Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Zure afera revista.consumer.es aldizkarian konpon dezagun nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan. Bistan denez, aldizkari honetatik interesgarrien jotzen ditugun kontsultak bakarrik argitaratuko ditugu
Itsas bidaia bat hartu nuen agentzia batean familia guztiarentzat, eta aseguru bat ere bai, ezustekoren bat gertatzen bazen edo. Azkenean ostera, damutu eta bidai eguna baino hilabete lehenago ez nintzela joango esan eta dokumentazio osoa bidali nien agentzia eta aseguruari. Aurrez jarri nuen dirutik, ordea, erdia itzuli dit agentziak, eta aseguru etxeak, % 30. Iruditzen zait jarri dudan diru guztia eman behar didatela, eta horregatik, erreklamazio bat egin dut baina bidai-agentziak ez dit jaramonik egiten.
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen testu bateginak hauxe dio bidaia konbinatuen inguruan: kontsumitzaileak bertan behera utzi ahal izango ditu kontratatu dituen zerbitzuak eta jarritako dirua eskuratu ahal izango du, baina alderdi hauek aintzat hartuta, betiere:
-Bezeroak ordaindu beharko ditu kudeaketa gastuak eta bidaia bertan behera uzteak sortzen dituen gastuak. -Bidaiak balio duenaren % 5 galduko du bezeroak baldin eta bidaia eguna iritsi baino 10-15 egun lehenago jakinarazten badu bertan behera utzi nahi duela; 3-10 egun lehenago jakinarazten badu, % 15 galduko du, eta 48 ordu lehenago esaten badu, % 25. Bidaia eguna iritsi eta agertzen ez bada, eta aurrez jakinarazi ez badu, bidaia osoa ordaindu behar du bezeroak. -Bidaia konbinatuan baldintza ekonomiko berezi batzuk erabili badira zenbait zerbitzu kontratatzeko, bi aldeen artean adostuko beharko da nola aurre egin horiek bertan behera uzteak dakartzan gastuei.
Kasu honetan, ez duzu zertan galdu bidaiarako jarri duzun diru zati bat; bidaia bertan behera uzteak sortu dituen gastuak, ordea, zuk ordaindu behar dituzu. Baina hori egin baino lehen, kontratua irakurri behar zenuke, eta agentziari eskatu behar zenioke argitu dezala zein kalkulu egin dituen diruaren erdia kendu behar dizula ondorioztatzeko (dokumentu horiek idatziz bidaltzeko eskatu behar duzu). Aseguruak, bestalde, kontsumitzaileari ezarri dioten isuna oso-osorik hartzen du bere gain, polizan ageri den gehienezko kopururaino. Gaixotasun batek eragin badu bidaia bertan behera uztea, orduan % 20 gutxitzen dute isuna, ez bidaiak balio duena. Hala gertatu dela frogatuko bazenu, kalte-ordaina gorantz egokitzeko eskatuko zenioke aseguru etxeari. Kontsumitzailea Informatzeko Bulegoren batera ere jo dezakezu bi erreklamazioekin lagun zaitzaten, eta egoki ikusten bada, ahozko epaiketa eska dezakezu.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa