Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Aho-garbitzekoak, alkoholdun eta mentoldunak: Garestiena gustatu zaie gutxien kontsumitzaileei

Hortzak eskuilarekin garbitu eta gero erabiltzekoak dira aho-garbitzekoak, eta ez eskuilaren ordezkoak. Fluor gehien dutenak erabiltzea komeni da

  Ahoa garbi edukitzea osasuna da, gaitz asko saihesteko modua. Bakterio-plakari aurre egiteko, ahoa garbitu beharra dago, bestela hortzen oinarrian pilatuko zaizkigu bakterioak (sarroa); gainera, txantxarrik ez sortzeko eta gaixotasun periodontala ez agertzeko ere, oso lagungarria da ahoa garbitzea. Txantxarra sortzen da azidoak metatu eta esmaltea suntsitzen dutelako, eta gaixotasun periodontala dutenei, berriz, hortzoiak atzeratu egiten zaizkie, eta hortzari eusten dion hezurra ahuldu egiten da. Hortzak eskuilaz garbitzea izaten da onena, baina aho-garbitzeko likidoek ere laguntzen dute ahoa garbi eta osasuntsu edukitzen, bakterioen aurkakoak baitira. Aho-garbitzeko horiek urtsuak edo hidroalkoholdunak dira, eta hortzetako pastek izaten dituzten osagaien antzekoak erabiltzen dituzte.

CONSUMER EROSKI-k zazpi aho-garbitzeko aztertu ditu, alkoholdunak eta mentoldunak. Merkeenak, Kemphor etxekoak, 7,77 balio izan du (litroak), eta garestienak, Oraldine etxekoak, 19,75 euro. Ekoizle batzuek kosmetiko gisa saltzen dituzte (halaxe adierazten dute Oral-B, Colgate Plax, Sensodyne eta Kemphor etxeek etiketan), eta besteak, antiseptiko direla esaten dutenak, hortz-produktu bezala saltzen dira (Oraldine, Listerine eta Licor del Polo). Bigarren kasuan, osasun-erregistroko zenbakia ageri dute eta Espainiako Sendagaien Agentziaren kontrolak pasa dituzte, benetan esandako osagai aktiboak dituztela bermatzeko. Guztiak produktu alkoholdunak izaki, egokia iruditu zaigu horietako batzuek etiketan egin duten oharra: alegia, ez dela komeni sei urtetik beherako haurrek erabil ditzaten. Kemphor eta Oraldine etxeetakoek, ordea, ez dute ageri halako oharrik etiketan, eta hori aintzat hartu dugu. Listerine etxekoak, besteek ez bezala, tapoi berezia du haurrek ireki ez dezaten, eta horrexegatik, hori iruditu zaigu ontzirik egokiena. Kalitate-prezioetan, Oral-B etxekoak eman du emaitzarik onena gure azterketan; kontsumitzaileei horixe gustatu zaie gehien, fluor gehien daukanetakoa da eta ez diogu antzeman alergenorik osagaien artean.

Fluorra eta bestelako osagai aktiboak

  Hortz-produktu eta aho-garbitzeko gehienek fluorra eduki ohi dute osagaien artean, ongi frogatuta baitago eraginkorra dela txantxarrari aurre egiteko: hortzetako esmaltea indartzen du, eta hobeki erantzuten die bakterio-plakak sortzen dituen azidoei. Fluorra, hala ere, ez da nolanahi hartzekoa, eta sei urtetik beherako haurretan, adibidez, orbanak sor ditzake hortzetan gehiegi hartuz gero (fluorosia); hori dela eta, bereziki haurrentzat prestatuta dauden aho-garbitzekoak eta pastak erabiltzea komeni da (1.500 fluor zati baino gutxiago dituztenak, milioi bakoitzeko). Guk aztertu ditugun zazpiek fluor kopuru egokia daukate (Oraldine eta Listerine etxekoek ez dute fluorrik). Oral-B etxekoak du gehien, 250 fluor zati milioi bakoitzeko, eta, ondorioz, horixe bera da egokiena txantxarrari aurre egiteko. Fluorraz gain, beste osagai aktibo batzuk ere badituzte aho-garbitzeko gehienek (Sensodyne eta Lysterine ez beste guztiek), eragin antiseptikoa duten osagaiak: klorhexidina (Licor del Polo), Zetilpiridinio Kloruroa (Oral-B, Colgate Plax eta Kemphor) eta Hexetidina (Oraldine). Bakterio-plakaren aurka egiten dute osagai horiek guztiek, baina nahi gabeko ondorioak ere eragin ditzakete zenbaitetan: hortzoietako ondoeza, ultzerazioak, dastamen-gal-tzea edo hortzak tindatzea (dentistak garbiketa eginda desagertzen da). Zazpi produktuak mentoldunak dira, baina Listerine eta Colgate etxeetakoek soilik ageri dute mentola osagaien zerrendan; hori jakinda, gainerako guztiek ere edukiko dute, eta, segur aski, lurrina terminoaren barruan ezkutatu izango dute.

Ahoko pH-a neutralizatzen laguntzen dute

Ura, alkohola eta osagai aktiboak. Hori da, nagusiki, aho-garbitzekoen formula. Bakoitzak zenbat osagai aktibo dituen jakiteko (eta, beraz, zein ekoizpen-kostu), estraktu lehorra aztertuz egin behar da. Eta estraktu lehorra lortzeko, 105 ºC-ko tenperaturan lurrundu ditugu guztiak. Proba horretan ikusi ahal izan dugunez, Listerine etxekoak du estraktu lehor gehien (% 13,9), eta Oraldine etxekoak gutxien (% 0,8 soilik dauka, eta gainerako % 99 osagai lurrunkorrak dira). Emaitza horiek argi erakusten dute ura dutela osagai nagusia. Beraz, diluitu gabe datozen aho-garbitzekoak hautatuko bagenitu, eta garraiatzeko arinagoak eta txikiagoak direnak, CO2 isuriak gutxitzeko modu ona izango litzateke.

Aho-garbitzekoen pH-a ere aintzat hartu dugu gure azterketan, aho barrunbeko pH-ra zenbat hurbiltzen diren jakiteko (zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta egokiagotzat jotzen dira). Ahoko pH-a 7 inguruan dabil (5,5etik behera, hortzen esmaltea desmineralizatu egiten da, eta hondatzen hasten da). Guk aztertu ditugun guztien artetik, Licor del Polo etxekoa izango litzateke egokiena, 6,6ko pH-a baitu; ahoko pH neutrotik gehien urruntzen dena, berriz, Listerine etxekoa izan da (4,4), eta, beraz, horixe litzateke desegokiena atal horretan. Aho-garbitzeko gehienak azidoak izaten dira, eta horregatik, eskuilarekin garbitu eta berehala erabili behar dira, une horretan zertxobait alkalinoa izaten baita ahoko pH-a, eta garbigarriek orekatu egin dezakete.

Alkoholarekin kontuz

Aho-garbitzeko guztiak hidroalkoholdunak dira, eta etanola daukate (batzuek gehiago besteek baino). Listerine etxekoak, adibidez, % 17 dauka, eta batez bestekoaren oso gainetik dabil (% 8). Alkoholak disolbatu egiten ditu osagai aktiboak, eta antiseptiko eta kontserbagarri bezala ere balio du. Bestalde, eragin erregarria ere badu, aho barrunbeko ehunak suntsitzen ditu, eta kopuru handian hartuz gero, ahoko mina ere sor dezake. Haurrentzat oso kaltegarria izan daiteke, eta zenbait gaixotasun dauzkatenentzat ere bai: mukositia dutenentzat (ahoko mukosak handituta), pertsona immunokonprometituentzat (defen-tsa sisteman arazoak dituztenak) edo buruan zein saman erradiazioa jasan dutenentzat.

Aho-garbitzeko guztiek dauzkate alergenoak, baina legeak ezartzen duen mugaren azpitik (% 0,01 edo ehun zati milioiko). Guztietan aurkitu dugu d-limonenoa, baina Sensodyne etxekoak linalola ere badu; Colgate Plax-ek zinamala eta eugenola dauzka, eta Kemphor etxekoak, berriz, zerrendatu ditugun guztiak (horrek eduki du alergeno gehien). Oral-B etxekoari, aldiz, ez diogu antzeman horietako bat bera ere.

Kontsumitzaileei Oral-B gustatu zaie

Laborategian egin dugun azterketa osatzeko, 30 kontsumitzaileren esku jarri ditugu aho-garbitzeko guztiak, eta hiru egunez jarraian erabil ditzatela eskatu. Horren ondotik, beren iritzia eskatu diegu zenbait alderdiren inguruan: kolorea, usaina, zaporea, aho-freskotasun eta garbitasun sentipena, eta freskotasun ukituaren iraupena. Oral-B-k lortu ditu emaitzarik onenak alderdi guztietan, eta guztira 6,5 puntu eman dizkiete kontsumitzaileek. Sensodyne eta Licor del Polo etxeetakoek ere emaitza ona lortu dute (6,3 eta 6,2 puntu, hurrenez hurren), eta puntu gutxien, berriz, Listerine eta Oraldine etxeetakoei eman dizkiete (5,1 biei ere).

Ahoa nola garbitu jakiteko aholkuak

  • Egunean hirutan garbitu behar dira, gutxienez, hortzak eskuilaz, eta ez da utzi behar hamabost minutu baino gehiago pasatzen bazkaltzen bukatu eta hortzak garbitu arte.
  • Goiko eta beheko hortzak kanpotik eta barrutik garbitu behar dira; eskuila 45º makurrarazi hortzoiaren ertzean, eta aurrerantz eraman, indar pixka bat eginez gainean. Haginetan, eskuilarekin atzeranzko mugimendu motzak eginez garbitzen dira murtxikatzeko erabiltzen diren gainazalak, eta haginak berak, berriz, mugimendu zirkularrak eginez.
  • Hortzen artean geratzen diren jaki hondarra eta bakterioak kentzeko, hor-tzetako haria erabili. Hortzek dituzten bihurguneei jarraitu behar zaie, eta haria poliki-poliki mugitu gorantz eta beherantz, hortzoietan minik egin gabe.
  • Mingainak zimur asko ditu, eta bakterio-plaka ugari geratzen dira zimur horietan; horregatik, barrutik kanporantz pasatu behar da eskuila, sarrorik ez sortzeko eta halitosiari aurre egiteko.
  • Azukrea neurrian jan behar da, eta gogoan hartu behar da tabakoak kalte egiten diola aho osasunari.
  • Urtean behin, gutxienez, joan behar da dentistarengana, eta haren esanei jaramon egin behar zaie. Haurrak bi urte egiten dituztenean has daitezke harengana joaten.
  • Haurra jaio eta lehen sei hilabeteetan, komeni da gaza heze batekin garbi-tzea hortzak edo hortzoiak biberoia hartu ondoren edo zerbait jan ondoren. Hortik aurrera, eta sei urte egin arte, eskuila leun bat erabiltzea komeni da, eta hortzetako pasta pixka bat.
  • Gurasoek ulertarazi behar diete haurrei oso garran-tzitsua dela ahoa eta hor-tzak zaintzea, eta egunero-egunero garbitzeko ohitura hartu behar dutela, eta bizi osoan berdin egin.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto