Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Aseguru eta guzti bidaiatzea: Inbertsio txikitik, lasaitasun handia

Asegururik gabe, bezeroak dirua gal dezake bidaia bertan behera uzten badu edo maletak desagertzen bazaizkio, baina are larriagoa izan daiteke toki batzuetara joan eta mediku gastuei erantzungo dien poliza bat ez edukitzea

  Oporrei ere kentzen hasia da jendea, gastuak gutxitu behar horretan. Sakelak agintzen du, baina kontu eduki behar da nondik kentzen den, gauza batzuk ez baitira irudi lezakeen bezain garrantzigabeak. Asegurua, esaterako. Jendeak pentsatu ohi du hori gabe ere ongi molda litekeela, baina leku exotiko edo urrutietara joan behar duenari oso baliagarria gerta dakioke: osasun laguntza beharko balu edo halabeharrez egonaldia luzatu beharra suertatuko balitzaio, buruhauste eta gastu asko kenduko lizkioke aseguruak. Aurten, gainera, A gripeak gogor astindu ditu bazterrak, eta are garrantzi gehiago hartu dute era horretako aseguruek. Baina zein lekutara joateko komeni da aseguru ona edukitzea? Zer eskaini behar du aseguru on batek erabilgarria izateko?

Poliza egokienaren bila

  Bereziki hiru estaldurari erreparatzea komeni da aseguruetan: osasun laguntzari dagokiona, ekipaje galera aintzat hartzen duena eta bidaia deuseztatu ondorengo kalte-ordainez mintzo dena. Oso garrantzitsua da aseguruak hiru alderdi horiei erantzutea. Urte batzuetatik hona, asko ugaritu dira, adibidez, bidaia deuseztatuei berariaz erantzuteko aseguruak, batik bat hegazkin zerbitzuei lotuta, bidaiariak badaki-eta behin txartela erosi ondoren ez diotela dirurik itzuliko bidaiatu ezin badu (tarifa berezien dirua soilik bueltatu ohi dute). Baina deuseztatze-aseguru horiek ez dira aski atzerrira bidaiatzen denean. Halakoetan, bidaia-aseguru osatu bat kontratatzea komeni da, eta deuseztatzeari ez ezik, osasun laguntzari eta ekipaje galerari ere estaldura ematea. Bidaia-aseguru osatu horiek, gainera, beste egoera batzuei erantzuteko aukera ere ematen dute, eta hainbat kalte-ordain mota dituzte: bidaia atzeratu eta bidaiariak premia-premiazko gauzak erosi behar izan baditu, horiek ordaintzeko; edo berandutzeagatik sortzen diren kalteei aurre egiteko; edo bidaian gaixotu, min hartu edo hil izanaren ondorioz nor bere herrialdera ekartzeak sortu dituen gastuei erantzuteko; edo kreditu txartel galdu edo lapurtuak baliogabetzeko lanak abian jarri ahal izateko; edo interprete zerbitzuak ordaintzeko.

Espainian eskaintzen dituzten aseguruek, batez beste, 600 euroko ordaina ematen dute ekipajeengatik, 60 eurokoa premia-premiazko gauzak erosi izanagatik, beste 60 eurokoa bidaiako dokumentuak ordezkatu behar izateagatik jatorrizkoak galdu direlako edo lapurtu dizkigutelako, eta beste hainbestekoa segurtasun kutxa konpondu edo ireki behar izan delako giltza lapurtu edo galdu egin dugulako. Berandutzeagatik, berriz, aseguru etxeek 90 euro ordaintzen dute atzerapen-ordu bakoitza (300 euro arte, gehienez). Overbooking arazo batek ezin bidaiatu utziko balu norbait, 90 euroko kalte-ordaina emango lioke aseguruak. Heriotza gertatuz gero, 6.000 eurokoa izaten da estaldura, eta aberriratzeko gastu guztiak aseguru etxeak ordaintzen ditu, mugarik gabe (baita gaixotasun larrien erruz aberriratzen denean ere).

Asegurua kontratatu eta osasun arazorik badugu, aseguru etxeak emandako telefonoetara dei dezakegu; ekipajea galdu badugu edo erantzunkizun zibilaren ardura egotzi nahi badiogu norbaiti, itzultzerakoan egin beharko dugu

Aurreko alderdi horiek guztiak oso aintzat hartzekoak dira, baina gauza guztien gainetik, osasun laguntzari dagokion estaldura lehenetsi behar da. Maleta galtzen badugu, asegururik ezean, gure sakelatik ordaindu beharko dugu arropa berria eta beharrezko gauzak, eta hori hala izaten da leku batera joan edo bestera. Bidaia bertan behera uzten badugu, berriz, aurrez jarri dugun dirua galduko dugu, asko jota. Aldiz, mediku gastuei erantzungo dien polizarik gabe joanez gero, diru asko ordaindu behar izateaz gain, gerta daiteke osasunak okerrera egitea eta are desoreka psikologikoak agertzea ere.

Osasun laguntza hartzeagatik ordaindu beharrekoa asko aldatu daiteke leku batetik bestera. Espainian barrena joatea erabaki badugu, ez da derrigorrezkoa aseguru hori egitea, Espainiako Gizarte Segurantzak bere gain hartzen baititu istripu edo gaixotasun baten ondorioz sor litezkeen gastu guztiak. Europan, ordea, eta zer esanik ez Europatik kanpo, herrialde askok ez daukate osasun zerbitzu publikorik, eta bidaiariak ordaindu behar izaten ditu kontsultak, tratamenduak eta gainerako zerbitzuak.

Aseguru eta guzti joateko moduko lekuak

Ameriketako Estatu Batuak. Mediku kontsulta batek 100 dolar balio du, batez beste, eta botiken fakturak, nekez 60 dolar baino gutxiago. Ameriketako Estatu Batuetan astebete egon behar duenari 83 eurotan aterako litzaioke asegurua (mediku baten kontsultara joatea adina).

Kanada. Lurraldean hiru hilabete baino gehiago egin dituzten egoiliarrentzat soilik ematen du zerbitzua osasun sistema publikoak. Bisitari edo turistentzat garestia izaten da osasuna zaintzea (botikak, gehienbat). Beraz, Kanadara joateko, komeni da bidaia aseguru osatua egitea. Bost egunetik hamar egun bitarteko egonaldia, batez beste, 83 euro kostatzen da han ere. Bidaia luzexeagoa bada, 11 egunetik 16 bitartekoa, 105 eta 112 euro artean ibiliko da.

Ekialde Urruna. Gero eta jende gehiago joaten da Thailandia, Birmania edo Vietnam aldera. Toki exotikoak dira, eta gure begietara erakargarri bihurtzen dira hango natura, artea eta kultura, hain dira desberdinak guretik. Osasun zerbitzuak ere oso bestelakoak dira guk ezagutzen dugunetik, eta hizkuntzaren arazoa ere hor dago. Toki horietara joandakoan, osasun gastuei aurre egitea baino gehiago eskertzen da aseguru etxeak kudeatzaile lana egitea, eta osasun zerbitzuarekin edo medikuarekin harremanetan jartzea, eta tratamendu eta botika egokiak bilatzeko bitartekoak eskaintzea. Herrialde horietara bidaiatu behar bada, oso lagungarria gertatzen da aseguru polizan interprete zerbitzua ere hartzea. Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan bezala, leku horietan ere 25.000 eurotik 50.000 euro bitarteko ordaina ematen du aseguruak, gehienez ere.

Europa. Beste herrialde batzuetan baino hobeto dago Europakoetan osasun arloa, eta ez da hain beharrezkoa izaten halako aseguru bat egitea. Europako Batasuneko herrialde guztiek daukate osasun zerbitzu doakoa, elkarlan-hitzarmenak eginak baitituzte Espainiako Gizarte Segurantzarekin; beraz, Europako osasun txartela hartuta ibil daiteke batetik bestera. Europako herrialderen batean 5 eta 10 egun artean igarotzeko, 37 euro balio du aseguruak, eta 50 euro bidaia 11 egunetik 16 bitartekoa bada. Gehienezko estaldura, berriz, 6.000 euro eta 15.000 artekoa izaten da.

Espainian barrena: oso erabilgarria gerta daiteke asegurua

Espainian Gizarte Segurantzak erantzuten dienez osasun beharrei, osasun laguntzarako aseguruak eta bidaia aseguruak merkeago irteten dira beste herrialde batera joateko baino. Oro har, Espainian barrena ibiliko denarentzat, 25 eurotik hasita izaten dira aseguru osatuak. Larrialdi gastuei eta ospitaleratze gastuei erantzuten die osasun estaldurak, beste gastu mediku guztiei osasun zerbitzu publikoek erantzuten baitie. Osasun laguntzari dagozkion estaldura mugak 1.500 euro eta 2.000 euro artean dabiltza.

Nola erabili bidaia-asegurua

  Bidaiariek galdera asko izaten dituzte euren herrialdetik irten eta osasun laguntza hartu beharrean suertatzen direnean. Hona hemen zalantzarik ohikoenen inguruko erantzunak:

Norengana jo behar da bidaia asegurua eduki eta osasun laguntza behar izanez gero?

Bidaia aseguru bat kontratatu badugu eta uneren batean erabili beharra sortzen bazaigu, telefono laguntza eskatu behar dugu lehenik. Aseguru etxeak eman dizkigun telefonoetara deitu beharko dugu, edo, bestela, bidaia eta zerbitzu osagarriak hartu ditugun bidaia agentziara. Ohikoena izaten da bezeroak bi telefono edukitzea, bat bere herrialdekoa eta bestea nazioartekoa, eta jasotzailearen kontura deitzen da (aseguru etxeak ordainduko du deia). Eskatzen ditugun zerbitzuak jaso ahal izateko, gure izena eman beharko dugu, poliza zenbakia, zein lekutan gauden eta zein telefono zenbaki dugun jakinarazi beharko diegu, eta zein arazo daukagun azaldu. Telefono laguntza eguneko 24 orduetan eskaintzen dute, urteko egun guztietan.

Zer gertatzen da asegurudunak larrialdi bat eduki eta osasun etxe batera eramaten badute, aseguru etxeari jakinarazi baino lehen?

Kasu horretan, bezeroak ordaindu beharko ditu gastu guztiak, eta bere herrialdera itzultzen denean, ordainagiriak eskuan dituela, aseguru etxera jo beharko du, eta hark itzuliko dio dirua (inoiz ez polizan ageri den baino gehiago).

Nola jakinarazten zaio hondamendi sailari ekipajea galdu dugula, istripua izan dugula edo erantzukizun zibilaren ardura egotzi nahi diogula norbaiti?

Ekipajeekin, istripuekin, atzerapenekin edo erantzukizun zibilarekin zerikusia duten erreklamazioak bidaiatik itzuli eta gero egin behar dira. Aseguru konpainiaren zuzendaritzara jo behar dugu.

Zer egin, zerbaiti edo norbaiti kalte egiten badiogu nahi gabe?

Zerbait hondatu bada, asegurudunak idatziz jarri behar du zehatz-mehatz zer gertatu den. Aseguru konpainiaren baimenik gabe, ez da onartu, negoziatu edo baztertu behar inolako akordiorik.

Badago mugarik aberriratze gastuetan?

Oro har, ez da izaten. Osasun arrazoien eraginez edo heriotzagatik gertatzen diren aberriratzeetan, ez da diru mugarik izaten.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto