Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Nola zaindu pribatutasuna Interneten: Sarean, etxean bezala

Bada formula on-on bat informazio pertsonala arriskuan jarri gabe Interneten ibiltzeko: zentzu pixka batekin jokatzea

  Nork emango lioke kontu korrontearen kodea kalean beste gabe hurbildu zaion bati? Edo zeinek emango lioke telefono zenbakia inondik ezagutzen ez duen norbaiti? Eta nork erakutsiko lioke familiako argazkia ezagutu berri duen bati? Inork ez, segur aski. Zentzu pixka bat daukanak badaki zer erakuts diezaiokeen zeini, eta badaki, txikitatik hala erakutsi digutelako, gauza batzuk ez direla nolanahi erabiltzekoak. Bada, jokabide horrek Interneterako ere balio du. Gaur egun, Interneten aurki daitezkeen zerbitzu gehienek, batere egokiak eta kalitatezkoak badira, behintzat, aukera ematen diote erabiltzaileari nahi dituen datuek soilik erakusteko eta hark nahi dituenentzat soilik. Mugak norberak jartzen dituen arren, bada zaindu beharreko beste alderdi bat ere: zerbitzu horiek eskaintzen dituzten enpresek gordetzen dituzte datu guzti-guztiak, eta ongi jakin behar da bakoitzak zer politika erabiltzen duen pribatutasuna zaintzeko.

Aro digitalaren ajeak

  Gizarte digitala bi talde handitan banatzen dela esan liteke. Aro digitalaren kumeak egongo lirateke batetik, duela hogei urte baino gutxiago jaio diren neska-mutilak, ordenagailuak eta Sarea ohiko tresna izan dituzten belaunaldiak. Beste talde handian, berriz, gainerako guztiak egongo lirateke, Historiaurreko gizakiak. Termino horrek ez du esan nahi horiei guztiz arrotz eta ezezagun zaizkienik teknologia berriak; horrekin adierazi nahi dugu Internet gauza berria dela horientzat, eta oraindik ez dituztela bereganatu ohitura eta jokabide guztiz egokiak.

Sarean dabiltzan erabiltzailerik gehienek ez dakite oso ongi nola erabili behar dituzten Interneteko zerbitzuak euren informazio pribatuaren jabe izaten jarraitzeko, eta ez dakite halaber zer ondorio ekar ditzaketen euren ekintzek. Hori oso nabarmen ikusten da, adibidez, gizarte sareetan: jendeak lagunen eta familiakoen argazkiak jartzen ditu haiei baimenik eskatu gabe, edo datu pertsonalak zabaltzen ditu ongi zehaztu gabe zeini iritsi behar zaizkion eta zeinek ez dituen ikusi behar.

Gero damurik ez izateko, zuhur eta zentzuz jokatu beharra dago. Aldiro erabaki egokia hartzen ari garela ziurtatzeko, honako galdera hauxe egin behar genioke geure buruari: nola jokatuko nuke saretik kanpo? Alegia, Flickr zerbitzuan jarri nahi ditudan argazki horiek erakutsiko ote nizkioke nornahiri? Zentzuzkoa ote litzateke jende multzo bati etxeko helbidea edo posta helbidea ematea? Ohiko egoeretan egingo genukeela iruditzen bazaigu, berez ez luke oztoporik egon behar Interneten ere egiteko.

Intimitate digitala mugatu

Inor ez da irteten kalera guztiz biluzik, ezta arropatan guztiz bilduta ere, begiak ere ageri ez dituela. Interneten ere erabaki beharra dago zein informazio pribatu erakutsi eta zein ez, eta, segur aski, erdibideko erabakia hartzea izango da egokiena. Zorionez, sareak eskaintzen dituen zerbitzu kalitatezko gehienek eta gizarte sareek aukera uzten dute erabakitzeko zenbateko pribatutasuna eman nahi dion norberak informazio bakoitzari. Flickr, Youtube eta antzeko beste plataforma batzuetan -argazkiak eta bideoak argitaratzeko balio dute bi horiek- erabiltzaileak mugatu dezake nork ikusi ahal izango duen informazioa: jende guztiak, norberak soilik edo norberak gonbidatzen dituen pertsona jakin batzuek. Erabiltzaileak mugarik jartzen ez badie, zerbitzu horiek, berez, mundu guztiak ikusteko moduan argitaratzen dute informazioa. Beraz, ongi pentsatu beharra dago ezer argitaratu aurretik, eta erabakirik egokiena hartu ondoren, pribatutasun-aukerak konfiguratzea komeni da.

Gizarte sarerik konplexuenek, Facebook edo Tuenti izenekoek, adibidez, pribatutasun aukera ugari eskaintzen dituzte. Zifra sistemak erabiltzen dituzte informazioa bidali eta gordetzeko, eta horri esker, gonbidapena jaso duten pertsonek soilik ikusi ahal izaten dute informazioa. Sistemak ongi ezagutzea komeni da, eta horrela lor liteke ongi konfiguratzea nork zer ikus dezakeen; gerta daiteke, izan ere, erabiltzailearentzat garrantzi gutxi duen informazioa oso garrantzitsua izatea haren inguruko norbaitentzat.

Demagun festa batean argazkiak atera ditugula eta gizarte sare batean argitaratu ditugula. Guretzat, agian, irri egiteko modu bat baino ez da izango, argazkiek ez dutelako ustez ezer desegokirik erakusten, baina beste norbaiti mingarri gerta dakioke bere burua argazki jakin batzuetan agertzea. Halakorik ez gertatzeko, beti baimena eskatzea da jokabiderik zuhurrena.

Sareek eta gainerako komunikazio plataformek eskaintzen dituzten eztabaidaguneetan ere tentuz ibili behar da iritzia ematerakoan. Internet anplifikagailu ahaltsua da oso, eta ez da komeni zernahi esatea, guztia grabatuta geratzen baita, eta bilatzaileen eskura. Oso adierazgarria da, adibidez, informatikari bati gertatua: enpresako zuzendariaren bizkarretik irri eta irain eginez jardun zuen Twitter-en, eta nork irakurriko eta zuzendariaren emazteak. Hantxe bukatu zitzaizkion lanak...

Pribatutasuna eta intimitatea: negoziatu daitezke?

Pribatutasunak alderdi bat baino gehiago biltzen ditu Interneten. Batetik, zenbait datu isilpean eta seguru gordetzea esan nahi du: bankuko kodeak, mediku historia, posta elektronikoaren pasahitza... horiek erabiltzaileak soilik jakitekoak dira. Bestetik, berriz, internautaren intimitateari lotuta dauden edukiak ere hartzen ditu aintzat: haren bizitza pribatuari buruzko informazioak, artxiboak eta datuak. Horiek besteei erakutsi edo ez, erabiltzaileak berak erabakitzen du. Pribatutasuna, beraz, funtsezko balioa da Sarean, ezin utzizkoa, baina baditu, hala ere, negoziatu daitezkeen zenbait alderdi, azken batean erabiltzaile bakoitzak finkatzen duelako zer gorde eta zer erakutsi, haren beharren eta nahien arabera.

Plataforma askok negozioa egiten dute erabiltzailearen datu pertsonalekin, eta, aldi berean, zerbitzu hobea emateko erabiltzen dituzte datu horiek. Hori gertatzen da, esaterako, Facebook zerbitzuarekin eta, oro har, Google-ri lotutako guztiekin. Internautaren informazio pertsonala gordetzen dutenean, hari buruzko informazioa lortzen dute, eta haren intereseko izan daitezkeen gaiei buruzko publizitatea helarazten diote; baina, ordainetan edo, aukera ematen diote aspaldi-aspaldiko mezu elektronikoak eskuratzeko eta txat elkarrizketak ere bai (datu garrantzitsu bat erakusten duten solasak izan daitezke). Eta berdin gertatzen da ustez galduak zeuden irudi, abesti edo bideoekin ere.

Zerbitzu hori jaso nahi duenak, eta edozein lekutatik beti eskura eduki nahi duenak, disko gogorrak emango dizkion buruhausteak ahaztuta edo ordenagailua beti aldean eramaten ibili beharrik gabe... hori guztia nahi duenak, ezinbestean, zerbitzu hori ematen duten enpresen esku jarri behar ditu datu pertsonalak, eta, beraz, uko egin beharko dio pribatutasun erabatekoari. Normalean, enpresa horiek egoki erabiltzen dituzte datuak, baina badaezpada ere, beti komeni izaten da ongi irakurtzea zer baldintza jartzen dituen zerbitzu bakoitzak, jakiteko ea legea errespetatzen duen horien pribatutasun-politikak.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto