Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Errenta Adierazpena: nola aurre egin: Krisi egunik ez Ogasunarentzat

Ordaintzaileak egiaztatzen badu egoera zailean dela, luzaroan langabezian dagoela edo zor asko pilatu zaizkiola, legeak aukera ematen du Ogasunari ordaintzeko epea atzeratu ahal izateko

  Ogasunarekin kontuak kitatzeko garaian gaude, 2008ko ekitaldian izan ditugun sarrera-irteeren eta ondasun-mugimendu guztien kontu emateko garaian. Diru mordoxka bat jaso behar dutenek lasaitu ederra hartuko dute, eta arnasa ere bai krisi giro itogarrian. Beste batzuei, aldiz, ordaintzea egokituko zaie, eta zintzo-zintzo erantzun beharko diote Zerga Agentziaren deiari. Errenta Adierazpena egin aurretik, ordea, patxada eta arreta handiz bete behar dira inprimakiak (are gehiago egungo egoeran), eta begiak erne eduki behar dira gure datuetan akatsik baden edo ez ziurtatzeko, euro guztiak gureak baitira, hartzekoak eta ematekoak. Aspaldi honetan urduritasuna eta kezka da nagusi etxe askotan, egoera ekonomikoa ere halakoxea delako, nornahi kezkatzeko modukoa. Ogasunak zenbait laguntza eskaintzen ditu egoerarik zailenean daudenentzat, eta komeni da horiek aintzat hartzea. Guk ere gure aletxoa jarri nahi dugu, eta honako aholku hauek lagungarri gerta daitezkeela iruditu zaigu:

Kontuz etxera bidaltzen diguten zirriborroarekin: aurten sei milioi herritarrek baino gehiagok jaso dute etxean Ogasunak bidali dien adierazpen-zirriborroa. Ogasunak haientzat egin duen adierazpena ontzat jotzen dutenek, onespena eman ondoren, zain geratu beharko dute, zirriborroan ageri den kopurua jaso edo kendu zain. Zirriborro horietan daturik garrantzitsuenak agertzen dira, bakoitzaren diru sarrera eta mugimendu nagusiak zein izan diren, baina gerta daiteke zerbait falta izatea; nagusiki, kenkariei buruzko datuak falta izaten dira, eta kenkari horiei esker ordaintzen ditugu zerga gutxiago. Ekain bukaera arteko epea dago zirriborroari onespena emateko, baina ez da komeni berehala onespena ematerik lehenbailehen dirua jaso ahal izateko (urte honetan, Zerga Agentziak azkartu egin nahi du dirua itzultzeko prozesua, eta abuztua baino lehen egin nahi ditu itzuleren % 85); presak utzita, gauzak ongi egitea da garrantzitsua, eta hutsegiterik ez dagoela egiaztatzeko denbora hartzea.

Datuak berrikusi:

  jende askok berehala ematen dio onespena zirriborroari, etxean jaso orduko. Erabateko konfiantza aitortzen diote Ogasunari, eta buruhausterik nahi ez dutelako edo, biderik errazena hautatzen dute: datu guztiak ontzat jo eta Errenta Adierazpena burutik kendu. Erraza izanagatik ere, ordea, bide hori beti ez da izaten errentagarriena. Gerta daiteke, gauzak azkar egin nahi izateagatik, behar baino zerga gehiago ordaindu behar izatea. Gurekin diru-harremana duten enpresek zer ordainketa egin dizkiguten aztertu behar dugu, eta zenbateko atxikipena ezarri diguten ikusi (posta arruntaren bidez iristen dira dokumentu horiek).

Datu pertsonalak:

Ogasunak bidaltzen dituen zirriborroetan bada ongi aztertu beharreko beste atal bat ere: norberaren familiari buruzko datuak. Seme-alaben kopuruak eta adinak badu eragina zergetan (familia ugariek, adibidez, kenkari gehiago dituzte), eta familiako norbaiten heriotzak ere izan dezake. Familia ugari batek oker jarria badu seme-alabei buruzko datua, kenkari handiak gal ditzake, bai orokorrak eta bai bere autonomia erkidegokoak.

Kenkariak egiaztatu:

Behin datuak egiaztatu ondoren, kenkariei buruzkoak aztertu behar dira, ikusteko ea legez dagozkigun guztiak ezarri dizkiguten. Zirriborro askotan ez dira agertzen datu horiek, eta horregatik komeni da ongi egiaztatzea onespena eman aurretik, zergak gutxitzeko eskubidea ematen baitute.

Ohiko etxebizitzak dakarren kenkaria: Ohiko etxebizitza bat ordaintzen ari den bikote batek (senar-emazteak izan edo ez), mailegua eskatua badu, 900 euroko kenkaria izan dezake, baldin eta errenta adierazpena bereizita egiten badute. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren herritarrek, oro har, % 18ko kenkaria izaten dute etxebizitza bat erosteko edo berritzeko maileguetan; urte horretan ordaindu dituzten kuotei ezartzen zaie kenkari hori (amortizazioari eta interesei), eta, gehienez ere, 12.000 eurokoa izango da. Gainerako erkidegoetan, kuoten (amortizazioa eta interesa) % 15en kenkaria ezartzen diete gehienez herritarrei, eta 9.015 euroan izaten dute muga.

Egoera ekonomiko larrian daudenei ordainketa geroratzeagatik %7ko atzerapen-interesak kobratzen zaizkie, berez ordaindu behar zen egunaren biharamunetik hasita

Gainera, etxebizitza bat erosi ondoren errenta adierazpena egiten dugun lehen aldian, eskrituren gastuak, notaritzakoak eta aseguruetan egindakoak kenkari bihur daitezke, baina zirriborroetan ez dira agertzen. Eta etxebizitza-kontu batean dirua sartzeagatik ere izaten dira kenkariak, baina horien berri ere ez dute ematen zirriborroek. Eta kenkari horiek 9.015 eurorainokoak izan daitezke autonomia erkidego guztietan, salbu eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Beste zenbaitetan, okerreko katastro-erreferentzia ematen diote ohiko etxebizitzari lotuta dagoen garajeari, beste higiezin bat balitz bezala hartzen dute, eta ez dagozkien zergak ordaindu behar izaten dituzte herritarrek.

Alokairu-kenkaria:

Adierazpenaren zirriborroan alokairu-kenkaria ere ez da agertzen askotan (ordaindutakoaren % 10 izaten da gehienetan). 2008. urtean 10.000 euro ordaindu dituenak, adibidez, eskubidea du 1.000 euroko kenkaria egin diezaioten.

Aurrezki-kenkaria:

Pentsio planei eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei egin dizkiegun ekarpenen kenkariak ere ez dira beti agertzen zirriborroetan. Epe luzeko aurrezki produktu horietan dirua sartu duten guztiek begiratu behar dute ea ongi dauden zirriborroan ageri diren datuak. Gauza gutxik izaten dute produktu horiek adinako zerga-kenkaria. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, produktu horietan jarritako dirutik, urtean 8.000 euroko kenkaria izan dezakete oinarri zergagarri orokorrean. 52 urtetik gorakoek, urtean 8.000 eurorainoko kenkaria izan dezakete oinarri zergagarri orokorrean, eta 1.250 euro gehiagokoa 52 urtetik gorako urte bakoitzarentzat. Gainerako autonomia erkidegoetan, 50 urtetik gorakoek izaten dituzte kenkariak, eta kopurua finkatzeko, honako bi aukeretan txikiena dena ezartzen diete: urtean 10.000 eurokoa edo lan-emaitza garbien eta jarduera ekonomiko guztien % 30ekoa (dagokion ekitaldian norberak jaso dituenak hartzen dira aintzat). 50 urtetik gorakoek, 12.500 euroko kenkaria izan dezakete urtean, edo ekitaldi horretan norberak izan dituen lan-emaitza garbien eta jarduera ekonomiko guztien % 50eko kenkaria.

Erkidegoetako kenkariak:

Autonomia erkidego askok zenbait kenkari sartu dituzte errenta adierazpenean, eta horiek ere ez dira agertzen zirriborroetan. Alokairuentzako laguntzak, ezinduei eskaintzen dizkietenak, GKEak edo bestelako ongintza-erakundeak diruz laguntzeagatik ematen dituztenak, sindikatu baten kuotak ordaintzeagatik, ingurumena hobetzen laguntzeagatik, gizarte laguntzaile bat kontratatzeagatik... Kenkari asko izaten dira, eta era askotakoak. Zer-nolako zerga-laguntzak dauden jakiteko, informazioa eskatu behar dugu gure autonomia erkidegoan. Urtetik urtera, gainera, gero eta laguntza mota gehiago ematen dituzte erkidegoek, eta, horregatik, informazio fidagarria, eguneratua eta ofiziala emango diguten lekuan galdetzea komeni da (Zerga Agentziaren bulegoetako batean, adibidez).

Aholkulari baten laguntza eskatu:

Errenta adierazpena egiteko orduan zalantzarik sortu bazaigu, egokiena zera da, gure banku edo kutxan laguntza eskatzea eta aholkulari batekin hitzordua egitea. Finantza erakundeek doan eskaintzen dute zerbitzu hori, eta zalantza guztiak argitu ondoren, hantxe bertan aurkeztu dezakegu adierazpena, behar bezala beteta. Zerga Agentzian ere eska dezakegu hitzordua zerga-aholkulari batekin, eta hark lagunduko digu adierazpena egoki betetzen. Zerga Agentzian hitzordua eskatzeko, 901 22 33 44 telefonora deitu dezakegu, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 21:00etara, 2009ko ekainaren 29 a arte.

Zergak ordaintzeko epea atzeratu diezagutela eskatu:

Ogasunari ordaintzera behartuta dauden herritarrek aukera dute zorraren % 60 ekainean ordaintzekoa, eta gainerako % 40a azaroan, inolako zigorrik jaso gabe. Eta egoera ekonomiko larrian badaude (luzaroan langabezian, oso zorpetuta...), ordaintzeko epea are gehiago atzeratu dezakete.

Ordainketa geroratzeagatik, ordea, atzerapen-interesak kobratzen dituzte: berez ordaindu behar zen egunaren biharamunetik hasi eta onartu dioten epe berriaren azken eguna bitarteko aldiari ezartzen dizkiote interes horiek (egun, % 7koa da tasa). Enpresek eta norbanakoek, beraz, tasa hori gehitu behar diote lehendik zeukaten zorrari. Espainiako Gobernuak berriki esan du, hala ere, hainbat zerga-aholkulari, ekonomialari eta elkarteren eskaria aintzat hartuta, tasa hori % 5era jaisteko aukera aztertuko duela.

Zergak ordaintzeko epea atzeratu nahi duenak, bai errenta adierazpenari dagozkionak, edo bai beste edozein zerga, eskaria aurkeztu behar du egokitu zaion Zerga Administrazioan, eta azalpen idatzi bat ere eman behar du, non esango baitu zer zailtasun ekonomiko dituen eta nola aurre egiteko asmoa duen zor horiei. Zehazki, berme bat aurkeztu behar da eskariarekin, kreditu erakunde batek edo elkarren bermerako sozietate batek ematen duen berme solidarioa, edo bestela, kauzio-aseguru baten ziurtagiria. Berme horiek lortzeko modurik ez duela frogatuz gero, zordunak bestelako berme batzuk ere aurkeztu ditzake, edo eska dezake bermerik aurkeztu gabe onar dezatela haren eskaria, 6.000 eurotik beherako kopurua zor badu, eta berdin zor handiagoa badu ere, baldin eta frogatzen badu eskari hori egiteko bezain larria dela egoera.

Eskaria aurkeztu ondoren, Ogasunak erantzun zain egon beharra dago. Eskaria onartzen badu, ordainketa-egutegi bat ezarriko dio zordunari, eta han ageri diren epeetan ordaindu beharko du zorra, eta interesak.

Nola aldatu edo zuzendu adierazpen-zirriborroa

Herritarra ez badago ados Ogasunetik bidali dioten zirriborroarekin, eta zerbait aldatu nahi badu, honela egin dezake:

  • Internet bidez: www.agenciatributaria.es
  • Telefono bidez: 901 200 345
  • Zerga Agentziaren bulegoetara joanda.
  • Erakunde laguntzaileetara joanda.

Nola ematen zaio onespena adierazpen-zirriborroari

  • Internet bidez: www.agenciatributaria.es
  • Telefono bidez (VRU): 901 12 12 24 zenbakiaren zerbitzu automatikoaren bidez.
  • SMS bidez: 5025 zenbakira mezua bidaliz. Honako hau jarri behar da: Errenta (tartea) zirriborroaren zenbakia (tartea) IFZ. Adierazpen-zirriborroa bi bikotekideena bada, tarte bat gehitu eta bikotekidearen IFZ idazten da (dirua jaso behar dutenek soilik erabil dezakete bide hori
  • Telefono bidez (telefonista batekin hitz eginda): 901 200 345
  • Kutxa automatikoetan: zerbitzu hori eskaintzen duten finantza erakundeen kutxetan.
  • Zerga Agentziaren bulegoetara joanda edo autonomia erkidegoek hartarako jartzen dituzten bulegoetara.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto