Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Atuna eta hegaluzea oliba oliotan: bederatzi kontserba: Atuna baino % 30 garestiagoa da hegaluzea, baina ez da hobea elikadura ikuspegitik eta dastatze proban ere ez zaio gailendu

Jaki elikagarri eta osasungarriak dira atun eta hegaluze kontserbak, eta ongi prestatuta daude. Gatz kopuruan dute 'gabezia' bakarra: % 0,5 eta % 1,8 artean daukate (askotxo)

  Arrain kontserbak aztertu eta alderatu ditugu oraingoan, atuna eta hegaluzea. Bederatzi kontserba mota erabili ditugu esku artean; horietako bostek atun argia eduki dute, eta gainerako laurek, hegaluzea, guztiek ere oliba oliotan. Albo, Ortiz, Cuca, Isabel, Calvo eta Garavilla etxeetakoak izan dira, formatu batean baino gehiagotan merkaturatuak (banakako ontzia eta hiru ontziko zorroa izan dira ohikoenak). Horrela ontziratutako hegaluzea % 33 garestiagoa irteten da atun argia baino: hegaluze kilo xukatuak 24,3 euro balio du, eta atun argiak, 18,3 euro. Etxetik etxera, hala ere, alde handia dauka prezioak: atun argirik merkeena Isabel etxekoa izan da, eta 14 euro balio izan du kilo xukatuak; garestienak, berriz, Cuca eta Ortiz etxeetakoak izan dira, eta 21 euro inguruan ibili da kilo xukatua. Hegaluzea ere Isabel etxekoa izan da merkeena (21,5 euro kilo xukatua), eta gainerako hiruretan, 24 euro balio izan du Garavilla etxeko hegaluze kilo xukatuak, eta 25 eurotik gora Ortiz eta Albo etxeetakoak.

Alde horiek ikusita, batek baino gehiagok galdetuko du ea baden horretarako arrazoirik. Bi alderdiri erreparatu behar litzaioke horri erantzuteko. Elikadura ikuspegitik, oso antzekoak dira bata eta bestea, osaera ia berdina baitute eta ezaugarriak berberak: kalitate bikaineko proteina asko eta bihotzarentzat osasungarri diren gantzak, bai oliba olioari dagozkionak eta bai arrain urdinek eduki ohi dituzten omega-3 gantzei dagozkienak. Alde bakarra gatzean daukate, baina oso txikia da: atuna zertxobait gaziagoa da hegaluzea baino; atunak, batez beste, % 1,2 dauka gatza, eta hegaluzeak, % 0,9. Guk aztertu ditugun bederatzi ontzi motetatik, hala ere, bakarra jo liteke gaziegitzat, Ortiz etxeko atun argia (% 1,8 du gatza).

Bigarren alderdian gastronomia ikuspegia hartu beharko genuke aintzat. Hegaluzea garestiagoa da, esan bezala, eta ospe gehiago du (haragi zuriagoa du, eta testura eta zapore finagokotzat jotzen da), baina ikusi egin beharko litzateke ea ezaugarri organoleptiko hobeak dituen: zaporea, usaina, kolorea, uzten duen zaporea, murtxikatzerakoan sortzen duen irudipena eta mamitsutasuna. Guk, dastatze proba egin dugu hori jakiteko: 45 kontsumitzaileri eman dizkiegu ontzi guztiak dastatzera, zer jaten ari ziren esan gabe, eta hegaluzeak ez ditu lortu emaitza hobeak. Hegaluzearen eta atunaren artean baino alde handiagoak izan dira etxe batetik bestera. Emaitza onena lortu duten hiruretatik bi atun argiak izan dira (6,7 eta 7,1 puntu artean lortu dituzte), eta kontsumitzaileek gehien nabarmendu dutena ere atun argia izan da, Albo etxekoa; bi etxetako hegaluzeak, berriz, ez dira iritsi 6,5 puntura.

Dastatze proba batean gehien zein nabarmendu duten ere begiratu behar da; alegia, produktu bat zenbat aldiz bereizi duten onenen artean atal bakoitzean. Eta hor berriz ere argi geratu da etxetik etxera daudela alderik handienak: Albo etxeko biak izan dituzte gustukoen atalik gehienetan, Ortiz etxekoak gero, eta Isabel etxekoak hurrena; gutxien Calvo etxeko atun argia gustatu zaie, eta gainerako biak (Garavilla hegaluzea eta Cuca atuna) erdi parean geratu dira. Zorrotzago jartzen bagara eta atal guztietan edo gehienetan zein nabarmendu duten aztertzen badugu, ikusiko dugu Ortiz hegaluzea eta Albo atuna besteen gainetik jarri dituztela. Eta bi horien atzetik, etxe berberetako beste bi produktuak etorri dira: Albo hegaluzea eta Ortiz atuna. Eta bat bakarra aukeratu behar bagenu guztietatik, Ortiz etxeko hegaluzea egingo genuke (25,4 euro balio du kilo xukatuak). Kalitate-prezioetan, hala ere, Isabel etxeko atun argia gailendu da; guztietan merkeena da (14 euro balio du kilo xukatuak), kalitate egokiko osaera du, eta emaitza ona eman du dastatze proban.

Zergatik da hain ona kontserbako atuna edo hegaluzea jatea

  Kontserba hauek atuna edo hegaluzea izaten dute, oliba olioa eta gatza, eta oso jaki egokiak dira maiz jateko ere, elikagarriak baitira oso (produktu xukatuaren % 24-29 kalitate oneko proteinak dira, arrain urdinarenak); eta gantzak, berriz, bihotzarentzat osasungarriak: omega-3 gantz azidoek dituzten ezaugarri onuragarriez gain, oliba olioaren azido oleikoarenak gehitu behar zaizkio (pisu garbiaren % 20-38 artean hartzen du olioak). Arraina freskoa denean, atunak gantz gehiago eduki ohi du (% 12), hegaluzeak baino (% 6), baina kontserbetan gutxitu egiten da alde hori. Arraina noiz harrapatu duten (neguan gantz gutxiago edukitzen du), zein neurritakoa den, zein egoera fisiologiko duen eta itsasoan zer elikadura izan duen, horrek guztiak eragiten dio lehengaiari, eta horrexegatik izaten dute osaera antzekoa atunak eta hegaluzeak. Guk ez dugu berariaz aztertu produktu hauek zenbat gantz eta proteina dituzten, etiketan ageri baita hori.

"Iparreko hegaluzea" izendapenak ez du esan nahi Bizkaiko itsasoko hegaluzea denik, Thunnus Alalunga espeziekoa dela, besterik ez

Eta kaloriak? Atunak eta hegaluzeak 200 kaloria inguru ematen dituzte ehun gramo bakoitzeko, eta oliba olioak, 900 kaloria ehun mililitro bakoitzeko. Bederatzi kontserba hauetan, % 19tik % 40 bitarte da oliba olioa, eta, ondorioz, ontzi batzuen olioak kaloria gehiago ematen du besteenak baino; Isabel hegaluzeak, adibidez, % 62 soilik du arraina, eta Ortiz hegaluzeak eta Cuca atun argiak, berriz, % 80 inguru. Beraz, arraina soilik janez gero, izan etxe batekoa edo izan bestekoa, 200 kaloria hartuko genituzke 100 gramo bakoitzeko. Baina arrainaz gain olioa ere jango bagenu, hartuko genukeen kaloria kopurua asko aldatuko litzateke ontzitik ontzira: Isabel hegaluzeak 480 kaloria emango lizkiguke ehun gramo bakoitzeko, eta Ortiz hegaluzeak edo Calvo atun argiak, 340.

Baina produktu hauen onura ez da mugatzen proteina eta gantzetara. Bitaminak eta mineralak ere badituzte. Mineraletan, adibidez, potasioa, fosforoa, magnesioa, kaltzioa, burdina eta sodioa nabarmendu behar dira. Gatz kopurua aztertuta, bada alde pixka bat ontzitik ontzira, baina ez gorabehera aipagarririk. Cuca etxeko atun argiak % 0,5 du gatza, eta Ortiz etxeko atunak, % 1,8; gainerako guztiak % 1etik behera dabiltza. Legeak dio, produktu bat gaziegitzat jotzeko, % 1,5 baino gehiago eduki behar duela gatza, eta Ortiz etxeko atunak soilik gainditu du muga hori. Azkenik, kontserbak prestatzerakoan ematen dieten tratamendu termikoari esker (oso azkarra izan ohi da) eta esterilizatzeko erabiltzen duten teknikari esker, bere horretan irauten dute atunaren eta hegaluzearen bitaminek (batik bat, bitamina lipodisolbagarriak dauzkate, A, D eta E, baina baita hidrodisolbagarri batzuk ere, B3, B6 eta B12).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto