Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Ultra-arinei esker, errazago mugitu gaitezke batetik bestera, baina ez dira ohiko ordenagailuen ordezko, osagarri baizik
400 euro inguru balio dute, kilo bat inguru pisatzen eta poltsa edo maletatxo batean eramateko bezain txikiak dira. Ezaugarri horiek dituzte ordenagailu ultra-arinek -ordenagailu merkeak ere esaten diete-, eta gero eta jende gehiago erakartzen dute. Zer aukera eskaintzen dituzten ikusita, esan liteke telefono adimentsuen antzekoak direla (Blackberry, iPhone...), baina haiek baino handiagoak direnez, errazagoa gertatzen da idaztea, dokumentuak lantzea, mezuak bidaltzea edo bideoak jaistea. Gainera, bateragarriak dira Internet bidezko ahots zerbitzuekin, telefono deiak egiteko aukera ematen dute horiekin. Webcam-aren bidez, bideokonferentziak egin daitezke parkeko eserleku batetik edo autobus geltokitik.
Azken belaunaldiko telefonoen alternatiba izateko aukera asko eskaintzen dituzte ordenagailu hauek, eta horren erakusgarri, sakelako telefonoekin lan egiten duten operadoreak ere hasi dira halakoak saltzen, Interneterako sarbide eta guzti: 3G sareetara konektatzeko gailuek ematen dute sarbide hori, USB modem deitzen zaien horiek. Halako bat erosi aurretik, ordea, erabiltzaileak ongi aztertu behar du nolako datu-tarifa nahi duen, zenbat kostako zaion ezarritako kopurutik gora jaisten duen Megabyte bakoitza edo kontratuak zenbat denborarako lotzen duen. Ordenagailu hauek badute beste ezaugarri aipagarri bat ere: oso konexio-bide onak dituzte, eta horri esker, etxetik edo lantokitik kanpo gaudenean ere Internetera lotuta jarrai dezakegu wifi bidez. Aukera ona eskaintzen dute, beraz, atzerritik egindako deien konexio-tarifarik ordaindu behar ez izateko edo hoteletako geletatik Internetera ordubetez konektatzeagatik kobratzen duten tarifa gehiegizkoa saihestu ahal izateko. Baina ordenagailu hauek eskaintzen dituzten aukera guztiak ez dira lanean erabiltzeko. Bideoak ikusteko eta musika entzuteko ere balio dute, eta esan liteke tresna multimedia eramangarriak direla.
Ordenagailu txiki eta funtzional hauek, abantailak abantaila, ez dira ordenagailu nagusi moduan erabiltzekoak, haien osagarri baizik. Ohiko ordenagailuek izaten dituzten aukera eta funtzio asko falta dituzte, eta horregatik dira, hain zuen, txikiak eta arinak. Memoria aski mugatua dute, disko gogorra izaten baita ordenagailuek eduki ohi duten zatirik astunenetakoa eta garestienetakoa, eta ondorioz, ultra-arin hauek ezin izaten dute gorde mahai gaineko ordenagailuek edo ohiko eramangarriek adina informazio. Asus etxekoa EeePc enblematikoak, adibidez, bost Gigabyteko memoria-gaitasuna baino ez du oinarri-oinarrizko bertsioan. Badira 16 Gigabytekoak ere, eta 60koak ere bai, baina askoz garestiagoak dira horiek.
Teklatua eta pantaila ere aski txikiak dituzte, eta ez dira erosoak luzaroan erabili behar izateko. Pantaila, esaterako, 8 hazbetekoa daukate gehienek; sakelakoena baino handiagoa da, jakina (3 hazbetekoak izaten dituzte), baina ohiko eramangarriena baino txikiagoa (14 hazbete). Pantaila txiki horrekin nabigatzerakoan, korritze-botoiari gora eta behera eragiten ibili beharra dago etengabe pantaila osorik ikusi ahal izateko, eta hori nahiko deserosoa gertatzen da azkenerako. Testu labur bat idazteko egokiak dira oso, edo mezu elektroniko bat bidaltzeko edo etxerako bidean trenean lan pixka bat aurreratzeko, baina ez da komeni egunero luzaz erabiltzea, eskumuturrak dezente bortxatu behar izaten direlako, eta idazketa-akatsak ere ohi baino maizago eginarazten dituelako hain teklatu txikian idatzi beharrak.
Prozesagailua 1,6 Gigahertz-etakoa izaten dute, eta hori ere muga izaten da, adibidez, grafiko konplexuekin azkar lan egiteko (bideojokoek eta horien sistema eragileek izaten dituztenekin, besteak beste). Gehienek GNU/Linux-en distribuzio egokituak erabiltzen dituzte, eta horrek merkatu egiten du ordenagailua bera, baina ez dira bateragarriak inprimagailu eta periferiko mota askorekin.
Windows XP sistema eragilea ere izaten dute, eta Windows Vistak berak baino emaitza hobeak ematen ditu, gainera, baina ez da aukerarik izaten programa nagusiak eguneratu ahal izateko, eta, hortaz, gero eta programa gutxiago jaitsi ahal izaten dira Saretik XPrako. Hori eragozpen handia da, nola ez, erabiltzaileen joera izaten baita ordenagailua aberastuz eta osatuz joatea Internetetik egiten dituzte eskaintzen bidez.
Osagarri moduan erabiltzekoak direla onartuta, honako alderdi hauek hartu behar dira aintzat ordenagailu ultra-arin egoki bat erosterakoan:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa