Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Hotzeriari aurre egiteko aholkuak | Elikagaien osaerari buruzko datu basea | D Bitamina | Esnearen eragina muki eta flemetan | Kafeina eta bularra hartzen duten haurrak

6 aholku hotzeriari eta eztarriko narritadurari aurre egiteko, urtaro aldaketa datorrenerako

 
  1. C bitamina oso elikagai ona da sistema immunologikoarentzat, eta gosaritan baso bete laranja ur hartuta, 100 mg C bitamina hartzen ariko ginateke, egunero gutxienez hartu behar den dosia (60 mg) halako bi ia. Bitamina ugari izaten duten beste fruta batzuk ere jan ditzakegu: anana, kiwia, marrubiak, papaya, guayaba eta zenbait barazki ere bai, tomatea eta espinaka gordina, adibidez.
  2. Koilara bete ezti hartzeak, huts-hutsik, zukuarekin edo esnearekin, eragin antiseptikoa izaten du, eta goxatu egiten du eztarriko narritadura. Pasteurizatu gabeko eztia hartzea komeni da (trinkotasun gehien duenetakoa), beroak desegin egiten baititu eztiaren osagai aktiboetako batzuk.
  3. Otorduetan, borraja salda hartu lehen-lehenik. Landare arazgarria da borraja, eta lagundu egiten du karkaxa botatzen. Salda beroa hartzea beti da ona ondoezik dagoenarentzat.
  4. Zopak, kremak eta beste errezeta batzuk egiterakoan, kalabaza ere bota. A bitamina ugari du eta muzilagoak ere bai (zuntza); bi elikagai horiek mukosa birsortzeko gai dira, eta horixe behar izaten du eztarriko narritadurak.
  5. Edan ura egun osoan zehar, eta infusioak, saldak eta zopak ere bai. Mukiak biguntzen eta botatzen laguntzen dute eta eztarria lasaitzen dute..
  6. Eskinazea dieta-osagarri egokia da defentsak indartzeko, eta eztarria eta arnasbideak ahul dituenarentzat, berriz, propolioa izaten da ona.

Gaur-gaurkoa: BDECA sarea, Elikagaien Osaerari buruzko Espainiako Datu Basea

  2006. urtean, BDECA Sarea sustatu zuen Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak; funtsean, datu base bat da, Elikagaien Osaerari buruzko Espainiako Datu Basea, eta hainbat erakundek beren esku dituzten datuak bateratzeko asmoz sortu zen: Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak, Ikerketa Zentro Nazional batzuek eta elikadura industriak. Ekimen horren helburu nagusia da EuroFIR proiektuan sartzea Espainia. European Food Information Resource Network, horixe esan nahi du izen horrek, edo Elikagaiei buruzko Informazio Iturri Europarra, eta zera lortu nahi du, elikagaien osaerari buruzko lehen informazio iturri integratua izatea Europan. Iazko abenduan aurkeztu zuen ekimena Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN).

Datu base horiek elikagaien osaerari buruzko informazioa ematen dute, eta gehienetan, herrialde jakin bateko elikagaiei buruzkoa. Besteak beste, jaki bakoitzak zenbat kaloria dituen eta zer elikagai dituen jakinarazten da (karbohidratoak, proteinak, gantzak, zuntza, bitaminak eta mineralak). Analisi kimikoen bidez edo beste datu batzuetatik abiatuz ateratzen dute jaki bakoitzari buruzko informazioa. Datu horiek bateratuta edukitzea, herrialdeka lehenik eta Europa mailan gero, lagungarria gertatzen da elikadura gaiekin zerikusia duten ikerketetan irizpide berak erabiltzeko, eta zorroztasun zientifiko eta tekniko ahalik eta handienarekin jarduteko.

Datu base horietatik abiatuta, gainera, Elikagaien Osaera Taulak ateratzen dituzte, hainbat formatutan, eta tresna horiek funtsezkoak izaten dira herrialde bateko biztanleen elikadura-ebaluazioa egiteko, bizi osokoa, bai gaixo aldiak sortzen direnean eta bai osasun aldian daudenean.

D bitamina

  Bitamina lipodisolbagarria da, funtsezkoa hezurrak osasuntsu edukitzeko. D bitaminak organismoan duen molekula aitzindaria 7-dehidrokolesterola da, zeina animalia ehunetan eta landareetan ageri baita. Probitamina bihurtu ahal izateko, eguzkia behar izaten du, eta behin giltzurrunera iristen delarik, orduan sortzen dira metabolikoki aktiboak diren gaiak, kaltzitriola (animalia jatorriko elikagaietatik dator) eta erkaltzitriola (landare elikagaietatik). D bitaminaren gai aktiboek lagundu egiten diete hesteei kaltzioa xurgatzen, eta giltzurrunentzat ere lagungarri dira kaltzio hori berriz xurgatu ahal izateko; hori dela eta, hezurren eta hortzen mineralizazioa errazten dute, besteak beste, eta osasuntsu egoten laguntzen diete.

Elikadura kezkak

 

Esneak muki eta flemak eragiten ditu?

  Behi esnea hartzea eta mukiak edukitzea lotuta dauden ez dauden, gai eztabaidatua da hori, eta ikerketek denetarik erakusten dute. Gai honi buruzko ikerketarik berriena B.W. Ospitale Unibertsitarioan egin dute, Zurichen (Suitza), Dermatologia Saileko Alergologia Unitatean, hain zuzen (Journal of the American College of Nutrition aldizkarian argitaratu zuten, 2005ean). Egileek ez dute aurkitu froga zientifiko sendorik azaltzeko zein mekanismoren ondorioz ugaritzen diren mukiak behi esnea edo esnekiak hartu ondoren, eta, horregatik, sugestio prozesu baten ondorio moduan azaltzen dute. Izan ere, zenbait ikerketak erakutsi dutenez, esnea eta mukiak lotuta daudela sinesten duten pertsonek arnasketa-sintoma eta ondoez gehiago izaten dute, gehiago jariatzen dutela iruditzen baitzaie.

Gerta liteke irudipen hori sortzea emultsio bat nahasten delako (esnea eta listua nahasten direlako), gainerakoan ez baita aldaketa handirik sumatu biriken funtzioan eta arnasketan esnea edo esnekiak hartu aurretik eta ondoren. Inork esnea edo esnekiak hartzeari utziko balio arnasketa arazoak (edo asma) dituelako, beste jaki batzuekin orekatu beharko luke esneak ematen ez dizkion elikagaien gabezia: kaltzioa eta D bitamina, besteak beste.

Amak hartzen duen kafeak aztoratu egiten du bularra hartzen duen umea?

  Kafeina substantzia kitzikatzailea da, eta kafe gehiegi hartzen bada, edo kafeina duen beste zeinahi edari, ezinegona eta loezina sor ditzake amaren esnea hartzen ari den haurrarengan. Kafesne baten kafe kopurua bitan banatzea izan daiteke irtenbidea, eta bi kafesne arin hartzea. Kafeinak metabolismoa egin eta organismotik desagerrarazteko (gernuaren bidez), batez beste, bost eta sei ordu behar izaten ditu. Horregatik, ez da komeni kafea hartu eta segidan bularra ematea. Kafea hartu ondoren, ur asko edan dezakegu, gernua ugaritzeko eta kafeina errazago kanporatzeko.

Kafeak ez ezik, beste elikagai batzuek ere badituzte substantzia kitzikatzaileak, eta horiek ere aztoratu egin dezakete haurra. Jendeak uste du teina ez dela kafeina bezain kitzikagarria, baina kimikoki oso antzekoak dira, eta berdin-berdin egin diezaioke kalte haurrari. Kolaz egindako freskagarriez gain, badira kafeina, teina edo guarana duten beste edari batzuk ere, freskagarriak gehienetan, eta horiek ere efektu kitzikatzailea izaten dute; ondorioz, hobe da halakorik ez hartzea bularra ematen ari garen garaian.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto