Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Bizi Testamentua: Azken nahia

Gaixotasun larri eta atzeraezin bat duen pertsona orok idatzita utz dezake uko egiten diola tratamendu mediku jakin bat hartzeari

  "Bizi da handiena" dio kantuak, baina hori ere bukatu egiten da, eta zenbaitetan, muturreko egoeratan bukatu ere. Norbera gai ez erabaki bat hartzeko, eta besteek erabaki behar. Zaila da egoera hori irudikatzea, zaila da nola jokatu behar genukeen aho batez adostea, baina lege aldetik, behintzat, gauza batzuk finkatuta daude. Europako Kontseiluak hitzarmen bat egina du gizon-emakumeen eskubideei eta biomedikuntzari buruz, eta 2000. urteko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean Espainian. Lege-izaera loteslea dauka, eta honako alderdi honek ematen dio balio berezia: esparru komun bat ezartzen du, biologia- eta medikuntza-jardunean giza eskubideak eta giza duintasuna babesteko. Hitzarmenak adierazten du onartu egin behar direla gaixoen eskubideak, eta besteak beste, informazioa jasotzeko eskubidea dutela azpimarratzen du onespena eman aurretik (onespen informatua emateko eskubidea, alegia), eta norberaren osasunari buruzko informazioa norberari eta inguru hurbilari soilik dagokiola. Ildo horretan mintzo da Gaixoaren Autonomiari buruzko Legea ere (41/2002 Legea), eta hark ere nabarmen uzten du osasun arloko jarduera orok behar dutela aurrez gaixoen oniritzia.

Autonomia eta duintasun printzipio horiei esker, muturreko egoeratan, gaixotasun larriak eta sendagaitzak dituztenek aukeratu egin dezakete tratamendua (Zainketa Aringarrien Espainiako Elkarteak eutanasiari buruz egin duen Adierazpenean ageri da zein diren gaixotasun horiek); hau da, gaitzaren heineko jotzen diren tratamenduak hautatu ditzakete, tratamendu proportzionatuak, eta uko egin diezaioke salbuespenezko bitartekoei, desproportzionatuei edo arrakasta ziurrik ekarriko ez duten alternatiba terapeutikoei. Gaixoari onartu eta errespetatu egin behar zaio jarrera hori hartzea, arduraz hartua izaten baita, eta ezin da jo jarrera suizidatzat edo eutanasiaren parekotzat.

Baina zer gertatzen da gaixoak ezin badu erabaki? Zer gertatzen da haren osasun egoera larriak ez badio uzten tratamendu bati edo besteari oniritzia ematen?

  Gaixoak onespena eman behar du informazio egokia jaso ondoren, libreki eta bere borondatez; gerta daiteke, ordea, medikuaren irizpideak aintzat hartuta, gaixoa ez gai izatea erabakiak hartzeko, edo haren egoera fisiko edo psikikoak ez uztea bere buruaren jabe izaten.

Gaixoak ezin badu erabaki, nori dagokio erabakiak hartzea?

Kasu horretan, gaixoaren hurbilekoek emango dute onespena, familia-loturak edo izatezko harremanak dituztenek. Egoerak eskatzen duen neurriko erabakiak hartuko dituzte, betiere gaixoaren alde eta haren duintasuna errespetatuz.

Medikuek ezin dute erabaki gaixoaren oniritzirik gabe?

Legeak argi esaten du: gaixoaren oniritziak idatzita agertu behar du oniritzi informatuari dagokion dokumentuan. Medikuek, hala ere, zenbaitetan egin ditzakete beharrezko iruditzen zaizkien esku-hartze klinikoak gaixoaren osasuna hobetzeko, haren oniritzirik gabe. Bi kasu hauetan, hain zuzen ere:

 
  • Osasun publikoarentzat arriskutsu izan daitekeenean. Dena den, medikuek erabakitzen badute norbait ospitaleratu egin behar dela derrigorrean, agintari judizialak jakinaren gainean jarri behar dituzte 24 ordu igaro baino lehen.
  • Gaixoaren osotasun fisiko eta psikikoarentzat arrisku berehalako eta larria antzematen denean eta haren oniritzia jasotzeko modurik ez dagoenean. Hala eta guztiz ere, aukerarik izanez gero, haren familiako kideei edo harekin izatezko loturak dituztenei galdetu beharko diete.

Familiak erabaki dezake ez duela esku hartuko eta ez duela deus erabakiko? Erabakitzeko ardura familiari dagokio nahitaez, edo bada moduren bat zama hori familiak ez hartzeko?

Nahi ez bada, ez du zertan erabaki. Horretarako, dokumentu bat idatzi behar da medikuarentzat, eta han eman behar zaizkio aurretiazko argibideak eta oharrak, gero aintzat hartzeko. Gaixoak erabakitzerik ez duen garaian, dokumentu horretan adierazten den bezala jokatu beharko dute medikuek esku-hartzeren bat egiten dutenean.

Zer da Bizi Testamentua?

Gaixoaren Autonomiari buruzko Legeak beste izen bat ematen dio: Aurretiazko Argibideak. Planifikazio-dokumentu bat da, eta horren bidez, adin nagusiko pertsona batek, erabakitzeko gaitasunez eta libreki, aurretiaz adierazten du zer zainketa eta tratamendu nahi dituen haren osasunarentzat, adierazteko modurik ez duen garaian kontuan har dezaten, edo aurretiaz adierazten du hil ondoan zer egin behar duten haren gorpuarekin eta organoekin. Dokumentua sinatzen duen gaixoak, gainera, ordezkari bat izenda dezake, garaia heltzean medikuarekin edo osasun langileekin mintza dadin eta errespetaraz ditzan gaixoak aurretiaz emandako argibideak. Autonomia erkidegoek ere egin dituzte legeak bide hori arautzeko, eta bakoitzak bere definizioak txertatu ditu.

Dokumentu horretan gaixoak eskatu lezake eutanasia ezartzeko?

Aurretiaz adierazitako argibideak lege ordenamenduaren aurkakoak badira edo jardunbide kliniko egokiaren aurkakoak, ezin izaten dira aintzat hartu. Eutanasia legez zigortuta dago. Hala ere, Duintasunez Hil izeneko elkartearen web orrian, bizi testamentua egiteko inprimaki batek honako aipu hau dakar: "Ordurako legeak onartzen badu eutanasia aktibo bidez modu duinean hiltzeko eskubidea, nire nahia da sufrimendu oro saihestea, eta azkar eta oinazegabe hiltzea, lex artis ad hoc delakoari jarraiki".

Zein eduki izan ditzake dokumentu horrek?

Norberaren balioak islatzen dira dokumentuan, oinazea eta sufrimendua arintzeko nahia duela nabarmentzen da, eta bizitzako azken unean zer tratamendu hartu nahi duen zehazten: ahalegin terapeutikoa mugatzeko eskatu ohi da, eta gaixoak adierazi ohi du, egoera atzeraezinean, berreskuraezinean edo hil-hurrenekoan sartzen bada, ez duela nahi hari bizirik eusteko teknikarik erabiltzea edo bestelako ebakuntzarik egitea. Pertsonek, oro har, ontzat ematen dute haiei zainketa aringarriak ematea, baldin eta ez badira hilzoria luzatzeko. Organoak eman nahi dituztela ere adierazi ohi dute.

Behin dokumentua idatzia, iritzia aldatu daiteke gero?

Argibide idatziak nahi denean baliogabetu daitezke, baina hori ere idatzita utzi behar da.

Notarioarengana joan behar da?

Formari dagokionez, gaixoak idatziz jarri behar ditu bere nahiak. Dokumentua egilesteko, berriz, autonomia erkidego bakoitzak duen araudia errespetatu behar da. Oro har, notario aurrean egin daiteke, baina lekukoen aurrean ere egin liteke, baita Aurretiazko Nahien Erregistroan edo Administrazioko langileen aurrean ere. Kataluniako araudiak, adibidez, bi aukera uzten ditu dokumentua egilesteko: notario aurrean egin liteke, lekukoen beharrik gabe, edo bestela, hiru lekukoren aurrean egin liteke. Lekuko horiek adin nagusikoak eta gaitasun guztien jabe izan behar dute, eta horietako bik, gutxienez, egileslearekin ez dute eduki behar bigarren maila arteko ahaidetasun harremanik, ezta ondare-loturarik ere.

Eta gero?

Aurretiazko Nahien Erregistroan izena emango dute, bakoitzak bete autonomia erkidegoan. Behin izena eman ondoren, Espainiako Erregistro Nazionalari jakinarazi beharko diote arduradunek, telematika-bideak erabiliz, astebeteren buruan. Espainiako Erregistro Nazionala 124/2007 Errege Dekretuak arautzen du.

Idatziz jarri diren nahiak batzuetan notario aurrean sinatu behar dira edo lekukoen aurrean baina autonomia erkidego bakoitzak bere araudia du horretarako

Aurretiazko argibideen erregistroan izena emateko prozedura arautu gabe duten autonomia erkidegoetan, euren lurraldeko osasun agintariei aurkeztu behar zaizkio, eta haiek helaraziko diote Espainiako Erregistro Nazionalari.

Espainiako Erregistro Nazionalaren zeregina da argibide-dokumentu horren berri Espainia osoko osasun langileek edukiko dutela bermatzea, gaixoa han edo hemen artatuta ere, medikuek jakin dezaten zein den haren nahia.

Zenbat kopia egin behar zaizkio testamentuari?

Kopia bat baino gehiago edukitzea komeni da: ohiko sendagileari ematen zaio bat, espezialistari beste bat, erregistro autonomikoan uzten da beste bat, norberak izendatu duen ordezkariak behar izaten du beste bat (idatzitako argibideak betearazteaz arduratzen da ordezkari hori), eta norberak hartzen du azkena.

Ba al dago aurrez idatzitako inprimakirik?

Badira halako zenbait inprimaki, baina ez da nahitaez horietara mugatu beharrik. Duin Hiltzeko Eskubidea izeneko elkarteak badu bat, eta Espainiako Eliza Katolikoak ere badu beste bat. Eliza aitzindaria izan zen gai honetan, eta 1989an zirriborro bat hedatu zuen, katolikoek adieraz zezaten uko egiten ziotela bide terapeutikoak muturrera eramateari.

Zer gertatzen da gaixo batek edo haren familiak ez badute onartzen medikuek jarri dioten tratamendua?

Gaixo batek edo haren familiak ez badute onartzen medikuek jarri dioten tratamendua, legeak esaten du senda-agiria bere borondatez sinatzeko proposamena egingo zaiola gaixoari edo erabiltzaileari. Sinatzen ez badu, osasun zentroko zuzendaritzak erabaki dezake, mediku arduradunak hala irizten badio, senda-agiria nahitaez onarraraziko diola gaixoari, betiere Legeak finkatzen dituen baldintzetan. Baina jarritako tratamenduari uko egiteak ez du esan nahi senda-agiria nahitaez onarraraziko diotenik; tratamendu alternatiboak baldin badaude, nahiz eta izaera aringarria baino ez eduki, eta osasun zentro horretan eskaintzeko modurik baldin badute eta gaixoak onartzen baditu, horiexek emango dizkiote.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto