Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Bioaniztasun handiko herrialdea da Espainia, eta aisialdirako aukera ugari eskaintzen ditu, osasungarriak, ez oso garestiak eta adin guztietako jendeak egiteko modukoak.
Oinez edo bizikletaz goza daiteke natur inguruetako aisialdi-eskaintza, baina ez da horretara mugatzen. Natura heziketarako tresna ere izan daiteke, eta horretan saiatzen dira Ingurumen Heziketarako Guneak. Hainbat eratakoak daude: Baserri-Eskolak, Natura-Ikasgelak, Interpretazio zentroak, "ingurumen heziketarako" Museoak edo Erreferentzia zentroak, eta guztiak ere bitarteko bikainak dira ingurumen heziketa eta parte-hartzea bultzatzeko. Naturari buruzko gauza jakingarriak ikasteko aukera paregabea ematen dute, eta ingurumen arazoak gutxitzeko norberak egunerokoan zer egin dezakeen jakiteko ere lagungarriak izaten dira. Zerbitzu ugari eskaintzen dituzte heziketa gune horiek, askotarikoak, gainera: ibilbideak egiten dituzte naturan barrena, udako eskolak eman, hondakinak ongi birziklatzeko tailerrak egin, bizikletak alokatu, landareak edo barazkiak landatzen irakatsi, edo animaliak zaintzen, natur eremuak lehengoratzeko eta iraunarazteko landa lanak antolatu, erakusketak ere bai, hitzaldiak, eta abar. Heziketa proiekturik gehienak eskolaumeentzat eskaintzen dituzte, haur eta gazteentzat, eskolan egiten dutenaren osagarri. Zenbait jarduera, hala ere, helduentzat izaten dira. Beste eskaintza bat ere bada naturarekin modu ekologikoan gozatzeko eta elkartasuna adierazteko. Gobernuz Kanpoko zenbait talde ekologistak, erakunde batzuek eta finantza erakunde zenbaitek programa ugari eskaintzen dituzte naturaren alde lan egiteko. Batzuen helburua izaten da espezie edo eremu naturalak babestu eta lehengoratzea; beste batzuek salatu nahi izaten dituzte ingurumenari egin zaizkion erasoak; eta beste hainbatek nahi izaten dute herritarren artean ingurumenaren aldeko kontzientzia hedatu. Modu batean edo bestean, eguzkia, hondartza edo mendia izaten dituzte lagun eta bitarteko.
Xendra-kirola, mendizaletasuna, trekking-a... Izen horiek ematen zaizkio mendian edo inguru natural batean oinez ibiltzeari, batetik bestera norbere atseginaren bila ibilian joateari. Badu kiroletik, badu paseotik eta badu bidaiatik ere, eta gero eta jende gehiago erakartzen du, gazte eta zahar. Ez du eskatzen puntako prestakuntza fisikorik, nahiz eta ibilbide batzuk besteak baino gogorragoak diren. Familia osoak egin dezake, elkarrekin gozatzeko aukera ematen du, eta naturarekin harremanetan jartzen gaitu zuzen-zuzenean. Urrutira joaten ibili gabe egiteko moduko jarduera da, erraza eta merkea. Bizikleta ere ez da lagun txarra asteburu eta zubietan naturako bide eta bidexketatik barrena ibiltzeko. Aukerarik merkeenetakoa eta osasungarrienetakoa da, eta ingurumenari kalte gutxien egiten dionetakoa, guztiz ekologikoa baita.
Ez da gauza askorik behar mendian bizikletan ibiltzeko. Mendiko bizikletak modu onean daude gaur egun (130 eurotik hasita), eta hortik aurrera, aski dira kirol oinetakoak, kamiseta eta galtza erosoak, kirolerako aproposak, eta kaskoa.
Bizikletarekin irits ez litezkeen lekuak ikusi eta gozatu nahi dituenak, berriz, zaldi gainean egin dezake. Horrela soilik joan daiteke zenbait leku ezkutuko eta babestutara. Gero eta enpresa gehiagok eskaintzen dute zaldiz ibilaldiak egiteko aukera. Zaldiak otzanak izan ohi dira, eginkizun horietarako prestatuak. Ibilbide motzak egin daitezke, edo egun osokoak, beti profesionalen laguntzarekin. Edozeinentzat moduko jarduera da zaldi gaineko hori ere, ez baita trebezia berezirik behar ezta ezagutza sakonik ere; aski da begiraleak esaten duenari jaramon egitea. Prezioak ibilaldiaren araberakoak izaten dira: ordubeteko paseoak 15 euro inguru balio du, eta egun osoko ibilaldiak, 75 euro.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa