Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Zorra 900 eurotik beherakoa bada, abokaturik eta prokuradorerik kontratatu gabe jo daiteke auzitara, horretarako aukera ematen baitu Prozedura Zibilaren Legeak
Onez onean ezin bada, beste bide batzuk bilatu behar izaten dira. Eta legearen eremuan, onez onean konpondu ezin den guztia epaitegian egin behar izaten da. Baita zor kontuak ere. Jendeak gero eta arazo gehiago ditu aspaldian zorrak ordaintzeko, eta horrek eragina izango du auzitegietan ere. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aurreikusi duenez, hipoteka-betearazteak % 234 igoko dira aurten, eta epaiketa arruntak % 29 ugarituko dira 2007. urtearekin alderatuta. Ahozko epaiketak, berriz, % 5 igoko direla uste du, eta ohartarazpen-epaiketak % 76 (horiek izaten dira ugarienak auzi zibiletan). Egoera hori dela jakinik, ongi etorriko zaigu jakitea Legeak zer prozedura aurreikusten dituen besteri dirua eskatzeko, eta lagungarri izango zaigu argi edukitzea nola jokatu behar dugun bestek guri eskatzen badigu. Zor kontuak auzitara eramateko, adibidez, beti ez da beharrezkoa abokatu bat eta prokuradore bat kontratatzea.
Ohartarazpen-prozedura eta ahozkoa. Prozedura Zibilaren Legeak aukera ematen du erreklamazioa egiteko ohartarazpen-prozedura bidez (30.000 euroraino eska daitezke), abokaturik eta prokuradorerik kontratatu beharrik izan gabe; betiere, jakina, legeak eskatzen dituen baldintza eta dokumentu guztiak tarteko badira. Honako artikulu hauetan arautzen du hori Prozedura Zibilaren Legeak: 812tik 818ra bitartekoetan. Ahozko prozeduraren bidea ere ontzat ematen du arau horrek, eta 900 eurotik beherako kopuruetan, ez da profesional horien beharrik izaten.
Hain zuzen, horixe da helburua. Guztia errazagoa izan dadin, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren web orrian lor litezke inprimakiak (http://www.poderjudicial.es/). Hala eta guztiz ere, ohartarazpen-prozedura bat abian jarri eta zordunak uko egingo balio, ahozko prozedura edo prozedura arrunt bihurtuko litzateke, eta orduan bai, abokatua eta prokuradorea beharko lituzke hartzekodunak, non eta kopurua ez den 900 eurokoa baino txikiagoa.
Baldintzak egoki betetzen badira, beti da hobea ohartarazpen bidezkoa, nahiz eta, azkenean, hori ere ahozko epaiketa batean buka litekeen.
Dokumentu bat eduki behar da, non esaten den diru zor bat dagoela kitatu gabe, zor likidoa dela eta zilegi dela itzul dezaten eskatzea; prozedura abokaturik gabe egin ahal izateko, zorrak 30.001 eurokoa baino txikiagoa izan behar du. Dokumentu horren lagungarri, zordunari zenbat diru utzi zaion eta zenbateko zorra duen erakusten duten dokumentuak bildu behar dira: ordainagiriak, emate agiriak, ziurtagiriak, telegramak, telefaxak eta bestelakoak. Etxejabe elkarteetan, baliagarri izaten dira ordaindu gabe dauden gastuen ziurtagiriak, guztiek ordaindu behar izaten dituzten gastuei dagozkienak.
Hartzekodun batek eskatzen badu ohartarazpen-prozedura bat abian jartzeko eta epaileak onartzen badu, zorra ordain dezala eskatuko dio epaitegiak zordunari. Behin eskari hori jaso ondoren, zordunak ordaindu egin dezake edo epaitegian ager daiteke, eta idatzi batean arrazoitu dezake zergatik ez duen ordainduko zorra, edo zorraren zati bat. Zorra 900 eurotik gorakoa bada, eta ez ordaintzea erabaki badu, abokatu bat hartu beharko du epaitegian agertu aurretik.
Zordunak esan dezake bere idatzian ez duela zor eskatu dioten guztia, zati bat baizik.
Hogei egunen buruan idatzirik aurkeztu ez badu eta zorrik ordaindu ez badu, ondasunak bahitzeko prozedura abiaraziko du epaitegiak.
Ondasun higiezinek zor den kopurua baino gehiago balio badute, horiek ez dituzte bahituko, non eta zordunak beste ondasunik ez duen. Lanbidearteko gutxieneko soldatara iristen ez diren soldata eta pentsioak ez dituzte bahitzen, eta etxe bateko altzariak eta tresneria ere ez. Dirua bahitu nahi izaten dute lehenik, kontu korronteak eta titulu eta balioak.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa