Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Pisu gehiegiak, egonerako joerak, ariketa fisikorik ezak eta gorputz-jarrera desegokiek kalte egiten diote diskoari, eta hondatu egiten dute denborarekin; ezinbestekoa da jarrerak zaintzea, eta ariketa maiz samar egitea
Urteak joatea ez omen da seinale txar-txarra. Adin batetik aurrera, ordea, joan ez, etorri egiten dira urteak, eta ez esku hutsik... Zimurrak ekartzen dituzte, eta hain begi bistako ez diren beste aje batzuk ere bai. Diskoaren endekapen-gaixotasuna da horietako bat; protrusio moduan ager daiteke (hernia sortu aurreko endekapena izaten da), edo disko hernia eta ziatika moduan. Desgaste mota horrek jende askori erasaten dio, berdin emakume eta gizon, eta 45 urtetik beherakoen artean, horrek sortzen du lanerako ezintasun gehien. Adituek ohartarazi dutenez, 30 urtetik gorako jendeek, osasuntsu egonda ere, disko-protrusioak jasan ditzakete (hiru ere bai), eurak jabetu gabe. Osasun arazo gero eta hedatuagoa da, eta osatzeko bidean jartzeko, egun ez da zertan ebakuntza gelatik pasatu.
Erabakia hartzeko orduan, hala ere, zer gertatzen zaion ikusi behar du gaixoak: ez da gauza bera hernia bat edukitzea edo gerrialdeko oinazea edukitzea. Horregatik, ez da esaten gaixo batek hernia duela, ezpada disko-endekapena duela. Endekapen hori batzuetan herniari lotuta egongo da, oinazea bezala.
Protrusioak eta disko-herniak ez dira agertzen adinean aurrera egindakoan soilik, diskoa ere zahartu delako edo. Bat-batean ere ager daitezke, traumatismo gogor baten ondoren. Horregatik, pisuarekin lan egiten dutenek arrisku gehiago izaten dute ornoarteko disko bat eten eta hernia akutu bat jasateko, eta atletek ere bai, bat-bateko keinu bat eginda.
Gerri-babes bereziak erabiliz egiten zaio aurre arazo horri, baina ez da metodo bakarra. Bizkarraldearekin zerikusia duten beste arazo batzuekin gertatzen den bezala, ezinbestekoa da osasuna zaintzea, gorputz-jarrerei arreta jartzea eta ariketa egitea maiz samar. Sabelaldeko eta gorputz enborreko muskuluak landuta edukitzeak gutxitu egiten du protrusio bat edo disko-hernia bat edukitzeko arriskua. Aldiz, pisu gehiegiak, egonerako joerak, ariketa fisikorik ezak eta gorputz-jarrera desegokiek handitu egiten dute hernia-disko bat agertzeko arriskua. Tabakismoak ere areagotzen du diskoaren endekapen-gaixotasuna.
Hernia duenak ez du, nahitaez, ebakuntza gelara joan beharrik. Kalkuluen arabera, helduen % 80k izaten dute gerrialdeko minen bat bizitzan, baina % 1-2 inguruk behar izaten dute ebakuntza.
DISKOA ERAUZTEA EDO DISZEKTOMIA. Nerbio ziatikoaren hernia eta oinazea kentzeko egiten da ebakuntza hori. Kentzeak, ordea, arazo bat ere sortzen du: ornotik ornorako tartean diskorik ez da geratzen, eta urteekin, arazoak sor dakizkioke gaixoari. 50 urte bitarteko gaixoetan, artrosirik edo beste min gehigarririk eduki ezean, diszektomia erabiltzen da gehien. Teknika horrek badu aldaera bat ere: gerrialdeko mikrodiszektomia. Ebaki txiki-txikia egiten dute bizkarrezurrean, erasate gutxiko kirurgiak eskaintzen dituen teknikak erabiliz (ez dira hain gogorrak gaixoarentzat). Ebakuntza ondoan arazo gutxiago izaten dira teknika horiei esker, ospitalean ere denbora gutxiago egon behar izaten da, eta osasun sistemarentzat merkeagoa da. Oraindik, hala ere, mikrodiszektomia ez dago oso hedatua.Metodo tradizionalak erabilita, gaixoen % 85 ongi uzten ditu kirurgiak; hau da, sustrai-oinazea desagertu egiten da. Gaixoen % 5ek, ordea, beste disko-hernia bat eduki dezakete, eta %10-15 ingururi, gerrialdeko oinazea ager dakieke aldizka. Erasate gutxiko kirurgiak beste teknika batzuk ere sortu ditu (diskoa xurgatzeko diszektomia perkutaneoa edo laser bidezko diszektomia perkutaneoa), baina ez bata eta ez bestea iristen dira diszektomia klasikoak lortzen dituen emaitzetara. Aldiz, endoskopio-mikrodiszektomiak % 90eko emaitzak eman ditu (teknika horrek endoskopio bidez erakusten ditu ebakuntza gunea eta bertako elementuak).
DISKOA ORDEZKATZEA. Diskoak jasaten du bizkarrezurraren gain egiten den presioa, hori leuntzeko lana egiten du eta zamak banatzen ditu. Hori dela eta, diskoa nola ordezkatu litekeen aztertzen ari dira. Gaur egun, honela egiten dute:
FUSIO-TEKNIKA: Herniaz gain artrosia edo desgastea dutenentzat hau izaten da teknikarik ohikoena eta seguruena. Diskoaren lekuan, disko-kaxa moduko bat jartzen dute eta hezurrean txerto bat egiten dute; horri esker, ez da mugimendurik izaten bi ornoen artean. Orno-fusioa deitzen zaio teknika honi, eta disko kaltetuaren funtzioa desagerrarazten du. Espazioari eta altuerari eusten dio -abantaila horixe du-, eta ornoen mugimendua eragozten duenez, ez da agertzen lunbalgiarik. Oinazea kentzen du, baina baita mugikortasuna ere.
Duela urte batzuk, disko-hernian kirurgia egin ondotik, astebete eta bi aste artean egon behar izaten zuten gaixoek ospitalean. Baina azken urteetan anestesiarekin egin diren aurrerapenei esker, gaur egun 24-48 orduren buruan bidaltzen dute gaixoa etxera. Etxera bidaliagatik ere, ebakuntza ostekoa ongi zaindu beharra dago, eta arau batzuk zintzo bete:
Ebakuntza egin berritan, gerri-babes bat erabili behar du gaixoak (ohetik jaiki orduko jarri behar du), agintzen dizkioten botikak hartu eta zauria ongi zaindu, garbi eta lehor. Eserleku altuetan esertzea komeni zaio, eta halakorik eduki ezean, kuxin pare bat erabiltzea; aulkiak beso-euskarriak edukitzea ere oso lagungarria da. Lehen bi aste horietan ahalik eta gutxien egon behar da eserita (bazkaritan, afaritan eta komunean baino ez, ahal dela); gainerako tarteak ohean ematea komeni izaten da, eta paseo motzak egitea (medikuak agindutakoan, horiek ere luzatzen joan behar da).
Ebakuntza egin eta handik hiru astera, asko hobetu dela sentitu ohi gaixoak, nahiz eta suma ditzakeen zenbait sintoma berezi: zangoak inurritzen zaizkiola edo sentikortasun gutxi duela, eta bizkarraldean oinazeren bat agertzen zaiola hura mugitzen duenean.
Gaixoa has daiteke igerilekuan ibiltzen (ariketa egokia da gutiz osatzen joateko), baina ur gutxi dagoen lekuan, badaezpada ere. Denbora batez uretan oinez ibili ondoren, seguru sentitzen denean, has daiteke bizkar eran igeri eginez. Bizikleta estatikoan ere ibil daiteke, egunean bost minutuz (bizkarra tente eduki behar du); bestela, egunean ordubeteko paseotxoa eman dezake toki lauan, kirola egiteko oinetako erosoekin. Laugarren astea igaro ondoren, medikuaren kontsultara joan eta azterketa egin behar du.
Iturria: J. Sales Llopis, Alacanteko Ospitale Unibertsitario Orokorreko kidea (Neurokirurgia Zerbitzuan)
Iturria: Andrés Combalia, Bartzelonako Hospital Clínic-eko kirurgialari ortopediko eta traumatologoa.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa