Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Etxeraino joatea eta eskulana ez ezik, gaueko lanaren plusa edo presazko lanarena kobratzen dute enpresa askok, eta beste hainbatek, biak
Gertatu badaiteke, gertatu egingo da eta unerik txarrenean. Horixe dio Murphy-ren legeak, eta horixe gertatzen da, sarri. Asteburuetan, gauetan edo jaiegunetan hasten da garbigailua ura galtzen, txorrota matxuratzen zaigu, giltzak etxean utzita aterzen gara... Halakoei lehenbailehen jarri behar zaie konponbidea, kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen. Irtenbide bat azkar eman behar eta, larrialdiko konponketak egiten dituzten enpresetara deitzen dute herritar askok, eguneko 24 orduetan zerbi-tzu ematen duten horietara. Azkar erantzuten dute, jakina, baina oso garestia izan ohi da zerbitzua (123 euro, batez beste), eta batzuetan, gainera, ez dituzte betetzen legeak ezartzen dizkien betebehar guztiak: % 15ek soilik aurkezten dute aurrekontua, eta ordainagirien % 51k soilik ageri dute zenbateko bermea duen konponketak. Sarrailagileei dagokienez, berriz, oso gutxik eskatzen diote Nortasun Agiria bezeroari (%17k), etxea egiaz harena dela ikusteko, eta gaueko 10etatik aurrera deituz gero (20:00etatik aurrera era bai, zenbaitetan), % 40 gehiago kobratzen dute batzuek.
24 orduz lan egiten dutela esaten dute, baina enpresa hauen % 28a ez dira etortzen deitzen zaien egunean bertan
Horixe erakutsi du CONSUMER EROSKI-k HISPACOOP erakundearentzat (Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Espainiako Konfederazioarentzat) egin duen ikerketak. 2008ko urria eta azaroan 41 enpresa aztertu ziren, Bilbo, Bartzelona, Madril, A Coruña, Sevilla eta Valentzian. Horietako bakoitzean bi sarrailagileri deitu zaie, garbigailuak konpontzeko bi teknikariri, txorrota konpontzeko iturginari, pertsiana konponketan adituari eta berogailuen teknikariari. Iturgina eta pertsianen teknikariari ohiko lan orduetan deitu zitzaien eta beste biei gaueko hamarretatik aurrera (A Coruñan ez genuen aurkitu berogailuak konpontzeko teknikorik ordu horretan lanean eta beraz han 6 enpresa aztertu ziren, zazpi beharrean).
2007. urtean, 8.000 erreklamazio jarri zituzten Espainian zerbitzu horiek ematen dituzten enpresen aurka. Hori ikusita, deitu aurretik ongi aztertzea komeni da egoera zenbateraino den larria eta lehenbailehen konpondu beharrekoa, eta gauzak patxadaz egiteko aukera badago, hobe da hala egitea: lehenik etxeko asegurua egin digun konpainiara deitu behar da, hark estaltzen ote duen jakiteko, eta etxetresna elektrikoren bat matxuratu bazaigu, dagokion zerbitzu teknikora deitu behar dugu.
Laguntza Teknikoko Zerbitzu bati deitu aurretik, ongi aztertu behar da matxura eta ongi neurtu behar da ea presazkoa den. Matxura asko oso erraz konpontzen dira (fusible bat askatu dela, edo erre dela, edo harraska buxatu dela...), eta beste batzuek ez dute izaten aparteko presarik. Ohiko lan orduetan ez da merkea izaten presazko zerbitzua, eta ordutegi berezietan are garestiago irten daiteke: bi halako ere balio dezake (gerta daiteke gehigarriak kobratzea gaueko lanarengatik edo presazko lanarengatik, edo biengatik).
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa