Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Laneko osasuna: Lan mendekotasuna: besteren oniritzia, norbere zama

Konpromisoa eta lotura ez dira beti gauza bera izaten, ez lan kontuetan, behintzat. Lanari lotuta bizi denak balio gehiegi ematen dio bizitzako arlo horri

  Lana behartzat hartzen duten guztiek ez dute ikuspegi berarekin egiten. Batzuek lana maite dutelako egiten dute, eta beste zenbaitek lana, lana eta lana besterik ikusten ez dutelako. Zenbait pertsona konpromiso harrigarriz atxikitzen zaizkio beren lanari, gozatu egiten dute, eta emaitza onak eman ere bai askotan. Beste zenbait, aldiz, lanari atxikita baino gehiago, lanari lotuta bizi dira, arreta gehiegi jartzen diote euren lanbideari, eta alde batera uzten dituzte bizitzako beste hainbat arlo, eta alde batera uzten dute osasuna ere. Lanari emanak egoten dira erabat, eta ez dira jabetzen zer gertatzen ari zaien. Non dago bi jokabide horiek bereizten dituen marra? Ez da erraza antzematen, hain da fina... Segur aski, emaitzetan ez da alde handirik izango batetik bestera, biek erantzungo diete bikain beren zereginei, baina batek motibazioa izango du gidari, ongi sentituko da, eta bestea, aldiz, lanaren mende geratzeko arriskuan egon liteke, gehiegi ematen duenari gehiegi eskatzeko joera izaten baita.

Zenbait gizartetan, lanak beste ezerk baino balio handiagoa du, jardutearen eta saiatzearen kultura lehenesten dute gauza guztien gainetik, eta testuinguru horretan sortzen dira lanarekiko lotura gehiegizkoak; mendekotasuna, azken batean. Zenbat eta ordu gehiago eman lanean, zenbat eta denbora gehiago eskaini lanari, hainbat hobeto, horixe da jokabide eredugarria, eta bizitzako beste arlo batzuk baztertu behar izanda ere, ez du axola: familiako harremanak, gizartekoak, maitasun beharrak... horiek beti gerorako uzten dira.

Gehienoi gustatzen zaigu lanak ongi egitea, ongi sentiarazten gaitu horrek, eta goikoek aitortzen badigute gustura daudela gurekin edo ongi egindako lanaren ordainez soldata igotzen badigute, autoestimuak gora egiten digu. Hori gauza ona izanik ere, erne ibili behar dugu, lana ez dadin bihurtu gu ongi sentitzeko bide bakarra eta besteen oniritzia eta aitortza jasotzeko modu bakarra. Horretara mugatuko bagenu geure burua, bizitzak dituen beste esparru garrantzitsu batzuei bizkar ematen ariko ginateke, besteak beste pertsonen arteko harremanei eta aisialdiak eskaintzen dituen aukerei.

Pertsona perfekziozale eta obsesiboek izaten dute arrisku gehien lanaren mende geratzeko; zereginak goitik behera kontrolatu beharrak eta xehetasunik hutsalenari ere berebiziko arreta jarri beharrak ia lanaren esklabo bihurtzen ditu, euren indar eta denbora guztia lanari ematen baitiote.

Egoera horretan dauden pertsonak sarri ez dira ohartzen arazo bat dutela, ingurukoak lehenago ohartzen dira gehienetan; nekatuta ikusten dute pertsona hori, nerbio tentsioak jota, triste, bukatu gabeko lanen kezkaz beti, beste ezertarako denborarik gabe; eta norbera ohartzen denean osasuna galtzen ari dela lanaren erruz, estresa ere ager dakioke.

Egoera batzuk arriskutsu bihur daitezke

Norbanakoari dagozkionak:

Lanean ahalegin neurriz kanpokoa egiten dutenek eta etengabe perfekzio bila ari direnek langile onaren fama izaten dute, segurtasun irudia ematen dute, eta halaxe sinesten du bai norberak eta bai besteek. Erreakzio hori, berez, ez da txarra. Baina norbera gustura sentitzeko bide bakarra hori izaten denean, mendekotasuna sortzeko arriskua agertzen da.

  Era berean, lanari indar eta denbora gehiegi eskaintzen diotenak, beste guztia ahaztuta, jokabide obsesiboa izatera irits litezke. Oso zaila egiten zaie lana utzi eta euren gustuko izan litekeen zerbait egitea, ezin izaten dute eraman lanak bukatu gabe uztea, horrek errudun sentiarazten ditu. Egoera kontrolpean eduki nahi izaten dute, eta lana bukatu gabe dagoela ikusteak estresa sortzen die; eta lasaituko badira, lanean jarraitu beharra sentitzen dute. Sorgin-gurpil baten modukoa da azkenean, eta hor erortzeko arriskua izaten dute, batez ere, izaera obsesiboa eta ikaragarri zorrotza daukaten pertsonek; ziurtasunik eta ordenarik eza jasanezina egiten zaienez, komeni baino ahalegin handiagoa egiten dute euren estutasuna kontrolatzeko.

Taldeari dagozkionak:

Lanean ahalegin handia egiten duenak, maizenik, gaitasuna edukitzen du zeregin asko bere gain hartzeko, eta hori oso ontzat jotzen dute lantegiko arduradunek eta gainerako lankideek. Horrek ere badu arriskua, ordea: gerta liteke berari ez dagozkion ardurak hartzea eta gehiegi zamatzea. Izan ere, arduradunek eta lankideek ikusten dute gai dela jarritako lan guztiak aurrera ateratzeko, eta, ondorioz, gero eta lan gehiago utziko dute haren gain, baita berez egin behar ez lituzkeenak ere.

Hori ez da gertatzen, gainera, inork gaiztoz egiten duelako, berez bezala etortzen da, edozein lanpostutan izaten baita lasaigarria jakitea beti badela norbait ongi lan egiten duena. Halakoak sortzen direnean, zuhur jokatu beharra dago, beti ezin baita esan besteek propio utzi dutela lana norberaren bizkar. Agian, norberak sortu du arazoa, nahi gabe: bere zereginak eta ardurak ongi mugatzen jakin ez, eta, azkenean, bere gaitasunek preso harrapatzen dute; norberak erakutsi baitu zertarako gai den, beti maila bera eman behar duela dirudi.

Langile fin eta esanekoak ikusten duenean oso zamatuta dagoela, askotan ez du jakiten egoera hori iraultzen, eta etsita senti daiteke. Halakoak, gehienetan, isil-isilik aritzen dira, lanak ez die ahorik betetzen, eta sakelarik ere ez; ordain mugatua izaten dute eta lanpostu hoberik ere nekez eskuratuko dute. Askotan, pertsona horri zail gertatzen zaio modu asertiboan hitz egitea, eta ez du lortzen bere eskubideak, betebeharrak eta ardurak errespetaraztea. Sarritan, ezinbesteko langile bihurtzen da lantokian edo bere sailean, zenbaitetan berak bakarrik jakiten baitu nola egin behar diren lan jakin batzuk (hori izugarrizko zama izatera iristen da); zereginak besteren gain uztea asko kostatzen zaionez, "ez" esatea bezainbeste, guzti-guztia bere gain geratzen da. Oso arduratsua denez, ez da ausartzen lankideei mugak jartzera, iruditzen baitzaio, hori eginez gero, langile on izateari utziko diola, eta hori ez dela izango lantokiko arduradunen begikoa.

Lanari neurririk ez hartzeak baditu ondorioak

Egunak 24 ordu ditu, eta lotan ez dagoena lanari emana bizi bada, albo batean utzi izango ditu harreman pertsonalak eta familiakoak, eta hori arazo iturri bihurtuko da luze gabe; familian gatazka giroa nagusituko da, eta lagunekin zeukan lotura ahulduz joango da. Aisialdirako ere ez zaio denborarik geratuko, eta lehen gustura egiten zituen jarduerentzat ere ez du aurkituko tarterik.

Etengabe lanez zamatuta dabilen pertsonak errearen sindromea jasan ohi du (Burnout sindromea ere esaten zaio). Estresak jota egoten da, eta interesik gabe eta ezaxolaz begiratzen die lehen erakargarri zitzaionari, bai lan arloan eta bai arlo pertsonalean ere. Horraino iritsita, "aski da" esaten jakin behar du norberak, eta gauzak aldatzeari ekin behar dio; gainerakoan, depresioari lotutako sintomak ager daitezke luzera begira.

Irtenbide egokia bilatzea ez da izaten batere erraza pertsona horientzat, eta etsitzeko joera ere izan dezakete. Lana bihurtu zaie beren bizitzako erdigune, eta hortik aldendu behar dutela pentsatzen dutenean, estutu egiten dute beren burua. Gauzak aldatzen hasteko, ordea, norberak jabetu behar izaten du zenbateraino hondatu diren bere harremanak, familiakoak eta pertsonalak. Mendekotasunen bat duten pertsona guztiekin gertatzen den bezala, tratamendua bideratu behar da pertsonaren arlo guztiak berrosatzera.

Lanarekiko mendekotasuna saihesteko aholkuak:

  • Lan ordutegi finkoa ezarri behar da, eta zintzo bete, inolako salbuespenik gabe.
  • Laneko ordutegia egiterakoan, atseden hartzeko denbora ere kontuan hartu behar da, eta tarte libreak ere bai.
  • Lanpostuari zein funtzio eta erantzukizun betetzea dagokion zehaztu, eta horiexek bete, salbu eta enpresarekin edo arduradunekin beste zerbait adostu bada.
  • Eguneroko zereginak zein izango diren finkatu, lanorduetan egiteko moduan; horrela eginda, zailagoa da estresa agertzea.
  • Hurrengo egunerako ere zerbait uzten ikasi behar da, eta perfekzioari mugak jartzen ere bai; lan guztiak ezin hobeto bukatu nahi dituenak denbora gehiegi eskaini behar izaten die garrantzi gutxiko xehetasunei.
  • Lan batzuk lankideen esku uzten ikasi behar da; ez da ibili behar lan guztia kontrolatu nahian, aski da gainbegiratzea.
  • "Ez" esaten jakin behar da besteek proposatzen dizkiguten zeregin batzuei.
  • Norberaren eskubideak errespetarazten ikasi behar da lantokian.
  • Lanari helburu errealistak jarri behar zaizkio epe motzera, ertainera eta luzera.
  • Bazterrean utzitako jarduerei berrekin behar zaie aisialdian.
  • Lotura pertsonalak eta familiako loturak indartu behar dira, hortik sortzen baita gogoa tarte batzuk libre hartzeko eta garrantzitsu iruditzen zaizkigun pertsonekin egoteko.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto