Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Zure afera revista.consumer.es aldizkarian konpon dezagun nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan. Bistan denez, aldizkari honetatik interesgarrien jotzen ditugun kontsultak bakarrik argitaratuko ditugu
Ontzi-garbigailua erosi nuen orain dela hiru urte, eta matxuratu egin da. Aldatu beharko litzatekeen pieza ezin da eskuratu, eta modelo berria erosteko proposamena egin didate. Merkeago jarriko liratekeela esan didate, baina orain ezin naiz horretan sartu. Zerbait egin dezaket?
1/2007 Errege Legegintza Dekretua mintzo da horretaz; azaroaren 16koa da, eta Erabiltzaileak eta Kontsumitzaileak Babesteko Lege Orokorraren testu bategina onartzera dator. 127. artikuluak hitz egiten du konponketei eta salmenta ondoko zerbitzuei buruz, eta iraupen luzeko produktuei dagokienez -hor legoke ontzi-garbigailua-, hauxe dio: kontsumitzaileak eta erabiltzaileak eskubidea izango du zerbitzu tekniko egokia jasotzeko eta ordezko piezak eskura edukitzeko, produktua ekoizteari utzi eta bost urteko epean, gutxienez. Txikizkako Merkataritza Arautzeko Legeak, berriz (1996koa da), hauxe dio: ekoizleak bermatuko dio erosleari, edo inportatzaileak bestela, zerbitzu tekniko egokia emango diola hark ekoizten edo inportatzen dituen ondasun iraupen luzekoentzat, eta halaber, ordezko piezekin hornituko duela, produktua ekoizteari utzi eta bost urteko epean, gutxienez. Ekoizleari dagokio betebehar hori, edo inportatzaileari bestela, baina saltzaileak ez dauka hor erantzukizunik.
Pertsona kaltetuak, lehenik, egiaztatu behar du ez direla bost urte igaro produktua ekoizteari utzi diotenetik, eta ondoren, idatziz zuzendu behar zaio ekoizleari -agiripean ziurtatua behar du idatziak-, eta eskatu behar dio pieza aldatu eta produktua konpon diezaiotela. Matxura konpontzeko piezarik eman ezin badiote, kontsumitzaileak ekoizlearekin adostu dezake produktu berria zenbat merkeago utziko dion, edo, bestela, auzitara jo dezake eta ordaina eskatu kalte-galerengatik. Horrez gain, udalerriko edo herrialdeko Kontsumo Zerbitzuetan ere galde lezake ea arau-hauste administratiborik gertatu den kontsumo arloan.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa