Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Krisiari aurre egiteko inbertsio funtsak: Seguru inbertitzeko

Jarritako kapitalari eustea da inbertitzaile zuhurrenen kezka nagusia gaur egun, eta errenta finkoa ematen duten produktuak bihurtu dira jende askoren begiko; sail horretan, hala ere, produktu guztiak ez dira seguruak eta arriskurik gabeak

  Inbertsio funts bat aukeratzea, itxuraz, oso erraza da, armairua ireki eta parean egokitu zaigun jertsea aukeratzea bezain erraza. Jertseetan ere, ordea, askotarikoak daude, eta neguan negukoa hartzea komeni den bezala, krisi garaian ere ongi aukeratzen jakin behar da, eta arriskua neurtzen, izoztuta geratu nahi ez badugu, behintzat. Eta inbertsio funtsen arloan hotz egiten du, hotz handia... Lehman Brothers-ek porrot egin du eta Madoff-ek, berriz, berebiziko iruzurra; ondorioz, ustez seguru-seguruak ziren zenbait funts guztiz koloka geratu dira.

  Azkenaldiko finantza gertaera negargarriek argi erakutsi dute arrisku gutxiko diruditen produktu guztiak ez direla hala, eta sekula baino hobeto neurtu behar dela zein komeni zaigun eta zein ez krisiari aurre egiteko. Finantza arloa bezala, inbertitzaile asko ere nora ezean dabiltza une hauetan; ez dakite dirua non jarri, eta bere buruari ere galdezka hasi da bat baino gehiago: geratzen ote da merkatuan inbertsio funts segururik?, egiaz aurki ote liteke arrisku gabeko funtsik?, zein funts motarekin babes litezke ondasunak krisi garaian? Une honetan, errentagarritasuna eta arriskua ongi-ongi neurtzea komeni da; bi aldagai horiek ongi bateratuta lor liteke eroso eta seguru sentitzea nor bere aukerarekin.

Jarritako kapitalari eutsi nahi dionak eta zerbait irabazi nahi duenak, gutxi bada ere, errenta finkoa ematen duten produktuak jarri behar ditu jomugan. Baina ez guztiak. Zerrenda bat egingo bagenu, arrisku gutxien daukatenetik gehien daukatenetara, hurrenkera honetan geratuko litzaizkiguke: diru funtsak, errenta finkoko funts bermatuak, Europako errenta finkoko funtsak (epe motzekoak eta luzekoak), eta kalitateko errenta finkoa ematen duten funtsak. Aitzitik, ez da komeni etekin handikotzat jotzen diren errenta finkoko funtsak hartzea ("high yield" izeneko horiek), ezta diru funts dinamikoak ere, kreditu-kalitate apaleko enpresen bonuetan inbertitzen duten horiek. Funts mistoak eta errenta aldakorra ematen dutenak ere ez dira egokiak krisi garairako.

Inbertsio funtsen industriak 6.000 produktu baino gehiago eskaintzen ditu egun, 6 milioi inbertitzaile baino gehiago ditu eta 165.655 milioi euroko kapitala kudeatzen du. Denetarik dago, beraz, zaku handi horretan, eta zenbait produkturi kalte egin dieten arren azkenaldiko gertaerek, ez da pentsatu behar kudeaketa-enpresa guztiak eta funts mota guztiak dabiltzala berdin. Orain ere badira kapitala babesten duten produktuak eta etekin pixka bat ematen dutenak. Baina, jakina, ongi aukeratzen jakin behar. Edozein urrats egin aurretik, garbi eduki behar dugu honako hau: errenta finkoa ematen duten produktu guztiak ez dira seguruak eta arriskurik gabeak. Horietako asko ez dira batere egokiak inbertitzaile kontserbadoreenentzat (kapitalari eutsi nahi diotenentzat, alegia).

Funts EGOKIAK

  1.-Diru funtsak: 2009. urtean etekin gutxi emango du produktu mota horrek, hala uste dute adituek. Interes tasak % 1eraino ere jaits daitezke Europan, eta, ondorioz, % 1eko edo 1,5eko errentagarritasuna eman dezakete diru funtsek. Etekin gutxi emango dutela pentsatuta ere, egokia da halakoak hartzea krisiari aurre egiteko. Inflazioa % 0,8 inguruan dagoela, diru funtsen alde egiten duen inbertitzaileak nekez galduko du erosteko ahalmenik.

Funtsen industrian, mota honetakoek eduki dute betidanik arrisku gutxien, eta etekinak eman izan dituzte, gainera. Errenta finkoko aktiboetan inbertitzen dute, oso epe motzera (hamabi hilabetetik beherako epemugarekin). Inbertsio Kolektiboetarako Erakundeen Elkarteak eman dituen datuen arabera, honako funts hauek soilik bukatu zuten 2008. urtea irabaziekin: diru funtsak, funts bermatuak, eta epe motz eta luzera errenta finkoa ematen dutenak.

Baina, zehazki zer ezaugarri eduki behar ditu diru funtsak? Urte honetarako, dirudienez, Europako zor publikoan -Espainiakoan, batik bat- inbertitzen duten diru funtsak izango dira seguruenak. Aukerarik onentsuenen artean, honako hauek daude: rating agentzien sailkapenean ongien kokatuta ageri diren gobernuen aktiboetan inbertitzen duten diru funtsak.

iaz errenta finkoko funts bermatuek % 3,28-ko irabaziak lortu zituzten, espainiako merkatuko emaitzarik hoberena

2. Funts bermatuak: Kapital guztia bermatzen dute funts mota hauek, eta horrexegatik erakartzen dituzte hainbeste inbertitzaile. Jendeak arriskurik hartu nahi ez duenean -horixe gertatzen da orain-, produktu hauekin erakarri nahi izaten dute kudeaketa-agentziek jendearen dirua. Kontu eduki beharra dago, hala ere, funts bermatu guztiak ez baitira seguru-seguruak. Gisa honetako produktu bat hartu aurretik, argi eduki behar dugu kapital osoa bermatuko digula, batzuek jarritako diruaren % 90 edo 95 soilik bermatzen dute eta. Argitu beharreko beste kontu bat ere badago funts bermatuekin: merkatuak dauden bezala egonik, zaila da etekinak ateratzea errenta aldakorra ematen duten funts bermatuei (burtsak egiten duenari lotzen diote horiek etekina). Egun, krisiari aurre egin nahi dioten inbertitzaileek errenta finkoa ematen duten funts bermatuak hautatzen dituzte, aldian aldiko irabaziak emango dizkietenak, merkatuaren bilakaeraren eta bestelako gorabeheren menpe egon gabe. Iazko urtean, errenta finkoko funts bermatuek % 3,28ko irabaziekin bukatu zuten urtea (Espainiako merkatuan horiexek eman zuten emaitzarik onena.

3. Errenta finkoko funtsak, epe motz eta luzekoak: Horiek ere ongi samar erantzuten dute krisi garaian. Epe motzeko errenta finkoa ematen duten funtsak hartu nahi dituenak, batez ere, gobernu-zorretan inbertitzen dutenak hautatu behar lituzke, zati bat enpresa kaudimendunen errenta finko pribatura bideratzen duten horiek. Dena dela, euroguneko aktiboetan inbertitzen duten funtsak izatea komeni da betiere. Ez da komeni beste herrialdeetako zorrekin aritzen diren funtsak hautatzea, interes tasen arriskuaz gain, beste bat ere izaten dute-eta horiek: aldaketa arriskua. Inbertsioa egiten den herrialdeko dirua jaisten bada, inbertsioa ere jaitsi egingo da

  2008. urtean, epe luzeko errenta finkoa ematen duten funtsek % 2,45eko irabaziekin amaitu zuten urtea Espainian, eta epe motzekoek, berriz, % 1,21eko irabaziekin. Nazioartean epe luzera eginiko inbertsioek, ordea, % 0,22ko galerak izan zituzten.

4. Kalitateko errenta finko pribatua ematen duten funtsak: Zor publikoaren etekinak gutxitu egin direnez, errenta finko pribatura jo dezakete arrisku gehixeago hartu nahi dutenek. Hala egin nahi izanez gero, kontu handiarekin aukeratu behar dute. Enpresa kaudimendunen zorretan inbertitzea, hori da gakoa, sektore seguru eta oinarrizkoetan (elektrizitate arloko enpresak, energia arlokoak, telekomunikazioetakoak), eta balantze egonkortuak dituztenetan. Gaur egun, gobernu-zorrek ematen duten errenta finkoaren gainetik daude funts mota hauek ematen dituztenak, eta, segur aski, halaxe jarraituko dute aurrerantzean ere, baina kalitateko errenta finkoek soilik. Ez genuke inbertitu behar, beraz, automobilgintza eta finantza alorreko enpresek jaulkitzen dituzten funtsetan.

Errenta finkoko funts DESEGOKIAK

Errenta finkoa eskaintzen duten funts guztiak seguruak direla uste izaten da, eta irabazi finkoak ematen dituztela (izenagatik edo), baina hori ez da horrela, inola ere. Errenta finkoko funtsek ere izan ditzakete galerak, eta kudeatzaileak ez badu zorroa mugitzen merkatuak eskaintzen dituen baldintzen arabera, horixe gertatuko da, dirua galtzea. Errenta finkoko aktiboen balioa ere igo eta jaitsi ibiltzen da (aldagai jakin batzuek agintzen dute hor ere): interes tasak, eskaria, ekonomiaren eta enpresen unean uneko egoera... Egun, adibidez, ez da komeni diru funts dinamikoetan inbertitzea. Haizeak alde jotzen duen garaian, diru funts peto-petoek baino irabazi gehiago ematen dituzte, baina gauzak okertzen direnean, galerak uzten dituzte. Izan ere, kreditu-kalitate gutxiko enpresen edo gobernuen aktiboetan inbertitzen dute diru zati bat, zabor aktibo deitzen diren horietan. Enpresek ordainketak eteteko arrisku handia dago egun, eta, beraz, funts horiek baztertzea komeni da. Aktibo kutsagarri horietan zati txiki-txiki bat sartuta ere, enpresak porrot egiten badu, eragin nabarmena izango du horrek gure irabazietan.

  Antzeko zerbait gertatzen da high yield izeneko funtsekin ere (etekin handiko jotzen diren funtsak dira, errenta finkokoak); kreditu-kalitate gutxiko enpresen bonuetan edo zalantzak sortzen dituzten enpresenetan inbertitzen dute dirua. Enpresaren batek porrot egiten badu, irabaziek ere hondoa jotzen dute. Urte honetarako, % 8ko errentagarritasuna eskaintzen dute, batez beste. Arriskua, ordea, oso handia da, eta ez dira produkturik egokienak inbertitzaile zuhurrentzat.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto