Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Arteria-hipertentsioa gutxitzeko dieta-osagarriak: Eragin mugatua dute dieta-osagarriek tentsioari aurre egiteko

Tentsioa kontrolatzeko dieta-osagarriak ez dira hartu behar tratamendu mediku baten ordezko gisa; elikadura eta bizimodu osasungarrien indargarri erabili behar dira

  Bihotzaren etsai nagusia, Espainian heriotza gehien eragiten dituen bihotz-eritasuna, arteria-hipertentsioa da (HTA), eta etxe askotan eduki ohi dute horren aurkako sendagairen bat nonbait gordea, badaezpada ere. Horiekin batera, medikuaren errezetarik behar ez duten beste produktu batzuk ere agertu dira botiketan, horiek ere arteria-tentsioa gutxitu edo kontrolatzeko egokiak, etiketan ageri dutenez: baratxuri-prestakinak, eragin diuretiokoa duten landareak (te berdea edo txikoria belarra), osagarri mineralak (kaltzioa, magnesioa, potasioa), esne-peptidoak (aminoazidoen konbinazio jakina) edo D bitamina, besteak beste.

Arteria-hipertentsioari buruz argitaratu den azken gidak, 2007. urtekoak, aipamen bat egiten du dieta-osagarri horien inguruan, eta esaten du askotan ez dagoela oinarri zientifikorik osagarri horiek onurarik egiten duten baieztatzeko. Hipertentsioaren Europako Elkarteak, Europako Kardiologia Elkarteak eta Hipertentsioaren Espainiako Elkarteak argitaratzen dute txosten hori, eta aditu horien esanetan, produktu horiek ez dira etiketan dioten bezain eraginkorrak.

Txosten horretan nabarmentzen dute asko aldatu direla jendearen bizimodua eta elikadura-ohiturak, eta bi alderdi horiei lotutako zenbait faktorek bai, horiek eragin zuzena dutela arteria-tentsioan. Zazpi jarraibide ematen dituzte tentsioa edo bihotzeko eritasunen arriskua gutxitzeko:

  • Gatza/sodioa gutxiago hartzea
  • Alkohol gehiegi hartzeari uztea
  • Pisua egonkortzea
  • Fruta eta barazki gehiago jatea
  • Gantz gutxiago hartzea, eta gantz saturatua ere bai
  • Erretzeari uztea
  • Ariketa fisiko gehiago egitea

Osagarriak, ez ordezkoak

  Dieta-osagarriak erabiltzekotan, hitzez hitz adierazten duten horretarako erabili behar dira: osagarri izateko, alegia. Elikadura eta bizimodu osasungarriak osatzeko eta indartzeko izan behar dute, eta ez medikuek jarritako dieta-tratamenduen ordezko. Gaixotasuna aurkitu badigute, aski izan liteke bizimodua eta elikadura aldatzea, baina gerta liteke farmakologia-tratamendu batekin lagundu behar izatea une jakin batean. Laguntza hori behar den edo ez, adinak, arteria-presio sistolikoak (altuak) eta diastolikoak (baxua), eta arrisku kardiobaskular osoak erabakiko du.

Baratxuri hautsa edo baratxuri freskoa

Baratxuri-prestakinekin egin diren probek emaitza hobeak eman dituzte hipertentsioa dutenengan, plazeboarekin egindakoek baino. Emaitza hori eman du azterketa sistematiko batek, arteria-hipertentsioari baratxuriak nola eragiten dion argitzeko egindakoak; Adelaideko Unibertsitateko ikerlariek egina da (Australia), eta BMC Cardiovascular Disorders aldizkarian ageri da, 2008ko ekainekoan. Emaitza horiek itxaropena eragin duten arren, epe luzeko saialdiak egin beharra dagoela nabarmendu dute egileek, eta etorkizuneko probetan, baratxuri-prestakin estandarizatuak erabili beharko liratekeela.

Baratxuriak, Omega 3-ak edo peptiko bioaktiboak dituzten esnekiek lagun dezakete hipertentsioaren aurka

Baratxuri estraktuak eta baratxuriarekin egiten diren prestakinek, tratamendu termiko batetik pasarazi ondoren, alizina gutxiago eduki ohi dute, eta, ondorioz, galdu egiten ditu hipertentsioa sor dezaketen ezaugarriak. Baratxuri ale gordinek daukate alizina kontzentraziorik handiena (5-9 mg, 2 gramo bakoitzeko), baina baratxuria zartaginean edo beste nolabait prestatu ondoren, galdu egiten ditu osagai aktibo batzuk; baratxuri hautsez egindako prestakinek, aldiz, ez dituzte galtzen osagai aktibo horiek, eta, gainera, ahoan ez dute uzten hain usain txarra.

Osagarri mineralak

Kaltzioz, magnesioz eta potasioz egindako osagarriak onak omen dira arteria-presioa jaisteko, halaxe aurkeztu izan dituzte, baina komunitate zientifikoan ez dago erabateko ziurtasunik. Zenbait ikerketa metabolikok susmarazten dute mineral horiek badutela eragina arteria-presioa erregulatzeko orduan, eta pentsa liteke dieta errotik aldatzea onuragarria izango dela gaitzari aurre egin eta hartatik babesteko.

Azkenaldiko ikerketek erakutsi dutenez, behar baino kaltzio gutxiago hartzen dutenei igo egiten zaie arteria-presioa. Pertsona horiei kaltzio osagarriak emanda, hala ere, ez da lortu uste zen emaitza onik, eta ezin esan liteke egokiak eta komenigarriak direla arteria-tentsioa kontrolatzeko. Kaltzio ugari duten jakiak bai, horiek hartzea komeni da, ikerketa epidemiologikoek erakutsi baitute kaltzio asko hartzen duten pertsonek arteria-presio apalagoa izan ohi dutela.

Ameriketako Estatu Batuetan egin den ikerketarik handienean, 36.282 emakumeren bilakaera aztertu zuten (Woman Health Initiative). Kaltzioz (1.000 mg) eta D bitaminaz (400 UI) eginiko osagarriak eman zizkieten batzuei, eta plazebo taldearekin alderatuta, ez zuten antzeman hobekuntzarik emakumeen arteria-presioan, ez osasuntsu zeudenengan, ez arrisku-taldeengan (emakume beltzak, hipertentsoak edo elikagai horiek gutxi hartzeko ohitura zutenak). Menopausia igaroa zuten emakumeekin soilik egin zuten ikerketa hori, eta gerta liteke emaitzek ez balio izatea gizonentzat edo emakume gazteentzat, baina ondorioak, hala ere, bat datoz lehen aipatu ditugun ikerketekin.

Magnesioak hipertentsioari nola eragiten dion ere aztertu izan da; azken ikerketa 2006an egin zuten (pertsona helduekin), Newcastleko Unibertsitatean (Erresuma Batua), eta lau urte lehenagoko meta-analisi batek agertu zituen ondorio berberetara iritsi zen: magnesioak arteria-presioari nola eragiten dion ikusteko egin ziren probek ez zuten lortu emaitza aski sendorik.

Kaltzioa, magnesioa eta potasioa konbinatzen dituzten osagarriak ere ez dira gertatu eraginkorrak arteria-presioa gutxitzeko; halaxe erakusten du 2006an Cochrane Bibliotekak egin zuen azterketa sistematikoak. Hiru saialdiren berri ematen du, hiru soilik aurkitu zituztelako, guztira 277 gaixorekin eginak. Konbinazio bakarra ageri da hiru saialdietan ebaluatua, potasioz eta magnesioz egindakoa, hain zuzen, eta ez zuten sumatu alde aipagarririk; ez konbinazio horretan, eta gainerakoetan ere (kaltzioz eta magnesioz egina, eta kaltzioz eta potasioz egina).

Arrain gantza: Omega 3

Zenbait saio klinikok frogatu dutenez, omega-3 gantz azido polisaturatugabeekin egindako osagarriek (arrain gantzarekin eginak direla esaten da sarritan) arteria-presioa gutxitzen diete pertsona hipertentsoei. Baina eragin hori dosi handietan soilik antzematen da (3 gramo eguneko). Gantz mota horrek nahigabeko ondorioak ere ekar ditzakeenez, medikuaren esanei jarraitzea komeni da eta neurrian hartzea, betiere.

Landare diuretikoak: te berdea eta txikoria belarra

  Te berdeak arteria-presioari nola eragiten dion jakiteko ikerketarik ez dago ia. Egin izan direnek helburu nagusi bat izan dute: flabonoideak arteria-presioarentzat onuragarriak direla erakustea; substantzia hodi-zabaltzaileak dira horiek, eta landare horrek ugari izaten ditu; ustez, teinak hipertentsioa areagotzen duen bezala, flabonoideek aurkako eragina daukate. Metaanalisi bakarra egin da horren inguruan, Alemanian, Coloniako Ospitale Unibertsitarioaren Farmakologia Sailean, eta ausaz egindako bost azterketa kontrolatu soilik hartzen ditu barne, iraupen gutxikoak, gainera (zazpi egun eta lau aste bitartekoak). Ikertzaileen iritziz, ezin da esan te berdea edo beltza hartzeak lagundu egiten duela arteria-presioa hobeto kontrolatzen.

Eta txikoria belarrarekin ere antzera gertatzen da: ikerketarik ez dago landare horren eta gaitzaren arteko harremanei buruz ari denik, eta ezin da esan egokia dela gaitz horri aurre egiteko.

Esne hartzitu peptidodunak

  Prehipertentsioa eta hipertentsio arina edo moderatua duten pertsonei arteria-tentsioa zertxobait jaisten zaie egunero-egunero esne hartzituak hartuz gero, peptido bioaktiboak dituzten horietakoak: IPP (isoleuzina-prolina-prolina) eta BPP (balina-prolina-prolina); hala diote, behintzat, zenbait ikerketak. Esne-peptido horiek galarazi egiten dute angiotensina II sor dadin (hodi-uzkurtzailea da gai hori), eta, ondorioz, hodiak zabaldu egiten dira, eta odol-presioa gutxitu.

Elikadura-industriak etekina lortzeko aukera ikusi du aurkikuntza horretan, eta osagarri aktibo horiekin aberastutako elikagai funtzionalak sortzeari ekin dio. Oraingoz, ikerketa gehienen emaitzak aldekoak izan arren, ez da lortu elikagai funtzional horien bidez tratamendu egoki bat finkatzea, eta itxuraz bide luzea egin beharko da horretara iristeko.

Ekoizleek hainbat alderdi zaindu behar dituzte elikagai berri bat merkatura atera aurretik, halaxe agintzen baitu 1924/2006 araudi berriak, elikadura-argibideen eta ezaugarri osasungarrien gainekoak. Dosi segurua eta eraginkorra zein den finkatu behar dute, eta horrez gain, baita beste xehetasun hauek ere: peptidoek organismoan zein bio-baliagarritasun duten (botika-dosiaren zein zati den eraginkorra); peptidoek zein bio-baliagarritasun duten produktu bati erantsita edo beste bati erantsita, edo produktu batek edukita edo beste batek edukita; egiaztatua egon behar du produktu hori janariarekin batera hartzeak baduela eragina peptidoak xurgatzeko eta aprobetxatzeko orduan; eta zehaztu beharra dute zenbatetik behin hartu behar den tratamenduak emaitza adierazgarria eman dezan.

Bide egokia

Dieta-osagarri horien inguruan zer-nolako zalantzak dauden ikusita, espezialistek garbi utzi nahi dute bizimodua eta elikadura-ohiturak aldatzea dela modurik egokiena arteria-tentsioa gutxitzeko. Eta bereziki nabarmendu nahi dute produktu horiek prebentzio neurri moduan erabiltzekoak direla, pre-hipertentsioa agertzen den kasuetan (hipertentsiotik hurbil-hurbileko mailara heltzean), eta higiene eta dieta arloko neurrien terapia osagarri moduan hartzekoak direla, baina sekula ez medikuak hipertentsioren aurka jartzen duen tratamenduaren ordezko.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto