaizki ikusten du haurrak, baina gertura ongi), hipermetropia (gertura ongi ikusteko izaten dira arazoak) eta astigmatismoa (ez da oso garbi ikusten ez urrunera ez gertura), eta ikusmena behar bezain ongi ez edukitzeak eragina izan dezake gero eskolako emaitzetan. Kalkuluen arabera, eskolako porroten % 15 eta 30 artean izaten dira ikusmen arazoek eraginak. Kaligrafia txarra, ortografia akatsak edo irakurtzeko zailtasunak agertzen dituztenean haurrek, gerta daiteke fokatze-arazoen ondorio izatea edo hautemate-arazoen ondorio, eta horiek antzematea oso-oso zaila da medikuaren laguntzarik gabe.
Garai honetan nabarmenagoak izaten dira ikusmen-gorabeherak, eta lehenbailehen joan behar da oftalmologoarengana, betaurrekoak edo ukipen-leiarrak jarri eta arazoari irtenbidea emateko. 18 urtetik aurrera, ikusmen-gabeziak egonkortzen hasten dira, eta behin betiko konponbidea jartzeko aukera izaten da; adibidez, laser kirurgia erabilita (21 urte beteta eduki behar dira horretarako). Gazteak zer arazo duen jakiteko, aski da ohiko azterketa bat egitea: taula bat aurrean jarri eta ikusmen-zolitasuna neurtzeko probak egiten dituzte foroptero izeneko tresna batekin (oftalmologoak galdetuko dio letrak nola ikusten dituen, eta leiarrak aldatuz joango da). Adin ertaina eta helduaroa
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa