Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Zure afera revista.consumer.es aldizkarian konpon dezagun nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan. Bistan denez, aldizkari honetatik interesgarrien jotzen ditugun kontsultak bakarrik argitaratuko ditugu
Duela urte eta erdi erosi nuen telebista matxuratu zait, eta erosi nuen dendara eraman dut han konpondu dezaten. Zerbitzu teknikora deitzeko gomendioa egin didate, eta deitu dut, baina haiek jakinarazi didate dirua sartu behar dudala haien kontuan, eta haiek egindako aurrekontua onartzen badut, eta nik sartutako kopurua baino txikiagoa bada, gainerakoa itzuliko didatela. Onartuko ez banu, dirua galduko nuke. Nik uste nuen telebistak bi urteko bermea zuela, baina dendan ziurtatu didate urtebetekoa dela soilik. Egin nezake erreklamaziorik?
Legeak bi urteko bermea ematera behartzen ditu, nahiz eta horrek ematen dituen eskubideak lehen sei hilabeteetan soilik gauzatzen diren modu automatikoan. Besterik da saltzaileak urtebeteko bermea ematea erosleei, itxuraz zuri gertatu zaizun bezala, eta, ondorioz, bigarren seihilekoan ere kontsumitzailearen eskubideak hobeto babestea. Oraingo honetan, ordea, urte eta erdi igaro da erosi zenuenetik, eta saltzaileak esan badizu berak ez duela konponduko telebista, teknikari bati txostena egin dezan eskatu behar zenioke, eta horren bidez frogatu akatsa jatorrizkoa dela.
Zerbitzu Teknikoari dagokionez, aurrekontuak kobratu ditzakete, nahiz eta gero ez onartu. Ohikoena izaten da lanordu bati dagokion kopurua ordaintzea, gehienez ere; hala adierazten du 58/1988 Errege Dekretuak, urtarrilaren 29koak (Etxetresnak konpontzeko zerbitzuetan Kontsumitzailearen Eskubideak Babesteko legea da horrako hori). Horregatik, galdetu behar zenuke zerbitzu horrek zenbat kobratzen duen ordua, eta Kontsumitzailea Informatzeko Udal Bulegora joan behar zenuke. Erakunde horri eska zeniezaioke bitartekari egin dezala saltzailearen eta zure artean, bermea nola gauzatu adosteko batetik, eta txosten tekniko bat egiteko bestetik, matxura zerk sortu duen jakiteko. Aurrekontuan ageri den kopurua arauak esaten duena baino handiagoa balitz, salaketa jar liteke.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa