Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Bederatzi garagardo: alkohol gabeak, 0,0% motakoak eta 'light' erakoak: Ohikoek baino alkohol eta kaloria gutxiago dute, baina ez da gauza bera 'light' izan, 0,0% edo alkohol gabea

Ohiko garagardo batek baino askoz kaloria gutxiago dute aztertu ditugun bederatzi garagardoek, baina 'light' motakoek alkohol dezente daukate, alkohol gabeek eta 0,0% motakoek baino nabarmen gehiago

  Edari freskagarria da garagardoa, eta hiru osagai eduki ohi ditu nagusiki: ura, garagar malta eta lupulua. Beste zenbait edarirekin alderatuta, alkohol gutxi du garagardoak, eta horrek ere egiten erakargarri; gehien duenak, adibidez, % 4,5 dauka alkohola. Ez da gutxi, jakina, baina ardoak bi halako izaten du. Azken urteetan, hainbat eratako garagardoak agertu dira merkatuan, guztiak ere alkohol gutxiago dutenak ohiko garagardoaren aldean. Alkoholik gabekotzat saltzen dituztenak agertu ziren lehenik, eta 0,0% motakoak gero (legeak ez ditu bereizten bi horiek, baina 0,0% izenarekin datozenek alkohol gabeek baino are alkohol gutxiago daukate). Ondoren light motakoak agertu ziren; kaloria gutxiagoko garagardoak dira horiek, eta alkohola ere gutxiago dute ohikoek baino (ohikoen eta alkohol gabeen tartean dabiltza).

Ohiko garagardo batek baino askoz kaloria gutxiago dute aztertu ditugun bederatzi garagardoek, baina ‘light’ motakoek alkohol dezente daukate, alkohol gabeek eta 0,0% motakoek baino nabarmen gehiago

CONSUMER EROSKI-k bederatzi garagardo aztertu ditu laborategian, eta dastatze proba ere egin du kontsumitzaileekin. Bederatzi horietako lau alkoholik gabeak izan dira (Buckler, Laiker, Kaliber eta Cruzcampo); beste hiru 0,0% motakoak (Free-Dam, Buckler eta San Miguel); eta beste biak light erakoak (Mahou eta Cruzcampo). Kristalezko botiletan saltzen dituzte guztiak: Mahou Light garagardoa 33 zentilitroko botila solteetan, eta gainerako guztiak, 6 botilatako paketetan(25 zentilitrokoa da bakoitza). San Miguel 0,0% ez beste guztiek, ohiko osagaiez gain (ura, garagar malta eta lupulua), artoa edo arroza ere badaukate, eta gehigarriak ere bai.

Garagardoa ezin da elikagaitzat hartu, oso gutxi ditu-eta proteinak, karbohidratoak eta mineralak, eta zerbait nabarmentzekotan, B9 bitamina egingo genuke, horixe baitauka beste ezer baino gehiago. Hiru motatako garagardoak aztertu ditugu guk, eta elikadura ikuspegitik ez dago alderik mota batekoen eta bestekoen artean. Alderik handiena kaloria kopuruan dago (alkohola alde batera utzita). Light erakoa ez den freskagarri batek baino kaloria gutxiago eman dute guztiek, eta azpimarratzeko modukoa da hori, baina badituzte aldeak beren artean ere: Mahou Light litro batek, adibidez (hiru botilatxo), 300 kaloria ematen ditu, eta Free-Damm litro batek, berriz (lau botilatxo), 120 kaloria baino ez. Kaloria gutxien 0,0% motakoek dute (12 eta 23 kaloria, ehun mililitro bakoitzeko), alkohol gabeak datoz gero (21 eta 24 kaloria, ehun mililitro bakoitzeko) eta light erakoak azkenik (batek 30 kaloria ditu ehun mililitro bakoitzeko, eta besteak 26).

Garagardoa, alkohola eta prezioa

  Alkoholik edan nahi ez dutenentzat edo gidatu behar dutenentzat, 0,0% motako garagardoak dira egokienak: aztertu ditugun hiruretatik bik bolumenaren % 0,01 baino gutxiago eman dute alkohola, eta besteak, % 0,07. Ohiko garagardoek, lehen esan bezala, bolumenaren % 4,5 eta 5 artean izaten dute alkohola. Ohiko garagardo horiek, legez, alkohola ezin dute eduki bolumenaren % 3 baino gutxiago, eta alkohol gabekotzat saltzen dituztenek, berriz, alkohola ezin dute eduki bolumenaren % 1 baino gehiago. Guk aztertu ditugun alkohol gabeek ongi bete dute araua: Cruzcampo etxekoak bolumenaren % 0,6 eduki du alkohola, eta Laiker etxekoak, % 0,9 (beste biak tartean geratu dira). Light erakoek ere alkohol gutxiago izaten dute ohikoek baino, ez, ordea, alkohol gabeek bezain gutxi: Cruzcampo etxeko light-ak bolumenaren % 2,4 eduki du alkohola, eta Mahou etxekoak, bolumenaren % 3,5. Bederatzi garagardoen artean, beraz, 0,0% motako bi garagardok eduki dute alkohol gutxien, San Miguel eta Free-Damm-ek (bolumenaren % 0,01), eta Mahou Light delakoak gehien (bolumenaren % 2,5; ohiko garagardoek adina ia).

Kontsumitzaileei gehien gustatu zaizkienen artean bi dira “alkoholik gabeak”

Prezioari dagokionez light erakoak dira garestienak; batez beste, 1,7 euro balio du horien litroak, eta alkohol gabeetan eta 0,0% motakoetan, berriz, 1,4 euroan ateratzen da litroa. Light erako horiek, gainera, etxe bereko ohiko garagardoak baino ere garestiagoak dira (1,5 euro balio du litroak ohiko garagardoetan). Alkohol gabeko bi garagardotan (Laiker eta Buckler), 1,35 euro baino gutxiago balio izan du litroak, eta beste muturrean, light erako biek soilik gainditu dituzte 1,5 euroak litroko.

Garagardoaren ezaugarri organoleptikoei erreparatuta (zaporea, aparra, kolorea, usaina) ez da garagardo mota bat nabarmendu beste bien gainetik dastatze proban, eta etxe bateko garagardoak ere ez dituzte jo besteetakoak baino askoz hobetzat; esan liteke, hala ere, kontsumitzaileek nahiago izan dituztela alkohol gabeko garagardoak, 0,0% eta light motakoak baino. Hiru garagardo gustatu zaizkie gehien, alkohol gabeko bi (Buckler eta Laiker), eta light erako bat (Cruzcampo); gutxien, berriz, 0,0% motako bat (Buckler) eta light bat (Mahou).

Laborategian lortu ditugun datu guztiak eta dastatze proban atera diren emaitzak aintzat hartuta, alkohol gabeko bi garagardo gailendu dira kalitate-prezioetan: Buckler eta Laiker. Biek ere bolumenaren % 1etik behera dute alkohola, eta guztietan merkeenak izan dira. Batere alkoholik ez duen garagardo bat hautatzekotan, berriz, San Miguel etxekoa aukeratuko genuke: merkeenetakoa da eta ez du gehigarririk, nahiz eta dastatze proban erdi parean geratu den. Eta light erako garagardo bat nahi duenarentzat, Cruzcampo etxekoa aukera hobea da Mahou etxekoa baino: alkohol gutxiago du eta merkexeagoa da, eta dastatze proban emaitza hobea lortu du.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto