Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Finantza erakundeen Gizarte Ekintza: Espainiako 21 aurrezki kutxak eta 5 bankuk gizarte ekintzetara zenbat bideratzen duten aztertu dugu: Gizarte Ekintzari kenduz indartu dituzte erreserba funtsak kutxa handiek

·Bankuek halako hamar bideratzen dute aurrezki kutxek gizarte ekintzetara.
·Bi kutxa nagusiek nabarmen gutxitu dute Gizarte Ekintzarako jartzen duten portzentajea.
·'Osasuna eta gizarte laguntza' arloari ematen dioten dirua % 50 handitu da, kulturaren eta aisialdiaren kaltetan

  Aurrezki kutxen irabaziek bi bide hartu ohi dituzte: kaudimena bermatzera joaten dira batzuk, eta elkartasun gaietara beste batzuk. Hala behar duela agintzen du legeak. Konfiantza eta emaitza onak nagusitzen direnean, dirua errazago joan ohi da gizarte ekintzetara. Aldiz, zalantzak eta zantzu kezkagarriak agertzen direnean, erakundeen eta bezeroen presioak zuhurtzia eskatzen dute, eta gizarte ekintzetarako dirua muga-tzea bihurtu ohi da zuhur jokatzea. Eta horixe erabaki dute Espainiako kutxa nagusiek, zuhur jokatzea, alegia.

Joera hori nagusitu dela erakutsi du CONSUMER EROSKI-k egin duen azterketak: Espainian dauden 46 aurrezki kutxetatik, 21en Gizarte Ekintza aztertu dugu guk, zenbat diru jartzen duten eta zertarako. 2004an ere egin genuen antzeko ikerketa bat eta harekin alderatuz, kutxen txanponak ere bi aurpegi dituela nabarmen geratzen da. Batetik, orduan baino askoz diru gehiago jartzen dutela esan behar da: 677 milioi euro ziren orduan, eta 1.652 milioi orain (15 kutxa aztertu genituen, eta horietara mugatuko bagina, 1.338 milioi eurokoa izango litzateke kopurua). Bestetik, ordea, neurtuko bagenu irabazten dutenetik zer ehuneko edo portzentaje jartzen duten, gero eta txikiagoa dela antzeman liteke. Kutxa guztiek hartu dute joera hori, baina bi kutxa nagusietan antzeman da mozketarik handiena, La Caixan eta, batik bat, Caja Madrid-en. Azken horretan, irabazien % 8,7 jarri dute 2008an Gizarte Ekintzarako, eta 2003an, berriz, % 26,9 jarri zuten (hiru halako!). La Caixan, berriz, erdira murriztu dute portzentajea: % 37,6koa zen 2003an eta % 18,7koa izan da 2008an. Bada beste datu argigarri bat ere: bi erakunde horiek 2008an irabazi dutena batuta, aztertu ditugun 21 kutxen % 58 egiten dute; bi kutxa horiek Gizarte Ekintzara bideratzen dutena batuta, aldiz, guztien arteko % 43a baino ez da (% 28 La Caixarena eta % 15 Caja Madrid-ena).

  Datu horiek ikusita, ondorioa garbia da: kutxek askoz gehiago irabazi dutelako handitu da Gizarte Ekintzari ematen dioten diru kopurua, eta ez arlo horretara bideratzen dituzten portzentajeak -irabazienak, betiere- handitu dituztelako. Izan ere, euren erreserbak indartzea lehenetsi dute erakunde horiek. Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioak (CECA) eman dituen datuen arabera, erakunde horrek biltzen dituen 46 kutxek -tartean guk aztertu ditugun 21ak- 2.060 milioi euro erabili zituzten gizarte ekintzak laguntzeko (horietatik 1.941 milioi kutxek egindako inbertsioak izan dira, eta gainerako 117 milioi euroak, jarduerek eman dituzten diru sarreretatik eta diru laguntzetatik etorri dira). Orotara, 142 milioi pertsonari baino gehiagori iritsi zaie dirua. Esan bezala, 46 horietatik 21 aztertu ditugu guk, honako hauek, hain zuzen: Caja Cantabria, Caja Rioja, BBK, Kutxa, Vital Kutxa, Caixanova, Caixa Galicia, Caixa Catalunya, Caja Sur, Unicaja, CAI, Ibercaja, CAM, Caja Murcia, Caja España, Caja Duero, Caja Madrid, Cajastur, La Caixa, Bancaja eta CAN. Horietako guztien memoria-txostenak eta urteko kontuak aztertu ditugu, eta galdetegiak bidali dizkiegu Gizarte Ekintzako arduradunei. Aurrezki kutxek aurreko urteko etekinetatik ateratzen dute Gizarte Ekintzarako dirua eta bankuek, ostera, urte horretan izango dituzten etekinak kalkulatuta erabakitzen dute gizarteari ze portzentaia bideratuko dioten. Salbuespena, BSHC, aurrezki kutxen modura jokatzen baitu.

Kutxak ez bezala, bankuak ez daude legez behartuta euren irabaziak gizarte ekintzetan jartzera. Poliki-poliki, ordea, horiek ere ari dira gizarte-konpromisoa hartzen, herritarrek hala eskatzen dutelako batetik, eta enpresen Gizarte-Erantzukizunak gero eta itzal handiagoa duelako bestetik. Apustua, hala ere, aski mugatua da (bai, behintzat, portzentajeei dagokienez). BSCHren, BBVAren eta Banco Popular-en datuak aztertuta atera ahal izan du ondorio hori Consumer Eroski-k (Bankinter-ek eta Caja Sabadell-ek ezin izan digute bidali guk eskatua, kontuak itxi gabe zituztelako). Eta aurrezki kutxen batez besteko datuekin alderatuz gero ere horixe ikusten da, bankuak zuhur ez ezik, xuhur ere badabiltzala arlo horretan: kutxek, batez beste, urteko irabazien % 26 jarri dituzte gizarte ekintzetarako (% 42 Caixa Galiciak eta Caja Riojak eta % 8,7 Caja Madridek, horiek izan dira bi muturrak), eta bankuen batez bestekoa, aldiz, % 1,7koa izan zen. Bi erakunde mota horien arteko aldea, gainera, handitu egin da bost urtetan eta orduan ere ez zen nolanahikoa: bankuek halako hamar jartzen zuten kutxek gizarte arloko ekintzetarako.

Gizarte Ekintzak arlo bat baino gehiago hartzen ditu bere baitan. Orain arte -halaxe gertatzen zen 2004an egin genuen azterketan-, kultura-aisialdia arloak biltzen zuen diru gehien (erdia, gutxi gorabehera), baina orain, krisiaren eraginez edo, osasuna-gizarte laguntza arlora bideratzen dute kopururik handiena (Gizarte Ekintzarako diruen % 39 hartzen ditu, 2004ean baino % 60 gehiago); kultura-aisialdiak % 52 jasotzen zuen orduan, eta % 35 hartzen du orain, eta jarraian datoz hezkuntza-ikerkuntza arloa (% 17) eta ondare historiko-artistikoa eta ingurumena lehengoratzeko ekintzen arloa (% 11).

Nola aldatu da Gizarte Ekintza?

Aurrezki kutxek urteak daramatzate dirua gizarte ekintzetara bideratuz, baina joerak aldatu egin dira, gizartearen eskariak aldatu diren aldi eta neurri berean. XX. mende hasieratik 60ko hamarkada arte, adibidez, herritar txiroenen oinarrizko beharrei erantzutea izaten zuten gizarte lan nagusia. Ongintzazko zereginak izaten ziren, eta laguntza ematekoak: osasun laguntza eskaintzea, indigenei elikagaiak banatzea, elikadura urritasuna duten haurrei laguntzea, elbarriei errehabilitazio bideak jartzea... Herritar askok oinarrizko beharrak ase ezin zituela ikusiz, eta Estatuak haientzat irtenbiderik ematen ez zuenez, aurrezki kutxak saiatu ziren. 70eko eta 80ko urteetatik aurrera, ongizatearen aroa heltzearekin batera, aurrezki kutxek utzi egin zioten ongintza- eta laguntza-zereginak betetzeari, eta kulturaren eta hezkuntzaren arloetara bideratu zuten Gizarte Laguntza: ikastetxeak eta erakusketa aretoak eraikitzera eta zaintzera, eraikin historikoak edo artelanak zaharberritzera...

Azken bost urte hauetan, eta krisiak astindu gaituenetik, batik bat, osasun eta gizarte laguntza arloko ekimenetan jarri dute berriz ere arreta kutxek, batik bat giza talde ahulenen alde (etorkinak, ezinduak, langabeak) eta hirugarren adinaren alde. Gehien-gehienetan, administrazio publikoek antolatzen dituzten gizarte ekimenak osatzera joan ohi da aurrezki kutxen dirua.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto