Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Soja edariak: Landare proteinak dituzte, eta esneak baino gantz osasungarriagoak

Batzuek azukrea, kaltzaioa, bitaminak eta gehigarriak dituzte erantsita esnea bezalakoak izan daitezen eta zapore hobea eduki dezaten. Beste batzuek ura eta soja babak baino ez dituzte. Elikadura ikuspegitik begiratuta, antzekoak dira, eta, esneak ez bezala, ez daukate kaseinarik eta laktosarik (alergiak sortzen dizkiete horiek zenbait kontsumitzaileri)

  Zenbait jendek gustatzen zaiolako hartzen ditu soja edariak, baina beste zenbaitek dieta arrazoiengatik egiten dute, edo landare jatorriko proteinak hartzeagatik. Elikaduraren Codex-ak honela definitzen ditu edari mota horiek: "soja baba lehor eta uretan beratuekin egindako prestakina, pure egin, egosi eta hortik iragazitako likidoa" edo "soja irinarekin egindako prestakina, soja kontzentratuarekin, sojatik bereizitakoekin". Zenbaitek soja huts-hutsarekin egindako produktua merkaturatzen dute, eta beste zenbaitek osagai eta gehigarriak eransten dizkiote, esnearen antz gehiago izan dezan. Beste lekaleek baino proteina gehiago dauka sojak, eta oinarrizko aminoazidoen sail osatua. Hori dela eta, elikagai egokia da animalia jatorriko elikagairik jan nahi ez duenarentzat. Behi esneak adina proteina ematen ditu (% 3 inguru) baina ez dauka laktosarik (esnearen azukrea da) eta kaseinarik ere ez (esnearen proteina), eta hori abantaila handia da bai laktosa eta bai kaseina alergia-iturri izaten direnentzat. Kaloriatan, esnearen antzera dabil (40 kaloria, ehun mililitro bakoitzeko), baina ez prezioan; esnea baino garestiagoa da, oro har, baina soja edari guztiek ere ez dute berdin balio: badira litroko euro bat baino gutxiago balio dutenak (Yosoy), eta badira litroko 2,15 euro balio dutenak (Dietisa).

Gaur egun, bi motatako soja edariak daude merkatuan. Batek esnearen ordezko bihurtu nahi du, eta esnearen ezaugarriak berdindu nahian, elikadurazkoak eta organoleptikoak, hainbat osagai eransten dizkiote lehengaiari, soja babei alegia: ura, azukrea eta ziropak, lurrinak, lodigarriak, azidotasun erregulatzaileak eta bestelako gehigarriak, eta baita bitaminak eta kaltzioa ere. Beste edari motak, berriz, naturalenak, soja eta ura baino ez du izaten (eta gatza, zenbaitetan). Zortzi soja edari aztertu ditugu guk. Horietako hiruk soja baino ez dute, eta beste bostak esnearen antzera merkaturatu ohi dituzte (guzti-guztiak litro bateko brik ontzian etorri dira). Probatze hutsa aski da batzuen eta besteen artean alde handia dagoela sumatzeko, eta probatu gabe ere ikusten da hori, osagai zerrendari begiratuz gero. Eta garrantzitsua da, gainera, etiketari erreparatzea, nahasgarriak gerta baitaitezke guztiak ere: izen bera dute, "soja edaria", baina zortziek gaizki emana dute etiketa (ikus banan-banan egin dugun azterketa). Aldeak alde, bi edari motak antzera dabiltza gantz eta proteina kopuruan, eta kaloriak ere berdintsu dituzte. Soja edariak ez dauka esneak baino askoz gantz gutxiago (% 2, batez beste, eta % 3 esneak), baina bai hobeak: saturatu gutxiago ditu, eta ez dauka kolesterolik. Guk egin ditugun azterketek erakutsi dute edari hauek egiteko erabili duten soja ez dela transgenikoa, glutenik ez daukatela eta zortziek ere higiene eta osasun egoera egokia eduki dutela.

Dastatze proban emaitza apalagoak lortu dituzte edaririk naturalenek (3,6 puntu lortu dituzte bik eta 4,2 puntu besteak). Lurrina eta gehigarriak erantsita dituzten edariek emaitza hobeak lortu dituzte: 5,8 puntu atera ditu apalen ibili denak eta 7 puntu gehien atera duenak. Horien artean, Kaiku eta Vive soyk eman dute emaitzarik onena kalitate-prezioetan (biek ere 1,25 euro inguru balio dute litroko), eta naturalenen artean, Yosoy etxekoak (0,98 euro balio du litroak, guztietan merkeena).

Hidratoak, gantza eta zuntza

Karbohidrato gehien duten soja edariak azukrea erantsia duten bostak dira (% 3 eta 4 artean dauzkate), eta azukrerik ez duten hirurak, berriz, % 0,8 eta 1,6 artean dabiltza. Kaiku-k eta Alpro soja-k kanabera-azukre beltza dute erantsita, eta % 4 dauzkate hidratoak eta % 2,8 azukreak. Alpro soja Ligera-k % 3,8 ditu hidratoak eta % 2 azukreak eta Vive soy etxekoak % 3,6 ditu hidratoak eta % 1,9 azukreak. Gerblé etxekoak kanabera-azukre integrala, zelulosa eta arto maltrodextrina ditu erantsita, eta hortik datoz hidratoak (% 3,5); azukreak, berriz, % 1,7 dauzka. Behi esne osoak % 5 izaten ditu hidratoak. Soja edari huts-hutsak diren hirurek ia ez dute azukrerik, eta egokiak dira diabetikoentzat. Soja aleak zuntz asko izaten du berez (ia % 16), baina edaria egiterakoan, iragazkitik pasarazten dute, eta hor desagertu egiten da disolbatu ezin den zuntz gehiena. Hala ere, behi esneak ez bezala, soja edariak izaten du zuntz pixka bat (% 1 baino gutxiago).

  Guk aztertu ditugun soja edariek, batez beste, % 1,8 dute gantza, eta bi muturren artean ez dago alde handirik: gutxien duenak % 1,7 dauka eta gehien duenak % 2,2 . Behi esneak, berriz, % 3,6 izaten du gantza, eta esne erdigaingabetuak, % 1,5. Gantz kopuruan, beraz, ez dago alde handirik soja edariaren eta behi esnearen artean, baina bai gantzaren ezaugarrietan: soja edariek duten gantzik gehiena (% 84, batez beste) saturatugabea da, eta horien artean badira bi oso kate motzekoak, ezin osasungarriagoak: linolenikoa edo omega 3 motakoa da bat, eta linoleikoa edo omega 6 motakoa bestea. Behi esneak, berriz, % 30 soilik ditu gantz saturatugabeak, eta gainerako guztiak, % 70, saturatuak dira. Azkenik, ga-tzari buruzko aipamena egin beharra dago. Guk aztertu ditugunetatik, gatza erantsi diete bosti, baina osotara oso-oso gutxi daukate gatzetik soja edariek, % 0,06, batez beste (hutsaren hurrena da hori). Produktu batek gatz gehiegi duela esateko, % 1,5 baino gehiago eduki behar du.

Isoflabona iturri aparta da soja, beste edozein jaki baino hobea; fitoestrogeno bat da isoflabona, eta oso ona dela dirudi menopausiari lotuta dauden arazoak arintzeko eta gaixotasun kroniko batzuei aurre egiteko: arteriosklerosiari, osteoporosiari eta minbizi mota batzuei. Laborategiko animaliekin egin diren saioek eta zelula hazkuntzekin egin direnek frogatu dute harremana badagoela gaitz horien eta sojaren artean, baina saio klinikoek ez dituzte eman emaitza erabatekoak, eta batzuetan, gainera, kontraesanak ere sortu dituzte.

Edari bakoitzaren soja kopurua

Soja edari batean soja babak % 13 izan edo % 7 izan, horrek ez luke eraginik izan behar bataren eta bestearen proteina kopuruan. Oro har, proteina % 30-40 izaten du sojak, baina soja mota guztiak ez dira berdina, eta gerta liteke batez besteko horretatik kanpo ateratzea batzuk. Gainera, soja prozesatzerakoan, edarietan handitu egiten da proteinen ehunekoa: zenbat eta deshidratatuagoa, orduan eta elikadura-dentsitate gehiago. Babak, bestalde, azalgabetuta egon daitezke, proteina gutxiago, beraz.

Edari hauek zenbat soja duten neurtu dugu laborategian, eta etiketan ageri den kopuruarekin alderatu ditugu gure emaitzak. Baina bada arazo bat hori egiteko: edari batek zenbat soja duen zehazteko, aurrez jakin behar da zenbat proteina dituen, hortik abiatu beharra baitago soja kopurua ateratzeko. Eta proteina kopurua baldintzatu egiten dutenez lehen zerrendatu ditugun arrazoiek, ezin izan dugu ondorio bete-beterik atera. Beraz, ulergarria da gorabeherak izatea kopuruetan. Dietisa etxeko edariak esaten du, adibidez, ia % 15 duela soja, baina gure azterketan % 10 baino gutxiago eman du. Oro har, etiketan esaten duten baino soja gutxiago antzeman dugu edarietan (Alpro soja Ligera izan da salbuespena: % 4 duela dio, eta % 6 eman digu guri). Etiketan ageri den baino soja gutxiago antzemateak, hala ere, ez du esan nahi ekoizleek esaten duten baino gutxiago erabiltzen dutela, lehen adierazi bezala, proteina kopurutik abiatuta egiten baita kalkulu hori. Zerbait nabarmentzekotan, beraz, hauxe izango litzateke: zortzi edariek antzeko proteina kopurua dutela.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto