Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Onddoek eragiten dituzten infekzio azalekoak ez dira larriak, baina kremak erabili behar izaten dira horiek desagerrarazteko, eta medikuak esan behar du zein komeni zaion bakoitzari
Udako beroak uretan murgil egitera eraman ohi gaitu, eta beroa eta ura den tokian, gu ez ezik onddoak ere izaten dira. Jende askori igerileku eta dutxa publikoetan kutsatzen zaizkio onddoak -oinetan izaten dira, batik bat-, baina infekzio mikotiko eta fungikoak, berez, gorputzeko hainbat ataletan ager daitezke. Infekzio horiek udan sarri samar gertatzen direla ikusirik, formula farmakologiko berri eta eraginkorrak asmatu dituzte. Esaerak dioen bezala, ordea, zauria sendatzea baino hobe da ez egitea, eta onddoen aurka, higiene neurriak ongi zaintzea da prebentzio-tratamendu guztietan eraginkorrena: leku hezeetan txankletak erabiltzea eta eskuoihalak ez trukatzea.
Landare-erreinuko mikroorganismo batzuek sortzen dituzte infekzio fungikoak edo mikosiak; onddoek, alegia. Landareek ez bezala, onddoek ez daukate klorofilarik, eta bizirik irauteko, beste organismo baten parasito bihurtu behar izaten dute. Giro eta leku hezeak maite dituzte, horietan hazten dira, eta horrexegatik izaten dira infekzio horiek hain ohikoak azal-toles txikiak eratzen diren guneetan, behatz tarteetan eta iztarteetan, adibidez, baita oin izerditsuetan ere (oinetakoen erruz arnasarik hartzen ez dutelako).
Agertu, hala ere, gorputzeko edozein ataletan ager daitezke infekzio horiek:
Infekziorik ohikoenak larruazalari, ileari, azazkalei eta mukosei eragiten diete, era askotako onddoek izaten baitute gaitasuna horiek sortzeko. Oro har, bi azpitalde handitan banatu daitezke onddo horiek: batetik, legamiak egongo lirateke (kandidak, adibidez), eta bestetik, dermatofitoak.
Atleta oina edo oineko ezkabia da helduetan infekzio fungikorik ohikoena eta gauez eman behar dira horren aurka erabilera bakarreko azoleak
Kandidek eragiten dituzten infekzioak, batik bat Candida albicans onddoak eragiten dituenak, kandidiasi deitzen dira, eta ahoak eta bulba-baginek jasaten dute horien eragina; ahoan, aftak edo pikor zurien moduko zauriak agertzen dira (azkura ematen dute, aho barnea hanpatu eta mina eta ondoeza izaten da jaterakoan). Bulba-baginetan, berriz, ohiz kanpoko jarioak agertzen dira (baginan), eta infekzioak erredura eta ondoeza eragiten ditu sexu harremanetan eta gernu egiterakoan.
Dermatofitoek eragiten dituzten infekzioek larruazalari, azazkalei eta ileari erasaten diete. Ezkabia deitzen zaie infekzio horiei, eta era batekoak baino gehiagotakoak izan daitezke: buruko ile-larruko ezkabia, iztarteko ezkabia, eraztun kruralekoa edo hebra-ren ekzema marjinatua, oinekoa (atleta-oina ere deitzen diote), eskuetako edo oinetako azazkaletan agertzen dena (onikomikosia ere esaten zaio), gorputzekoa, eta larruazal ilegabekoa edo herpes zirtzinatua.
Infekzio fungikoen aurkako tratamenduak luzeak eta nahiko deserosoak izan dira orain arte. Azken urteetan, ordea, sendagai berriak iritsi dira merkatura, erabilera bakarreko azoleak, eta iraultza txiki bat ekarri dute. Azalean zabalduz ematen dira -kremen bitartez-, eta nahikoa da egunean behin ematea infekzioak hartuta daukan gorputz atalean (orain artekoak, egunean bitan eman behar ziren). Horiek erabiltzeko, hala ere, garaiz antzeman behar da infekzio fungikoa, eta betiere, medikuaren oniritzia behar da. Horrela ez bada, infekzioak barreiatu egiten dira, tratamendua zaildu egiten da, eta ahotik hartzeko botikak ere erabili behar izaten dira.
Iturria: Enrique Maria Alberdi (dermatologoa) eta Joan Martí (Espainiako Pediatria Elkarteko pediatra, Lehen Mailako Arretakoa).
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa