Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Ohiko 4 lisaburdina eta lisatzeko 4 zentral aztertu ditugu: Lisatzeko zentralak arropa asko lisatu behar duenari baino ez zaizkio komeni

Lisaburdinek halako hiru balio dute lisatzeko zentralek, eta 10 minutu gehiago ere behar izaten dute berotzeko. Urez betetako lisaburdinak baino arinagoak dira zentralak, eta luzaroago izaten dute lurruna, baina arropa asko lisatu behar denean soilik gertatzen dira erabilgarriak

  Arropa lisatzea zeregin desatsegina da batzuentzat, baina badira gogo onez egiten dutenak ere, irratiari edo telebistari adi dauden bitartean. Duela mila urte baino gehiago, ikatz goriz betetako zartaginak erabiltzen zituzten txinatarrek arropa zapaldu eta lisatzeko, eta bikingoen hilobietan beira iluneko piezak aurkitu dituzte, itxuraz arropa lisatzeko erabiliak haiek ere. Ordutik hona, arropa bilakaera handia izan dute arropa lisatzeko tresnek, bistan da, baina prozesua lehengo berbera da: beroa erabiliz askatzea zuntzen kate luzeko polimeroen arteko loturak, eta gainazal lau batekin zapaltzea. Kotoia eta antzeko ehunekin, berriz, ura ere erabiltzen da molekulen arteko loturak askatzeko. Arropa lisatzeak, gainera, funtzio higienikoa ere badu, gutxitu egiten baitu ehunek duten mikroorganismo kopurua.

CONSUMER EROSKI-k lurrunezko lau lisaburdina eta lisatzeko lau zentral aztertu ditu; Ufesa etxeko lisaburdina izan da merkeena (19,92 euro), eta Delonghi etxeko zentrala garestiena (177,20 euro). Lisatzeko zentralek, batez beste, ohiko lisaburdinek halako hiru balio dute, eta honako hau dute bereizgarririk nabarmenena: lurrun generadore independentea dute. Ur biltegi autonomo hori ohiko lisaburdinek dutena baino handiagoa da eta lurrun gehiago sortzen du; ondorioz, arropa errazago lisatzen da. Berotzeko, ordea, denbora gehiago behar izaten dute zentralek, eta horrexegatik, arropa asko lisatu behar denerako baino ez dira egokiak.

Kalitate-prezioetan, Bosch etxeko ohiko lisaburdinak eman du emaitzarik onena. 31,60 euro balio du (Ufesa etxekoa soilik izan da merkeagoa), lisaburdina guztietan arinena izan da, eta minutu eta erdi baizik ez du behar izan abian jarri eta lurruna askatzen hasi arte. Lisatzeko zentralen artetik, berriz, Taurus etxekoa nabarmendu da. Lauretan merkeena izan da, eta besteek ez bezala, 12 hilabeteko berme gehigarria eskaintzen du, legeak agintzen duen bi urteko bermeaz gain. Arropa asko lisatu behar dutenentzat eta emaitza profesionala nahi dutenentzat, Di4 etxeko zentrala ere aukera ona da. 99 euro balio du (garestienetakoa da), baina lisaburdina bera oso arina du, gainerako guztiek baino gehiago, eta tenperatura ona ematen du zolan.

Pisua eta tenperatura

Lisaburdinak zer pisu duen oso aintzat hartzekoa da, denbora behar izaten baita arropa lisatzeko, eta tresna astunarekin aritzea deserosoa eta nekagarria gerta liteke. Lisatzeko garaian tresnarik arinena zein den neurtzeko, urez bete ditugu ohiko lisaburdinak, eta zentralekin alderatu ditugu. Hutsik daudela, lisatzeko zentralak baino arinagoak dira lisaburdinak, baina urez beteta, ia kilo erdi gehiago pisatzen dute. Rowenta etxeko lisaburdina izan da astunena (1.735 gramo), eta Di4 etxeko zentrala arinena (940 gramo).

Lisaburdinaren zolak zenbat eta tenperatura handiagoa eduki, orduan eta errazagoa izaten da arropa lisatzea, baina tenperaturari ere muga jarri behar zaio, jakina, bestela erre egingo balitzateke arropa. Arauak esaten du hiru tenperatura edo kokagune eduki behar dituztela lisaburdinek eta zentralek, eta honako ikurren bidez bereizi behar dituztela: * (70 ºC eta 120 ºC artean, poliamidentzat eta antzeko ehunentzat), ** (100 ºC eta 160 ºC artean, poliester eta artilearentzat, adibidez) eta *** (140 ºC eta 210 ºC artean, kotoi, liho eta antzeko ehunentzat). Guk aztertu ditugun zortzi tresnek egoki bete dute arau hori. Solac eta Rowenta etxekoek eman dute tenperaturarik apalena bi kokagunetan, eta Di4 etxekoak lortu du emaitzarik onena beste bitan. Garrantzitsua da, halaber, beroa gainazal guztian barrena hedatzea. Hori neurtzeko, 150 ºC-tan jarri dugu termostatoa, eta lau lekutan hartu dugu tenperatura: gunerik beroenean, zolaren erdigunean, zola muturretik 20 milimetrora eta zola atzealdetik 20 milimetrora. Delonghi etxekoak eman du tenperaturarik homogeneoena, eta Bosch etxekoak izan du gorabehera gehien.

Lurrunaren iraupena

Lisatzeko zentralek, batez beste, lisaburdinek baino bost minutu gehiago behar izan dute lurrun-emari egokia iristeko. Azkarrena Bosch etxekoa izan: 1 minutu 29 segundo soilik behar izan ditu lurruna askatzen hasteko. Emaitzarik kaskarrena, berriz, Polti zentralak lortu du: 10 minutu baino gehiago behar izan ditu. Behin berotuta, ordea, lisatzeko zentralek askoz luzaroago eutsi ahal izan diote lurrun jarioari. Bosch etxeko lisaburdinaren lurruna, adibidez, hamar minuturen buruan bukatu da, eta Delonghi etxeko zentralak, berriz, 85 minutuz eman du lurruna. Lisaburdinek sakaldi bakoitzean zenbat ur-zipriztin askatu duten ere neurtu dugu; Rowenta etxekoak bota du gehien (0,9 gramo sakaldi bakoitzean). Lisatzeko zentralek ez dute aukera hori eskaintzen, eta horregatik, komeni izaten da urez betetako espraia aldean edukitzea.

Lisatzeko zentralek desabantailatxo hori eduki arren, bestelako abantaila bat behintzat badute: batez beste, ohiko lisaburdinek baino % 14 azkarrago lisatzen dute arropa. Alkandora eta galtza berdin-berdinak eman dizkiegu hamar kontsumitzaileri, eta kronometroz neurtu dugu zenbat denbora behar izan duten lisatuta uzteko. Azkarrenetik motelenera, minutu batetik gorako aldea egon da: Rowenta lisaburdinarekin, 6 minutu eta 36 segundo behar izan dute, eta Delongui zentralarekin, 5 minutu eta 21 segundo.

Segurtasun elektrikoa eta etiketa

Lisatzeko zentralek eta lisaburdinek segurtasun elektrikoaren arauak ongi betetzen dituzten jakiteko, zirkuitulaburra eragin diogu tenperatura kontrolatzeko gailuari, eta tresna batek ere ez du surik hartu, ez du metal urturik isuri, eta su-gasik edo gas pozoitsurik ere ez du isuri arriskua sortzeko kopuruetan, nahiz eta Bosch etxeko lisaburdina guztiz hondatuta geratu den. Sendotasun dielektrikoa neurtzeko proba ere egin dugu: korronte aldizkatzailea eduki duen tentsioa ezarri dugu bateria terminalen tartean, eta isolatze-egiturak ez du utzi korronte arriskutsurik sortzen. Potentziaren eta korrontearen atalak ongi bete dituzte tresna guztiek, potentzia nominalaren eta kontsumitu dutenaren artean ez baita izan % 10etik gorako alderik. Ongi eraikita egon dira guztiak, ertz zorrotzik gabe, akabera puntadunik gabe eta lurra ongi jarrita. Lisaburdina bat bera ere ez da gehiegi berotu erabiltzerakoan, eta guztiek ekarri dute plaka bat arauak agintzen duen informazio guztiarekin: ekoizlearen helbidea eta potentzia nominala, besteak beste. Informazio hori, gainera, ez da nolanahi ezabatzen, eta luze irauteko moduan jarria dago (urez eta gasolinaz bustitako zapi batekin igurtzi dugu 15 segundoz, eta ez da ezabatu). Polti etxekoak badu zer hobetu: argibide oharretan ez du esaten arriskutsua izan daitekeela ezintasunen bat duten pertsonek lisatzen jardutea.

Kaliateari dagokionez, beraz, Polti etxekoaren emaitza 'hobetzeko modukoa' izan da, Ufesa eta Solac etxekoena 'balekoa' eta Bosch, Rowenta, Taurus eta Delonghi etxekoek emaitza 'ona' eskuratu dute.

Erabilera proba

Bi erabilera proba egin ditugu 10 erabiltzailerekin. Batean, lisaburdina elektrikoak jarri ditugu erabiltzaileen esku, eta bestean, lisatzeko zentralak. Lisaburdinen artean, Rowenta etxekoa gustatu zaie gehien (7,3 puntu), diseinuagatik eta arropa ongi lisatua uzten duelako, eta gutxien, berriz, Solac etxekoa (6,3 puntu): ez omen da ongi labaintzen arropa gainean. Erabiltzaileek ia ez dute alderik sumatu lisaburdinen eta lisatzeko zentralen artean.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto