Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Etxeraino joatea eta eskulana ez ezik, gaueko lanaren plusa edo presazko lanarena kobratzen dute enpresa askok, eta beste hainbatek, biak
Enpresa hauek ezin izaten dute aurrekonturik aurkeztu telefonoz deitu eta berehala, ikusi arte ez baitakite zer matxura mota konpondu behar duten, baina kontsumitzaileari jakinarazi behar diote gehigarri edo plusik kobratzen duten, eta etxeraino joatea eta eskulana zenbat izaten den. Egin behar bai, baina oso gutxik egiten dute! Enpresen % 15ek ez dute aurrekontu egokirik egiten, ez telefonoz, ez etxera joan ondoren. Jarduerarik ohikoena hau izaten dute: telefonoz ez dute jakinarazten zer eta zenbat kobratuko dioten bezeroari, etxera joandakoan ere ez diote erakusten informazio orririk (tarifak banan-banan ikusi ahal izateko), ordainagirian derrigor agertu behar duten datuak falta izaten dira (teknikariaren izena eta NA), eta piezaren bat aldatzen badute, ez dute zehazten zenbat balio duen.
Gainera, ordainagirietan ez dute zerrendatzen zer kobratzen duten eta zenbat (teknikarien % 20k soilik egin ohi dute), eta, horrez gain, konponketak zenbat denborako bermea duen ere ez dute adierazten (ordainagirien erdiek soilik adierazten dute hori behar bezala). Gorabehera eta hutsegite asko izaten dituzte, beraz, kobratzeko orduan; izan ere, aurrekontua egiten dutenean ere, uste baino gehiago kosta bada konponketa egitea, beste aurrekontu bat egin ohi dute. Bere burua Interneten aurkezten duten enpresek ere berdintsu jokatzen dute, horiek ere ez baitituzte erakusten euren tarifak.Aurrekontu bati uko egitea, berriz, 40 euro inguru kostatzen da, nahiz eta kopurua asko aldatzen den hiri batetik bestera, prezio hori eskulanak balio duenaren araberakoa izaten baita.
Larraildi zerbitzu batera deitzen duenak, hasteko behintzat, gauza bat nahi izaten du, berehala etor daitezela. Teknikariak ongi lan egitea ere garrantzitsua da, jakina, eta atsegina izan dadila, baina funtsean, azkar etortzeagatik ordaintzen dugu hainbeste. Batez beste, ordu eta erdi baino zertxobait gehiago behar izaten dute enpresa horiek deia jaso eta teknikaria etortzeko (100 minutu inguru), hori egunez deituta, ohiko lan ordutegian; gauez deituz gero, ordubete igaro baino lehen azaldu ohi dira teknikariak etxean (55 minutu behar izaten dituzte). Hiri batetik bestera, hala ere, aldatu egiten dira denborak. Eta harrigarria gerta badaiteke ere, eguneko 24 orduetan zerbitzua ematen dutela iragarri arren, enpresen % 28 ez dira etortzen egunean bertan matxura konpontzera. Teknikari batzuek 48 orduren buruan agertuko direla esaten dute, eta gertatu izan da lau egunen buruan ez azaldu izana ere.
Sarrailagileek bai, horiek berehala erantzuten diote deiari, eta ordu erdi igaro baino lehen agertzen dira, bai egunez eta bai gauez (hala egin ezean, horien zerbitzuak ez luke zentzu handirik). Iturgina azaltzeko, ordea, bi ordu behar izaten dira maizenik, eta galdara konpontzeko teknikariari larrialdi batean deituta, hiru ordu igaroko dira hura agertzeko.
Beste gorabehera eta hutsegite batzuk ere izaten dituzte teknikariek, nahiz eta ez diren izaten hain ohikoak: matxura konpondu eta ingurua garbitu gabe utzi ohi dute; ordainagiria hobeto zehazteko eskatu eta ez dute askorik laguntzen; edo zehazki zein zerbitzu kobratu duen zehazteko eskatuta, ez dute informazio handirik ematen.
Giltzak etxean utzita ateratzea zorte txarra izan daiteke, baina auzoan norbaiti uzteko ohitura badugu edo senideren bat hurbil bizi bazaigu, erraz konpondu liteke. Inguruan inork giltzarik ez badu, aldiz, sarrailagileari deitu behar. Eta behin etorrita, ordaintzea beste aukerarik ez da izaten: lan ordutegian, 90 euro kostatzen da, batez beste, eta hortik kanpo, 20:00-21:00etatik aurrera, % 45 gehiago. Hiritik hirirako aldeak, hala ere, bereziki nabarmenak dira atal honetan (A Coruñan 60 euro balio duen zerbitzua 130 euroraino igo daiteke Valentzian). Ordu erdi inguru behar izaten du sarrailagileak etxera etortzeko, eta gehien-gehienek telefonoz esaten dute behin betiko aurrekontua zenbatekoa izango den (% 83k). Zerbitzu hori ere ez da, ordea, gorabehera eta hutsegiterik gabea: telefonoz ematen duten aurrekontuak ez du izaten BEZa erantsia, eta, ondorioz, uste baino garestiagoa izaten da zerbitzua.
Sarrailagilea etorrarazi ondoren, etxea berea dela egiaztatzera behartzen du legeak bezeroa, baina sarrailagileek ez dute ohiturarik Nortasun Agiria eskatzeko (% 20k baino gutxiagok egiten dute). Deitu duen pertsonak ez balu dokumentu hori eskura (hori ere etxean ahaztu duelako, adibidez), sarrailagileak Polizia deitu behar luke, eta haiek han direla ireki behar luke atera, edo, bestela, atezainari eskatu behar lioke laguntza, pisua alokatuta balego.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa