Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Banku-abalak: Esklaboaren bermea

Hipoteka-maileguak emateko baldintzak gogortu dituzte finantza erakundeek, eta hori gutxi balitz bezala, abal-emaileei eskatzen diete argi erakuts dezatela zorrak ordaintzeko gai izango direla

  "Egun on, banku-abalik baduzu?". Aurrean daukatenaren izena jakitea baino garrantzitsuagoa da zenbait finantza erakunderentzat aurreko hori ongi hornituta dagoen jakitea, eta, horrexegatik, lehenik abalaren berri galdetzen dute, eta gero, komeni bada, izena eta gainerakoak eskatzen dituzte. Horra lehen estutasuna hipoteka-mailegu baten eske doanarentzat. Gaur egun, izan ere, bezeroak erakutsi arren zorrak ordaintzeko gai dela, banku eta kutxak ez dira lasai geratzen, eta ekonomikoki ongi babestua dagoenari soilik ematen dizkiote maileguak, arazo ekonomikoek bezeroa hondoratzen badute ere... 2007. urtetik hona, finantza krisia lehertu zenetik, alegia, jende asko geratu da zorrak ordaindu ezin eta epeak atzeratu beharrean; urte hartan, % 0,40 ziren (ehunetik bat ere ez), eta 2009ko otsail bukaeran, berriz, % 4,14 (ehunetik lau baino gehiago dabiltza mailegua ordaindu ezinik). Hori dela eta, bankuek gogortu egin dituzte maileguak emateko baldintzak. Orain ez dute ematen mailegurik etxebizitzaren % 100 finantzatzeko, ez dute onartzen familia baten hileko diru sarreren % 40 baino gehiago erabiltzea mailegua ordaintzeko, edo ez dute eskaririk aintzat hartzen hipoteka-abalik eduki ezean. Askotan, gurasoek ematen diete abala seme-alabei, finantza erakundeek ikus dezaten euren bezeroek babes ekonomiko sendoa dutela. Abal-emaile askok, ordea, ez dute zehatz jakiten zenbaterainoko konpromisoa hartzen ari diren eta zer ondorio etorriko zaizkion baldin eta mailegu-jabeak ez badu ordaintzen (azken batean, abal-emaileak dira erantzule nagusiak). Gauza asko aldatu dira aspaldi honetan, eta abal-emailearen inguruan ere gertatu dira aldaketak: orain, azterketa zaila eginarazten diete abal-emaile izan nahi dutenei, eta han erakutsi behar dute euren finantza-gaitasuna zenbaterainokoa den.

Zer da hipoteka-abal bat?

Era askotako abalak daude (alokairu-abala, bankuen zor jaulkipenetarako Espainiako Estatuak ematen duen abala...), baina egoera ekonomikoa hainbesteraino zaildu denetik, hipoteka-abala bihurtu da guztietan ezagunena. Definizio bat ematen hasita, hau izan liteke: mailegu bat ordaintzeko bermea bere borondatez ematen duen pertsona da, mailegu-jabeek eta etxebizitza bereganatuko dutenek ezin aurre egin izango baliete ere hitzemandako ordainketei. Berak bermatzen die banku eta aurrezki kutxei hileroko letrak jasoko dituztela. Pertsona horrek, beraz, arrisku bat hartzen du, eta ezin esan txikia denik ere: jabeak ezin badu ordaindu mailegua, abal-emaileak ordaindu beharko du oso-osorik.

Gizalegez edo, finantza erakundeek ez dute abal-emailearengana jotzen mailegu-jabeak ordainketa huts egin duen lehen hilabetean. hiru hilabete igaro arte itxaroten dute

Ekonomia garai oparoan zebilenean, etxebizitzak egin ahala saltzen zirenean eta eraikuntzak Espainiako BPG % 3tik gorako tasetan igotzen zuenean, banku-abalik ez zuten eskatu ere egiten (orduan, izena galdetzen zioten lehen-lehenik bezeroari). Maileguak emateko, aski zitzaien erosleek ematen zizkieten bermeak, eta ez zen beste ezein bermatzaileren beharrik. Ekonomia atzeraldian sartu denez gero, aldiz, eta bankuen negozioa gainbehera joan denetik (kalte handia egin die jendearen ordaindu ezinak), ohiko bihurtu da abala eskatzea mailegua nahi duenari.

Noiz eskatzen dute?

  Bankuen estilo liburuak argi esaten du noiz eskatu behar diren banku-abalak: eraikinaren prezio finkatuaren % 80tik gorako mailegua bada, abala eskatuko dute banku eta kutxek; hau da, norbaitek bere ondasunekin babestu beharko ditu mailegu-hartzaileak. Bikote batek, adibidez, 200.000 euro balio duen pisu bat erosi nahi eta 160.000 eurotik gorako mailegua eskatzen badu, abala aurkeztu beharko dio bankuari.

Horrez gain, bankuek sakon aztertzen dute bezeroek zer ahalmen daukaten zorpetzeko, eta hileko diru sarreren % 35-40 baino gutxiago erabiliko badituzte mailegua ordaintzeko, orduan ez diete abalik eskatuko, baina bestela bai. Baldintza hori beteko luke, adibidez, bezero honek: 200.000 euroko mailegua eskatu du, 25 urtean ordaintzeko, eta hileko soldata 2.370 eurokoa du. Interes tasak % 3an daudela, 948 euroko letra ordaindu beharko luke hilero; hau da, diru sarreren % 40 erabiliko luke mailegua ordaintzeko. 2.370 euro baino gutxiago jasoko balitu hilean, finantza erakundeak banku-abala eskatuko lioke, soldata hori ez baita behar adinakoa, haien ustez, eta ez du ziurtatzen ordaintzen jarraitu ahal izango duela.

Bankuak hala eskatuta epaileak erabakitzen badu ondasunak bahitzea, mailegu-jabeak eta abal-emaileak lehen-lehenik euren ondasun higigarriekin egin beharko diote aurre zorrari, eta ondasun higiezinekin gero

Eta duela hilabete batzuetatik hona, beste alderdi bati ere erreparatzen hasi dira finantza erakundeak: mailegu-hartzaileek zenbaterainoko lan-egonkortasuna duten. Langabezia gora eta gora ari da azkenaldian, eta bankuek jakin nahi dute euren bezeroak lanik gabe geratzeko arriskuan egon litezkeen edo ez. Horregatik, zabor kontratuak dituzten mailegu-jabeei edo aldi baterako kontratua dutenei ere banku-abalak eskatzen dizkiete, nahiz eta euren soldata erraz iritsi hileko letra ordaintzeko jartzen duten gutxieneko kopurura. Lan baldintza txarretan 3.000 euroko soldata ateratzen dutenei, adibidez, ez diete mailegurik emango abalik aurkeztu ezean.

Duela urte eta erditik hona, krisiak bazterrak astindu zituenetik, inoiz baino dokumentu gehiago aurkeztu behar dituzte abal-emaileek. Banku eta kutxek zehatz-mehatz jakin nahi dute zein den haien finantza-egoera. Hori dela eta, abal-emailearen lansaria zenbatekoa den jakin nahi izaten dute, zein diru sarrera dituen, kontu korrontean zer mugimendu izan dituen azken hilabeteetan, azken errenta adierazpenak zer eman duen eta zein ondasunen jabe den (higiezinak, margolanak, artelanak, bitxiak...). Horri guztiari buruzko agiriak eskatzen dituzte.

Abal-emailearen konpromisoa

Pertsona batek onartzen duenean abal-emaile izango dela, mailegua ordaintzeko konpromiso sendoa hartzen du. Legez, mailegu-jabeak bezalaxe erantzun behar du hark ordaintzen ez duenean. Eta ez kuotak soilik; atzerapenari dagozkion interesak, auzibideen kostuak, maileguari atxikita dauden aseguruak eta arrazoi bategatik edo besteagatik mailegu-jabeak ordaindu gabe utzi dituen gastu guztiak ere haren gain geratuko dira.

Gizalegez edo, finantza erakundeek ez dute abal-emailearengana jotzen mailegu-jabeak ordainketa huts egin duen lehen hilabetean. Hiru hilabete igaro arte itxaroten dute. Mailegu bat ordaindugabetzat jotzen dute, beraz, jabeek hiru hilabetez jarraian ordaintzen ez dutenean. Une horretan hasten dira abal-emailearekin tratuan, haren bidez dirua lortu ahal izateko. Abal-emaileak nahi balu, ordea, eta mailegua sinatzeko unean halaxe jakinaraziko balio finantza erakundeari, lehen hilabetetik beretik jakin ahal izango luke mailegua ordaintzeari utzi diola jabeak.

Bankuek ez dute nahi arriskurik txikiena ere, eta abal-emaileak zorrak ordaindu ahal izango dituela egiaztatzeko, haien diru kontuak ikertzen dituzte goitik behera, jakiteko ea gai izango diren maileguaren kuotei eurek bakarrik aurre egiteko. Bankuek eta kutxek nahi dute abal-emaileen diru sarrerak izan daitezela hipoteka ordaintzeko bestekoak, eta hileroko sarreren % 40 inguru erabiliz erantzun diezaiotela euren konpromisoari (mailegu-jabeei eskatzen dieten bezalaxe, beraz). Arau estu hori, hala ere, zertxobait lasaitzen dute abal-emaileek ondasunen bat edukiz gero (beste etxebizitzak, autoak, lurrak, ondasun artistikoak...), nahiz eta hileroko diru sarrerak apalagoak izan (baita mailegu-jabeenak baino urriagoak badira ere batzuetan). Mailegu-jabeak ordaintzeari uzten badio, finantza erakundeak eska dezake haren ondasunak eta abal-emailearenak bahitzeko (legeak ematen du aukera hori). Bitxia badirudi ere, finantza erakundea ez dago behartua maileguarekin erosi nahi duten etxea bahitzera beste ondasun guztien aurretik. Abal-emailearen ondasun higigarri eta higiezinak hartzen has daiteke zuzenean. Eta abal-emaile bat baino gehiago dituen maileguetan, finantza erakundeak eska dezake horietako baten ondasunak soilik bahi ditzatela zor guztiari aurre egiteko, eta ez hiruretako bakoitzari dagokion proportzioan.

Noiz esku hartzen du abal-emaile batek?

Pertsona batek erabakitzen duenean beste baten maileguari abala emango diola, normalean ez du pentsatzen bere ondasunen bidez bermatu duenik mailegu-jabeak zorra ordainduko duela. Oraingoa bezalako estutasun garaietan, ordea, abal-emaileek erantzun behar izaten diete hipoteka-mailegu askori. Egokia izan liteke, beraz, prozesu horiek nola joaten diren jakitea. Mailegu-jabeak kuota ordaintzeari uzten badio, finantza erakundea harremanetan jarriko da harekin. Hark ordaintzen ez badio, abal-emailearengana joko du, eta hari eskatuko dio ordain ditzala maileguari dagozkion kuotak, ordaindu gabe geratu direnak eta atzerapenari dagozkion interesak ere bai (ordaindu ez den kopuruaren % 7 inguru izaten dira). Abal-emaileak eragozpenik jartzen ez badu, finantza erakundeak ez dio besterik eskatuko, eta hileroko kuota kenduz jarraituko du. Eta mailegu-jabeari modua sortzen bazaio berriz ordaindu ahal izateko, abal-emaileak ordaintzeari utzi eta hura hasiko litzateke. Finantza erakundeei ez zaie axola nork ordaintzen duen; haien kezka bakarra da agindutako kuotak jaso ahal izatea. Abal-emaileak zorra bere gain hartuko balu, zordunari eska diezaioke dirua itzul diezaiola, eta hartara, haren hartzekodun bihurtuko litzateke ofizialki.

Aldiz, finantza erakundeak lortuko ez balu abal-emaileak kuotei erantzutea, salaketa jarriko luke epaitegian. Salaketak aurrera egingo balu (hori izaten da ohikoena), epaileak eska ditzake ondasunak bahi diezazkiotela bai mailegu-jabeari eta bai abal-emaileari. Egoera horretan, euren ondasun higigarriekin aurre egin beharko liokete biek zorrari: kontu korronteetako diruarekin, lansariekin eta pentsioekin. Eta azken aukera bezala, biek dituzten ondasun higiezinen enkantea egingo litzateke.

Guztia idatziz

Egun ezinbesteko gertatzen da maileguak urte askoan ordaindu behar izatea (40 urtean ere bai zenbaitetan), eta, ondorioz, finantza-esklabo bihurtzen da abal-emailea, bizi osorako, gainera. Hori dela eta, klausula batzuk argi idatzita uztea komeni izaten da, zer gerta ere. Askotan gertatu izan da bikoteak bereizi eta desadostasun handiak sortu izatea etxebizitzaren inguruan, eta ez batek eta ez besteak ordaindu nahi izatea mailegua. Gerta daiteke norbait abal-emaile bihurtu izana bere garaian, eta gerora, bere semearen edo alabaren bikotekide ohia geratu izatea etxearekin, eta haren abal-emaile izaten jarraitu beharra bikotea bereizi eta gero ere. Egoera horiek saihestu ahal izateko, bakoitzak zer erantzukizun izango duen argitzea komeni da kontratu baten bidez, halako egoerek inor ustekabean ez harrapatzeko.

Maileguaren agiriak egiteko unean esan behar da nor izango den abal-emailea, eta finantza erakundeak ezarri nahi dituen klausulak zein diren ere une horretantxe jakinaraziko zaio bezeroari. Berez, mailegu-jabeek kuotak ordaintzen ez badituzte, bankua ez dago behartuta horren berri abal-emaileari ematera. Ordea, hark berariaz adierazten badu informazio hori jaso nahi duela, bankuak derrigor jakinarazi beharko dio. Klausula hori agirietan jarri behar da, baldin eta bi aldeak (abal-emailea eta finantza erakundea) ados jartzen badira. Halako klausularik jarri ezean, ohikoa izaten da abal-emaileak jasotzen duen lehen informazio-dokumentua epaitegiko jakinarazpena izatea.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto