Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Mario De La Mano, "El escarabajo verde" telebista saioko zuzendaria: "Mundu guztia dabil aho bete ekologia"

 Prentsa idatzian eta irratian aritu izan da lanean, baina telebistaz hitz egitea maite du gehien. 'El escarabajo verde' telebista programaren zuzendari ari da egun, Espainiako telebista kateek ingurumenari eskaintzen dioten telebista programa bakarrean. Zuzendari izatera iritsi aurretik, noizbehinkako lantxoak eginez hasi zen programarako, gaur hau eta bihar hura, eta egun ere ez da zuzendari soil: erredakzio lanetan eta erreportajeetan ere parte hartzen du. Haren ustez, dokumentalak ezin dira egin mahai baten atzetik, "kalera irten behar duzu, eta zerorrek bizi". Gauzak ongi egiten ari diren seinale, Doñana saria eman diete berriki, Garapen Iraunkorraren aldekoa, Internet alorrean CONSUMER EROSKI-k jaso zuen sari berbera.

Urte asko daramatza zuen programak telebistan, hamabi denboraldi eta hamairugarrenerako bidean. Ez al duzue beldurrik haize txarren batek eramango ote zaituzten?

Hamahiru urte daramatzagu, eta horrek oso zahar egiten gaitu... hego haizea bera bezain zahar ia! Gure kateko programarik zaharrenetakoa gara, eta badugu gure meritutxoa, bai, are gehiago ingurumenari buruzko programa izanda. Beti bigarren mailan uzten dute, izan ere.

Albistegietan tokirik ez duten gaiak jorratzen dituzue.

Gure programak ez ditu lantzen gaurkotasun bete-betea duten gaiak. Zenbaitetan landu ditugu horiek ere, Prestige ontziak eragin zuen hondamendia, adibidez. Hori izan da salbuespenik argiena. Derrigorrez joan beharra geneukan hara, eta berehala emateko erreportaje bat egin. Kontua ez da, hala ere, gaurkotasuneko gaiak ez ditugula lantzen; kontua da gaiei gogoeta kutsua erantsi nahi izaten diegula. Ez gaude gaien mende, eta ez dugu izaten hurrengo asterako gai bat edo beste derrigorrez landu beharra. Tirania horretatik libre gaude.

Zerbitzu publikoa ematea da zuen asmoetako bat?

Informazio mota hau emateko ahalbideak, eta are betebeharra ere, inork izatekotan, kate publikoek daukate. Nekez ikusiko duzu 'Callejero'-en edo Tele5 eta Antena3ko erreportaje-programetan Courelgo mendietara joan direla, eta erakutsi dutela zer arazo daukan hango jendeak arbel harrobi batekin, mendia jaten ari zaielako... Kate horiek gaiari ez badiote horirik ikusten, nekez joango dira erreportaje bat egitera. Gu ez gaude ikus-entzule kopuruaren mende, a priori, jakina, telebistan beti baitzaude. Beti zaude hari mutur batetik zintzilik, beti esan ahal dizute, "hi, txikito, programa hau ez zoak". Gure neurgailua, hala ere, bestelakoa da. Programazio arduradunek zera nahi dute, gure 'share'-a (telebista ikusten ari direnen artean zenbat ikusten gaituzten) onargarria izan dadila, katearen gainetik ibil dadila, horixe besterik ez.

Hondamendi bat gertatzen denean soilik hitz egiten ote da ingurumenaz?

Bai. Kate pribatuek ez diete tokirik egiten era horretako gaiei eguneroko lanean, baina hondamendi bat gertatzen denean, orduan bai. Eta nola, gainera! Itsasertzetako Legeari buruz hizketan hasiko zaizkizu, adibidez, baina zer erakusteko?, zein ikuspegirekin? Ikuskizuna bilatzen dute, drama, gaiak non duen morboa, han sartzen dute kamera, beha-tza eta behar den guztia. Guk sekula ere diegu heltzen gaiei ikuspegi horretatik.

Zuen programa igandeetan ematen dute, mezaren ondotik. Zergatik hori, fede handia behar delako, akaso, horrelako programa bat egiteko?

Programa sustatu zuten kideek hemen egiten zuten lan (Espainiako Telebistak Katalunian duen Egoitzan), albistegietan. Ikusten zuten albiste asko oihartzunik gabe geratzen zirela, isilduta, ingurumenarekin lotutako gaiak eta... Iruditzen zitzaien bazegoela aukera horiei leku bat egiteko, eta horrela sortu zuten programaren ernamuina. Hala moduzko erantzuna eman zieten arduradunek: "Beno, programa bat egingo dugu hamahiru ataletan, baina zuek ez hartu lan handi-handirik ere...". Haiek, ordea, gogotik ekin zioten lanari, gaiak jorratzen hasi ziren, tresnak eskatzen, hara eta hona mugitzen, eta ikus-entzule mota bat harrapatu zuten, gisa horretako gaien zain zegoen jendea.

Zer dira, kazetariak eta ekologistak?

Gurea ez da ekologisten programa bat, ezta ekologismoari buruzkoa ere bete-betean. Gure jarrera eta eguneroko jarduna gertuago dago ekologistek izan ditzaketen jarreretatik, eta ez hainbeste enpresa edo administrazio jakin batek izan ditzakeenetatik, baina ez gara ekologistak; hala bagina, hasi orduko adierazi beharko genuke zeren alde gauden eta zeren aurka. Gai guztiak objektibotasunez jorratzen ahalegintzen gara, nahiz eta ekologistengandik hurbil gauden, guretzat, askotan eta askotan, haiek direlako informazioa lortzeko iturri. Haiek edo, bestela, etxejabe elkarteak... eta elkarte horiek ez dute zertan ekologistak izan, baina gerta daiteke ingurumenari lotuta dagoen arazoren bat sortzea. Arazoaren aurrean antolatu, plataforma bat sortu, eta mezu elektroniko bat bidaltzen digute: "Aizue, arazo bat sortu zaigu...".

Animaliak eta paisaiak baino zerbait gehiago da ingurumena...

Ingurumena estu-estu lotuta dago per-tsonei eta haien inguruari. Guk antropologo lanak ere egin behar izaten ditugu batzuetan. Oraintxe bertan, Andaluziara joan gara erreportaje bat egitera, erakutsi nahi dugulako zer bizimodu duten leizeetan bizi diren jendeek. Gu beti saiatzen gara pertsona bakoitzaren bizipen berezietara iristen. Dokumentalaren bidez, egoera bat ateratzen dugu argitara, eta saiatzen gara egoera hori beste pertsona batzuekin bizitzen eta parteka-tzen. Hori da gure ahalegina.

"Nik baietz uste dutenetakoa naiz, klima aldaketa gertatzen ari dela. Dauzkagun baino mundu gehiago kontsumitzen ditugu, eta horrek sortu du arazoa"

Kontserbazionisten borroka zer da, Daviden eta Goliaten artekoa bezalakoa?

Gure gizartea bitarikoa da: jarrera desarrollistak daude batetik eta kontserbazionistak bestetik, elkarren aurrez aurre. Bi horien arteko gatazka eta tirabirak Espainiako leku askotan aurkituko dituzu. Eskualde bat gainbehera doala, eta norbaiti bururatzen zaio industria bat eraiki behar dela han, zeren ez badute, adibidez, findegi bat jartzen, jendeak hirira egingo baitu hanka. Ikatz meategi bat Leonen, arbel harrobi bat Cuorelen, nonahi badituzu horrelakoak. Arazoak itxura bertsua hartzen du leku guztietan: planteamendu ekonomizista eta planteamendu kontserbazionista elkarren aurka, eta kontserbazionistak indar eta baliabide gutxiagorekin askotan eta askotan. Ez dezagun ahaztu kontserbazionismoa, egiaz, oso jende gutxiri axola zaiola.

Gehitxo betetzen ote dugu ahoa ekologia hitzarekin?

Nik askotan ohartarazi dut hipokrisia handia dagoela. Mundu guztia dabil ahoa bete ekologia. Baina ikusten duzu Amazonasko oihanean tribu indigenek gero eta leku gutxiago dutela, zergatik eta egurketariek etanola ekoizten dutelako bioerregaiak egiteko. Lur sailak suntsitzen dituzte faktoriak eraikitzeko. Beharrezkoa da hori? Hori iraunkorragoa izango da, adibidez, dagoen-dagoenean uztea baino?

Kolore askotako informazioa dago: beltza, horia, arrosa... berdea gutxitxo, aukeran?

Berdetik dago gutxien. Baina ez soilik halako egunkaritan lekurik egiten ez diotelako; pertsonen artean ere berdeak hartzen du leku gutxien. Edukiontzi bat jartzen badidate ontziak gaika sailkatzeko, agian egingo dut, baina gauzak erraz-erraz jarri niri, e... zeren hiru kale harago joan behar badut, ez bainaiz joango. Egiaz, oso jende gutxiri interesa-tzen zaio. Salbu eta zuzenean eragiten digunean. Orduan, guztiok bihurtzen gara ekologista, kontserbazionista eta behar dena.

"Ingurumena estu-estu lotuta dago pertsonei eta haien inguruari. Guk antropologo lanak ere egin behar izaten ditugu batzuetan"

Oreka zaila da hori.

Nahasmen pixka batekin bizi gara. Parke nazionalak nahi ditugu. Hor ditugu Europako Mendiak. Eremu izugarri handia da, eta udan Eurodisney ematen du. Nolako parke nazionalak egiten ari gara? Indioen erreserben modukoak, inor sar ez dadin? Parke tematikoak dira, jendeak gozatu dezan? Ehiztariek esaten dute, "ez, gu gara kontserbazionistarik handienak", abeltzain eta laborariek, berriz, "gu egongo ez bagina, natura aspaldi desagertu izango zen", eta, jakina, kontserbazionistek ere etxe-alde egiten dute. Gure lana zera izaten da, ezkutuan zegoen arazo bat argitara ateratzea, agian beharrezkoa izaten delako jendeak ikus dezan, administrazioek gehiegikeria asko egiten baitituzte.

Zuen lana, beraz, salatzea da?

Gu ez gara joaten Ramboren zinta buruan jarrita, ezker-eskuin labana astinduz. Gu joaten gara ikustera ez zer azaldu nahi diguten batzuek eta besteek, bakoitzak bere argudioekin. Beti objektibotasunez. Prestige-ren kasuan izan ezik, orduan gogor egin ziguten presio. Azkenean, guk nahi bezala atera zen gaia... ez zuten nahi marea beltza aipatzerik ere, baina guk egin genuen gure erreportajea, eta 'Marea da morte' izenarekin eman genuen. Alde guztiek esaten digutena entzuten dugu, eta zer dagoen egiaztatzen dugu. Eta beti gauza bertsua ikusten dugu: gezur batean bizi garela, guztiok sinesten dugun gezur batean. Zuk orain ikusten duzu iragarki bat telebistan, eta esango dizute halako auto dela guztietan ekologikoena, eta, segur aski, ez du deus ere edukiko ekologikotik.

Moda bihurtu da norbera 'berde' agertzea?

Moda bihurtu da, bai. Courel-en bazen arbel harrobi bat zuen enpresa bat, eta hondakinez tapatuta zeukan ibai baten ohea. Haren web orriak esaten zuen Iraunkortasuna eta Ingurumena zela haien leloa. Inor baino iraunkorrago eta kontserbazionistago agertzen ziren. Gezur bat bizi dugu, eta sinetsi egiten dugu.

"Guk zaborrari buruz hitz egin behar izaten dugu naturatik. Zaborrari buruz hitz egitea egokitzen zaigu, eta era guztietako zabortegietan barneratzea"

Zergatik ez dakigu bereizten zer den publizitatea eta zer diren ekintzak?

Eta batzuetan zergatik gustatzen zaigu gezurrean goxo egotea? Nahiko arazo badu krisiarekin, honekin, harekin... zertan hasi orain gauza gehiagorekin kezkatzen.

Klima aldaketarik baden ere ez dakigu.

Nik baietz uste dutenetakoa naiz, klima aldaketa gertatzen ari dela. Dauzkagun baino mundu gehiago kontsumitzen ditugu, eta horrek sortu du arazoa.

Hainbeste eslogan hutsen artean, zerbait egin ote dezakete kontsumitzaileek ingurumenaren alde?

Badago aukera. Altzari bat erosten baduzu, zuraren kontua arautua dago. Jatorrizko ziurtagiria duen zura izan behar du. Zaila da, hala ere. Petroliotik etorritako produktuz inguratuta gaude. Gauza txikiak egin ditzakegu: joan-etorriak bizikletan egin, garraiobide publikoak erabili, autoa zernahitarako ez hartu.

Munduan hedatu den krisia aukera ona izan ote liteke mundu iraunkorrago bat egiteko?

Ikusi egin beharko da hori, baina Espainian, adibidez, Ingurumen Ministerioari gastua murriztea izan da lehen urratsa. Norbaitek esango balu hainbat langile dituen planta bat itxi beharra dagoela ingurumenari kalte egiten diolako, ez zuketen berehalakoan onartuko.

Espainia zenbateraino da 'berde'?

Oraindik ere atzetik gabiltza. Lehengoan albaitari batekin aritu nintzen hizketan, bioetika kasuetan espezializatua dago bera, eta esaten zidan zenbait familiak txakurra kentzen dutela, zergatik eta maleta guztiak ez zaizkielako autoan sartzen txakurra barruan dela. Politikari talde sendorik ere ez dago interes horien alde egiteko, Alemaniako berdeek edo beste batzuek egin ohi duten bezala. Arlo horretan dugun ordezkaritza ezin da lehiatu alderdi politiko handienekin. Ingurumenaren iraunkortasunarekin kezkatuta dagoen jendeak, nire ustez, beste leku batzuetara jotzen du ordezkaritza hori hartzera, elkarte kontserbazionistetara, hain zuzen.

Inguru hurbilaren alde egitea izan liteke lehen urratsa?

Agian gehiegi izan liteke gauza guztiekin kezkatzea, baina saiatu zaitezke gauza jakin baten alde. Sai beltza berriz ere Mallorcako zeruan ager dadin, adibidez. Ez du zertan izan munduko beste muturrean balea australa salbatzea. Zure etxe ondoan egin dezakezu.

Erreportajeak egiteko beste modu batzuk indartu dira telebistan, eta zu nahiko kritikoa zara horiekin.

Orain boladan dago kazetaria mini DVarekin joatea, ni naiz begia eta hau da nire kamera, eta horrela grabatzen dute. Egia hori balitz bezala erakusten dute, baina guztiz faltsua da, gezurra, eta, gainera, aurrez prestatua.

Telenaturarekin egiten duzue telezaborraren aurka.

  Guk zaborrari buruz hitz egin behar izaten dugu naturatik. Zaborrari buruz hitz egitea egokitzen zaigu, eta era guztietako zabortegietan barneratzea. Egungo erreportaje-programetan, badirudi besteren bizitzan muturra sartzea dela formula, ahalik eta modu zakarrenean sartu eta bakoitzari bere drama pertsonala kontaraztea. Egungo tesiek horien alde egiten duten arren, gure lan taldeko inork ez du bat egiten lan-molde horrekin. Guk ez dugu inor behartzen, guk soilik aukera ematen diegu esateko dutena konta dezaten.

Zer behar du erreportaje on batek?

Kazetariok guztia dugu ikasteko, eta ezer gutxi erakusteko. Guri azaldu digutena besteei azaltzea, hori da gure lanbidea. Garrantzitsuena zera da, aurrez ongi bereiztea zeinek azalduko dizun ongi gauza bat. Jarrerak, ideiak beti elkarren aurrez aurre jarri behar dira. Eta kontua argi duzunean, historia on bat eraiki. Horixe du telebistak, etengabe aritu behar duzu jendeari amua jartzen, bestela katea aldatuko dute. Film bat kontatu behar da, eta horretarako, eskema hau da onena: planteamendua, korapiloa eta amaiera.

Zein bide hartuko du orain "El escarabajo verde" programak?

Saiatu nahi dugu gai gatazkatsuagoak eta sozialagoak lantzen. Nahiago izango dugu Itsasertzetako Legeaz edo transgenikoez hitz egin, eta ez medikuntza naturaleko denda bati buruz. Onartuz, hala ere, gu ez garela BBC, National Geographic, Discovery Channel, eta aurrez mugatuta daukagula zer tresna eta zer denbora dugun gaiak filmatzeko.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto