Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

RSS jarioak: Sareko informazioa ihesi ez joateko

RSS jarioak erabilita, denbora gutxi behar izaten da web orriek zer berritu duten jakiteko

  Bi modu daude web orri batek zer eduki dituen ikusteko. Ohikoena izaten da orri bakoitzean behin eta berriz sartzea eta ikustea ea edukiak eguneratu dituzten. Irakurleak maiz-maiz joan behar izaten du jakingarri zaizkion web orrietara, eta han bilatu behar izaten ditu eduki eta informazio berriak edo beste internauta batzuek egindako azken ekarpenak. Prozesu mantsoa da, eta aspergarri samarra behin eta berriz egiteko: helbide-barran nora joan nahi dugun idatzi edo laster-marketan klik egin behar da lehenik, eta jarraian, orrian aurrera eta atzera ibili beharra dago, bat hautatu eta bestea bereizi, zerbait berria non ikusiko. Askotan, gainera, alferreko bidaia izaten da, deus berririk ez dugulako aurkituko azkeneko aldiz begiratu dugunetik.

Beste sistema bat ere bada gaur egun hori egiteko, nahiz eta jende gutxiagok erabiltzen duen (egunetik egunera ugaritzen ari dira horiek ere). 'RSS jarioak' erabiltzen dituen sistema da, eta horri esker, zerbait berritu ahala jakin dezakegu guk, informazioa guganaino etorriko baita (pizza bat eskatu eta etxera ekartzen digutenean bezala). Nabigatzaileak erabiltzen duen protokoloaren alderantzizkoa erabiliz funtzionatzen dute RSS jarioek, eta erabiltzailearen idazmahairaino iristen dira berrikuntzak, edo berak nahi duen web orriraino, eguneratzen ibili beharrik gabe. Jatorrizko gunetik abiatu, eta guk nahi dugun tokiraino iritsiko zaizkigu. 'RSS jarioak' deitzen zaie horiei, edo 'feed RSS' edo 'edukien sindikazioa'.

Abisu-kode bat, horixe da RSS jarioa; informazio jakin bat edo web orri bat eguneratzen dutenean, horren abisua ematen du. Beraz, kode hori programa batean txertatzen badugu, aldaketaren bat gertatzen den bakoitzean, jakinarazi egingo zaigu; CONSUMER EROSKI-ren web orrian albiste bat gehitu dutela Teknologia Berrien atalean, edo blog jakin batean testu berri bat argitaratu dutela, horren berri iritsiko zaigu. Gehienetan, informazioaren zati bat iristen da (goiburua eta testu zati bat), baina batzuetan, informazio guztia ekartzen du jarioak, irudi eta guzti (halakorik baldin badu), eta bideoak ere ekar ditzake. 'Feed osoak' deitzen zaie horiei, eta erosoak dira erabiltzaileontzat: 'feed' irakurgailutik atera gabe, hainbat eta hainbat berri irakurri ahal izango ditugu (web orrian dagoen bezala ez dugu ikusiko, hori ez, diseinua galdu egiten baita).

Zer abantaila eskaintzen dizkio erabiltzaileari?

  RSS jario horiei esker, indar gutxiago jarri behar dugu bilaketa lanetan; ez dugu helbidea idatzi beharrik eta berritasunen bila ibili beharrik (zenbait web orriren diseinu kaskarrak asko zailtzen du, gainera, lan hori). Horrez gain, denborari etekin gehiago atera ahal izango diogu: berritu dena soilik irakurriko dugu, zer eguneratu den eta zer ez bilatzen jardun beharrik gabe. Feed sistemarekin, guk hautatzen dugun lekura iritsiko zaigu informazioa, eta goiburuka antolatuta agertuko zaigu, errazago ikusi eta hautatu ahal izateko. Beste abantaila bat ere badu: ez dugu etengabe erne egon beharrik jakingarri zaigun informazioari zerbait berritu edo erantsi dioten jakiteko; programak berak kudeatzen ditu RSS jarioak, eta abisua emango digu aldaketaren bat gertatzen den bakoitzean.

RSS jario multzo bat kontrolatu ahal izateko eta Interneten zer gertatzen den jakin ahal izateko, jario horiek guztiak banan-banan bildu beharra dago aurrez, eta kudeatuko dituen programari gehitu behar zaizkio. 'RSS irakurgailuak' edo 'RSS gehitzaileak' esaten zaie programa horiei. Programa horiek erabiltzaileari eskatzen diote idatz dezala zein RSS helbidetatik ekarri behar duten informazioa. Helbide horren bitartez lotuko zaizkio elkarri irakurgailua eta webgunea, eta horrelaxe jakin ahal izango du programak zer berritasun dagoen.

Nola bilatu gure gustuko 'feed'-a?

Interesatzen zaigun web orrian lortu behar izaten da RSS helbidea, baina hori ezin izango dugu egin sortzaileek ez badute txertatu RSS jarioen zerbitzua. Zerbitzu hori baduen edo ez jakiteko, ikur edo logotipo bat bilatu behar da: koadrotxo laranja bat izaten da, barruan marra zuriak dituena zeharka jarriak; beste batzuetan, laukizuzen laranja bat izaten da, barruan RSS letrak dituena. Logotipoaren gainean klik egin, eta hantxe agertuko zaigu RSS helbideen zerrenda.

Webgune txikia bada, segur aski helbide bakarra agertuko da eduki guztientzat. Baina gune osatuago eta handiagoetan, helbide bat baino gehiago ikusiko ditugu, gaika antolatuak. Blog batek, adibidez, helbide bakarra izango du, eta sareko egunkari batek, berriz, 30 helbide ere izan ditzake, CONSUMER EROSKI-renak, esaterako. Zenbait gunek, berriz, aukera ematen dute nork bere RSS helbidea sor dezan, neurri-neurrira egina, pasahitzak erabiliz. Modu horretan, termino jakin batzuk erabiltzen dituzten albiste berriak soilik iritsiko zaizkio.

Behin helbidea lortu ondoren, kopiatu eta itsatsi egin behar da RSS irakurgailuak horretarako eskaintzen duen lekuan. Jarraian harpidetza egiteko tekla sakatu, eta web orriko titularrak erakutsiko dizkigu programak. Hortik aurrera, nahi dugunean eguneratu ditzakegu RSS jarioak (eskuz jar dezakegu zein maiztasunekin eguneratzea nahi dugun). Zerbait berria badago, goiburu-lerro berrietan agertuko zaigu.

RSSak irakurtzeko programak

Bi motatakoak dira RSSak irakurtzen dituzten programak: batzuek ordenagailuaren idazmahaian funtzionatzen dute (Internetetik ekarri behar dira eta beste edozein programa bezala instalatu); beste batzuk, berriz, web irakurgailuak dira (jarioak kudeatzen dituen zerbitzuak eskaintzen dituen webguneak). Lehen sailekoen artean, honako hauek nabarmenduko genituzke: Thunderbird, GreatNews eta NewsGator (azken hori Microsoft-en OutLook posta-zerbitzuarekin ibili ohi da). Web orrietatik funtzionatzen duten irakurgailuekin alderatuta, desabantaila handi samarra dute programa horiek: gure ordenagailuan ari garenean soilik irakur ditzakegu feed-ak, eta hori oztopo izan daiteke. Horregatik, jendea uzten ari zaio horiek erabiltzeari.

RSSak web orri bidez kudeatzen dituzten zerbitzuak, aldiz, edozein ordenagailutatik erabil daitezke, Interneten baitaude; horrez gain, beste abantaila batzuk ere badituzte, eta hau izan liteke aipagarriena: RSS jarioak modu batean baino gehiagotan erakusteko aukera ematen dute, ez soilik goiburu-lerroetan antolatuta. Zerbitzu guztien artetik, Netvibes eta Google Reader bereiziko genituzke guk. Azken hori Google bilatzaileak duen tresna-eskaintzaren barruan dago, eta RSS jarioak oso modu azkar eta eraginkorrean kudeatzen ditu; gainera, jario berriak modu automatikoan txertatzeko aukera ematen du, eta horrek asko sinpletzen du RSS helbideak kopiatu eta itsasteko prozesua. Eta beste aukera oso erabilgarri bat ere eskaintzen du sistema horrek: erabiltzaileari zer gustatzen zaion aintzat hartuta, antzeko albisteak dituzten guneen berri ematen du.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto